Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hezkuntza Legearen eztabaidaren errautsek bi eredu jarri dituzte aurrez aurre

Hezkuntzari dagokionez, azken urteak lege berriaren gaineko eztabaidak eta haren bukaera mingotsak ezaugarritu dituzte, eta apirilaren 21etik aurrerako legealdiak prozesu horrek utzitako joko zelaiak baldintzatuko du. Bi eredu nagusi ageri dira lehian, bakoitza bere zertzelada eta bide-orriarekin.

Hezkuntzaren auziak zeresana ematen jarraituko du legealdi berrian.
Hezkuntzaren auziak zeresana ematen jarraituko du legealdi berrian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Abertzaletasunaren mesedetan zegoen eta zapuzteko gai izan ginen. Irmotasuna muturreraino eramateko gai izan zen PSErik gabe beste zerbait izango genukeen: independentismoaren zerbitzura legokeen hezkuntza sistema bat, eta hori onartezina da». Eneko Anduezak martxoaren erdialdean egin zituen adierazpenek ondo laburbiltzen dute Hezkuntza Legearen eztabaidaren azken txanpan zer jazo zen eta ze agertoki kudeatuko duten alderdiek.

Izan ere, ia hiru urteko eztabaida sakon baten ostean, eta hasierako oinarrizko akordioak Legebiltzarraren %91aren babesa jaso ondoren, behin betiko lege proiektua Ganberaren ia erdia eta hezkuntza komunitatea aurka zituela jaio zen. Ez zen ziurrenik Jokin Bildarratz sailburuak aurreikusitako bukaera izan; agian bai Anduezarenek desio zutena; eta inolaz ere ez EH Bilduk espero zuena. Baina legea hor dago, eta apirilaren 21eko hauteskundeek irekiko duten legealdi berrian harekin zer egin erabaki beharko du Gobernuak.

Exekutibo berrian EAJk eta PSEk jarraitzen badute, auziak ez du misterio handirik izango. Onartutako legearen garapen normatiboa (dekretuak, aginduak...) egitera mugatuko da Hezkuntza Saila, eta ez litzateke harrigarria izango saila bera alderdi honen eskuetan geratzea. Esperientzia badu (Buesa, Celaa...) eta agerian utzi du gai estrategikoa dela beretzat. Hala balitz, ezarriko litzatekeen hezkuntza eredua aski ezaguna da, eta, besteren artean, ez litzateke euskararen mesederako izango.

Azken finean, Anduezak «independentismoaren zerbitzura» zegoela esan arren, onartzeko zorian egon zen lege egitasmoak ez zuen independentistaz ezer, eta PSEk inposatutako aldaketa nagusia hizkuntzen gaiari eragiten zion. Zehazki, azken orduan EAJk eta PSEk elkarrekin sinatutako zuzenketa batek indarrean dauden hizkuntza ereduak mantentzearen alde egiten zuen, ordura arte halakorik aipatzen ez zenean eta horrek legearen helburuen beraien kontra egiten zuen arren.

EAJ-rentzat, lege berria «gidari»

Ikusi beharko da hala gertatzen den. Edonola ere, EAJk berriz ere ardura hartuko balu ez du ematen ezuste handirik egongo litzatekeenik. Imanol Pradalesek hainbat alditan nabarmendu du irakasle izan zuen Iñigo Urkullu eredu gisa duela eta litekeena da hark utzitako oinatzen gainean zapaldu eta gai hau dagoen bezala uztea.

Hain zuzen, EAJren hauteskunde programak dio lege berriak «egonkortasuna eta estrategia» emango dizkiola «Euskal Hezkuntza Sistema osoari». «Beharrezko tresna izango da definituriko asmoetan aurrera egiteko, eta hura izango dugu gidari datozen hamarkadetan erantzun beharreko hezkuntza-erronkei aurre egiteko», gaineratzen du.

Ziurtatzen du, baita ere, lege horrek «euskal eskola publikoaren protagonismoa azpimarratzen» duela, «ikasle guztien hezkuntza-sistemarako sarbide unibertsala bermatzen duen oinarrizko erreferentzia gisa». Adierazpen deigarria da hori, hain zuzen, itunpekoaren mesedetan eskola publikoa gutxiestea izan baita hezkuntza komunitatearen sektore zabal batetik legeari leporatu zaiona.

Are gehiago EAJ eta PSEren azken akordioaren ostean kontzertazio unibertsalari ateak parez pare ireki zaizkionean.

Hortik aurrera, jeltzaleek diote «herri honetako kohesio sozialarekin konpromisoa duen hezkuntza-sistema bat» hobesten dutela, «ikasle guztiei aukera berberak eskainiko dizkiena, eskola-bereizkeriaren aurkako tresna ukigarriekin eta eskolatze inklusiboaren eta bizikidetza positiboaren aldeko lanarekin». «Sistema horrek euskara lehenetsiko du ikaskuntza- eta bizikidetza-hizkuntza gisa», aipatzen du baita ere dokumentuak, egungo hizkuntza ereduen mantentzeak helburu horri nola eragingo liokeen zehaztu gabe. Eta gaineratzen du «hezkidetzaren aldeko apustua» egiten duela; «ikastetxeen gobernantzak hezkuntza-proiektuaren lidergo inklusiboa eta demokratikoa bermatuko» duela; eta «hezkuntza-komunita- tearen parte-hartzea ahalbidetuko» duela.

«Abangoardiako Euskal Hezkuntza Proiektua, marka propioa duena», laburbiltzen du EAJk bere hezkuntza-eredua.

Bi orrialde eta erdi hartzen dituen testuan, Pradalesen taldeak 41 proposamen egiten ditu arlo honetan, batzuk oso orokorrak –«Hezkuntza-eredu propio bat eratzen jarraituko dugu, ikasleak gizarte konprometitu eta aurreratu baterantz bideratuko dituzten balioekin», adibidez–, beste batzuk zehatzagoak: «Gutxienez 800 milioi euro inbertituko ditugu Eskola Publikoaren azpiegituretan, hezkuntza-eredu koherente eta adostuen alde egiten duten ikastetxe integralak bultzaturik».

Proposamen horietatik zortzi Lanbide Heziketari zuzenduta daude, eta beste horrenbeste Unibertsitatea eta Zientzia arloari. Horien artean, 2026-2030 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemaren Plan berriak 2.500 milioi euroko inbertsio-ahalegin publiko-pribatu partekatua izatea. Hiru neurrik hezkuntza-azpiegituran egingo diren inbertsioei erreparatzen diete.

EH Bildu: Gabeziak konpondu, heldulekuak baliatu

EH Bilduk, Euskal Herri osoa aintzat hartuta eta «datozen urteetako prospekzioa eginda», hezkuntza-sektorean «eraldaketa disruptibo bat gauzatzea beharrezkoa» izango dela uste du, «agorpen zantzu nabariak dituen hezkuntza sistema kolapsora joan ez dadin». Koalizioak ezagutza-sistema «goitik behera zeharkatuko duten hiru megafaktore» daudela ondorioztatzen du: jaiotza tasaren beherakada, migrazioaren gorakada, segregazioa areagotu dezakeena, eta digitalizazioa, ikas-irakaskuntzan aldaketa handiak ekarriko dituena.

Hau horrela izanda, «fase berri bat irekitzeko unea» dela deritzo, hots, «Euskal Herrian ditugun hezkuntza tradizio bakoitzaren ezaugarri onenak hartu eta zerbait berria sortzen hasteko momentua dela, hezkuntza kalitatean, ekitatean eta euskalduntzean jauzia eman ahal izateko; baita EAEn ere».

Hain zuzen, EAEri begira, eta Hezkuntza Lege berriak bere babesik ez duela gogoratu arren, EH Bilduk dio hiru urtez luzatu den bideak nahikoa irakaspenik utzi diola «aurrerantzean heldu beharreko erronkak behar bezala definitzeko». Eta hauxe nabarmetzen du: «Nahikoa ez den eta indarrean dagoen legeak dituen hutsune eta gabeziak konpondu eta utzi dizkigun heldulekuak baliatzeko unea da».

Ildo horretan, hamar neurri zehazten ditu Legearen hainbat atali dagozkienak. «Euskalduntzean jauzia» emateko, adibidez, «euskararen irakaskuntzari eusteko marko berria garatu» eta «egiturazko neurriak» hartuko dituela dio koalizioak eta, bazterkeriaren auzian, «segregazioaren aurkako herri ituna» sustatuko duela.

Bestetik, sektorearekin elkarlanean, Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa egikarituko duela azaltzen du, «hiru zutoin nagusik» definituko duten egitasmoa, hain zuzen: «kalitatean jauzia emateko baldintzak sortzea, langileen behin-behinekotasunarekin bukatuz eta eskola premia berriei begirako baliabideak gehitzea»; «segregazioaren kontrako planifikazio estrategiko bat, denboran tasatua, aipatutako herri itun zabal baten markoan garatuko dena»; eta ekipamendu eta azpiegiturei dagokienez “Hezkuntza Azpiegitura Plana 2024-2027” gauzatzea, ondorengo lehentasunekin: Itsasondo, Arrasate, Tolosa, Zumaia, Sopela, Barakaldo, Basauri, Leioa, Bilbo, Amurrio eta Gasteiz.

Lege berriaz harago, Herri Hezitzaileak egitasmoa ere bultzatu nahi du koalizioak, eta ikasleei, profesionalei eta familiei beren-beregi zuzendutako 29 neurri zehatz planteatzen ditu, hezkuntza komunitatea «ahaldundu, aktibatu eta hezkuntza proiektuen motorea» izan dadin.

Besteak beste, Hezkuntza Laguntza Premia Espezifikoak eta bereziki Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen familiek ikastetxe eta Berritzeguneekin komunikazioa eta harremana hobetzeko protokoloa egokitzea; aniztasun-adierazpen guztiei erantzuna emango dioten baliabideak hezkuntza ibilbide osoan zehar bermatzea; Irakasleen Estatutua berritzea; irakasle ez diren sektoreei izaera hezitzailea aitortu eta garbitzaileak eta sukaldariak egonkortzea; eta EPE eredu berria sektorearekin osatzea dira EH Bilduk egiten dituen zenbait proposamen.

«Gure hezkuntzak curriculum propioa» behar duela iritzita, bederatzi proposamen zehazten dira horri buruz hauteskunde programan, non Pedagogia Feministak azpititulu propioa daukan, beste horrenbeste neurrirekin. Trantsizio Ekosozialak, Hezkuntza Digitalak, Laikotasunak, Jantokien auziak eta Eskola Kirolak ere badituzte beren proposamenak, Lanbide Heziketak –hamabost neurri zehatz– eta Unibertsitate Sistemak bezala.

Azken atal honi koalizioak hiru orrialde eta 27 proposamen eskaintzen dizkio. Horien artean, Euskal Herriko Unibertsitate Barrutia bultzatzea; Udako Euskal Unibertsitatea aintzatetsi eta sustatzea; EHUn prekarietatea deuseztatu eta ikerketa-karrera duinak garatzeko aukerak bermatzea; eta irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzko 41/2008 dekretuaren aldaketa, «irakasle eta ikertzaileen ordainsari eta baldintzak hobetu eta eguneratzeko».

Orotara, ezagutza sistemari dagokionez hamabi orrialdetan zehaztutako 119 neurri proposatzen ditu EH Bilduk.

Bi eredu nagusi daude, beraz, mahai gainean; gai batzuetan kontrajarriak, beste batzuetan agian osagarriak izan daitezkeenak. Hezkuntzaz eta haren etorkizunaz interesa duenak badauka zer irakurri eta zer hausnartu datozen bi asteetan.