NAIZ

Gasteizko Udalak frankismoaren biktimak omendu ditu «eskuinaren inboluzioaren» aurrean

Gasteizko Udalbatzak frankismoaren biktimak omendu ditu astearte honetan, Maider Etxebarria alkateak nabarmendu duenez, orain «inoiz baino gehiago» memoria beharrezkoa da, «eskuinak eta ultraeskuinak dakarten inboluzioaren aurkako harresia eraikitzea».

Gasteizko Udalak Frankismoaren biktimei astearte honetan egindako omenaldia.
Gasteizko Udalak Frankismoaren biktimei astearte honetan egindako omenaldia. (Gasteizko Udala)

Frankismoaren eta 1936ko gerraren biktimak omendu ditu Gasteizko Udalbatzak astearte honetan goizean. Eskuinaren «inboluzioaren aurrean memoria mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu dute.

Azazetako mendatean frankistek 16 pertsona, tartean Izquierda Republicana alderdiko Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea zena, hil zituzten egunean egin dute. 1936ko gerrako biktimei eta 16 hauei eskainitako Posta eta Agirre Lehendakaria kaleen artean dagoen ‘Isiltasunean Oihuka’ eskulturan egin dute ekitaldia. 2018tik egiten dute omenaldi hau.

Antzeko omenaldia egin zuen EH Bilduk joan den astean Santa Barbara plazan. Bertan, koalizio subiranistak erakundeen «inplikazio aktiboa» eskatu zuen memoria historikoa berreskuratzeko eta frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako borrokan.

Astearte honetako ekitaldiaren amaieran alkateak adierazi du beharrezkoa dela demokraziaren eta elkarbizitzaren alde borroka egin zutenen «oroitzapena mantentzea». Azpimarratu du beharrezkoa dela orain «inoiz baino gehiago» mezu hori errepikatzea; izan ere, beharrezkoa da memoria demokratikoarekin lotuta «eskuinak eta ultraeskuinak dakarten inboluzioaren aurkako harresia eraikitzea».