NAIZ

Eskuinak eta PSk Portugalgo Parlamentuko presidentetza txandakatzea adostu dute

ADk eta PSk Portugalgo Parlamentuko txandakako presidentetza izateko akordioa lortu dute. Jose Pedro Aguiar-Branco kontserbadorea izango da presidentea 2026ko irailera arte, eta ondoren izendatuko dute Francisco Assis sozialista.

Portugalgo Parlamentua.
Portugalgo Parlamentua. (EP)

Aliantza Demokratikoa (AD) Portugalen hauteskundeak irabazi dituen eskuineko koalizioak eta Alderdi Sozialistak akordio bat adostu dute asteazken honetan Portugalgo Parlamentuko txandakako presidentetza izateko.

Hala iragarri du Joaquim Miranda Sarmento diputatuak, ADren indar nagusia den Alderdi Sozial Demokrataren (PSD) buruak, kazetarien aurrean, Errepublikaren Asanbladaren bilkura hasi aurretik.

Portugalgo Parlamentuak asteartean eman zion hasiera legegintzaldi berriari, eta ordutik ari da presidente berria aukeratzeko ahaleginetan, baina alderdiek aurkeztutako hautagai bakar batek ere ez du lortu hautatua izateko beharrezkoa den gehiengo osoa –230 eserlekutatik 116–.

Egoera horren aurrean, Luis Montenegro ADko buruak eta Pedro Nuno Santos PSkoak asteazken honetako lehen orduan bildu dira negoziatzeko. Bilera horren ostean, Sarmentok azaldu du PSDk Jose Pedro Aguiar-Branco aurkeztuko duela hurrengo bozketan.

Honek izango da Errepublikako Asanbladako presidentea da 2026ko irailera arte, eta ondoren kargua hartuko du Alderdi Sozialistako diputatua den Francisco Assisek, PSk bezperan aurkeztu zuen hautagaiak.

Bestalde, Eurico Brilhante Dias diputatu sozialistak kazetariei esan die irtenbide hori bere alderdiak proposatu duela, Parlamentuak aurrera egiteko. Hala ere, zehaztu du akordioa ez dela programatikoa.

Eztabaida martxoaren 10eko hauteskundeek utzi duten egoera politiko konplexuagatik sortu da Parlamentuan. ADk 80 diputatu ditu, PSk 78 eta Chega ultraeskuindarrak 50 eserleku. Legegintzaldia oso zaila izango bada ere, oraingoz Montenegrok uko egin dio ultraeskuinarekin negoziatzeari.