NAIZ

Ekainaren 14 eta 15ean Abadiñon izango den Lasterbidean-en bideoklipa aurkeztu dute

Abadiñon egingo da aurtengo Lasterbidean elkartasun lasterketaren edizioa, ekainaren 14 eta 15ean. Ostiral honetan ‘Anboto Magalean dago Abaño’ bideoklipa aurkeztu dute. Herri bazkaria eta kontzertuak izango dira ere presoen eskubideen aldeko lasterketa honen egitarauan.

Aurten, Lasterbidean elkartasun lasterketa Abadiñon egingo da, ekainaren 14 eta 15ean. Lasterketaren 10. urteurrena izanik, abesti berezi bat sortu dute, ‘Anboto Magalean dago Abaño’, bideokliparekin batera.

Abestia sortzeko, Amets Arzallusen laguntza izan dute. Berak idatzi ditu koplak. Antton Uriartek konposatu du abestia, eta Haize Arrosak taldeak musikatu.

Igor Galarzak, Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), Eneritz Gorrotxategik eta Edurtzeta Aniak (Haize Arrosa), eta Gaizka Jareñok (Iheskide) jarri diote ahotsa abestiari.

Gainera, bideoklipean hainbat kirolarik parte hartu dute: Oihana Azkorbebeitia, Erlantz Zaldunbide, Oihane Unzalu eta Zigor Iturrieta mendi korrikalariek, June Arbeo eta Itsaso Gangoitia atletek, Abadiñoko Sokatira taldeak, Ganbarru txirrindulari elkarteak eta Axtxiki pilota taldeko kideek. Lantaldeko Igor Galarza kideak egin du edizioa.

Hormetako marrak zenbatzeari utzi

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «hormetako marrak zenbatzeari uzteko garaia da». «Ez gaitu harrotzen Lasterbideanek 10 urte egin izanak, baina Lasterbidean antolatzen jarraituko dugu, azken euskal errepresaliatu ororen arnasa honaino heldu arte», nabarmendu dute.

Lasterbideanen 10. urteurrena izanik, asteburu osoko egitaraua prestatzen ari dira Abadiñon. Ekainaren 14an, Anje Duhaldek «denon esker ona» jasoko du Amnistia Plazan, euskal preso eta iheslarien alde egin duen lan guztiagatik. Ekitaldi xume honetan Euskal Herriko hainbat artista elkartuko direla aurreratu dute antolatzaileek.

Ekainaren 15ean Lasterketa izango da jaialdiaren abiapuntua. Aurten, berezitasun gisa, Oinezkoen Martxa egiteko aukera ere izango da Abadiñoko kale eta auzoetan zehar.

Urtero bezala, herri bazkaria ere egingo da, Zigor Iturrieta sukaldariaren eskutik. Izen ematea egitearekin batera, bazkariko txartelak hartu daitezke. Txartelok ohiko puntuetan egongo dira salgai.

Umeak ere protagonista izango dira egun berezi honetan. Horretarako, lasterketa laburrago bat prestatu dute (egunean bertan eman ahal izango da izena), eta bazkalostean ekintzak izango dituzte.

Arratsaldea alaitzeko, elektrotxaranga batek kaleak animatuko ditu, eta gau partean kontzertuak egongo dira. Motorrak berotzen joateko, Durangalde osoan hainbat ekintza egingo dira gaurtik eta ekainera bitartean, Lasterbidean ekimenaren harira.