Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Lasoren oldarraldia Bakaikoaren ilusioaren gainetik igaro da, ligaxkara sailkatzeko

Unai Lasok erakustaldia eman du Bakaikoaren aurka, Buruz Buruko final zortzirenetako kanporaketan, edozein ezustekori ateak berehala itxita. Final laurdenetako ligaxkako lehen partida Altuna III.aren aurka jokatuko du, Bilbon, apirilaren 21ean.

Unai Laso nagusi izan da Bakaikoaren aurka, Buruz Buruzkoaren final zortzirenetan.
Unai Laso nagusi izan da Bakaikoaren aurka, Buruz Buruzkoaren final zortzirenetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ezetz, ezetz eta ezetz, zioen buruarekin Joanes Bakaikoak, Unai Lasoren oldarraldiaren aurrean erantzunik aurkitu ezinda zegoenean. Bizkarreta Gerendiaingoak ez du ezustekorako tarterik utzi, inola ere ez, ezta Etxarri Aranatzekoak bi tanto jarraian egin dituenean ere, 6-2koa jartzeko, hasierako txanpan markagailua, nolabait, atontzeko.

Azken txapan egin zituenak ere horretarako balio izan dute, Lasoren oldarraldia behintzat apur bat geratzeko eta era berean, Bakaikoaren morala ere altxatzeko. Izan ere, Bizkarreta-Gerediaingoak 13 tanto jarraian eginda, kolore anitzetakoak –moztuta, gantxoak, bi paretak, atzean, ezker horman eta sakez– partida erabakita utzi du 19-2koarekin.

Hirugarren tantoa egin eta berehala, Lasok 21.ena ere egin du (21-3) eta espero zen partida ixteko arazorik ez izatea, baina Bakaikoaren duintasunak Labriteko pilotalekua hartu du, publikoaren gorazarrerako, zeinak partida estuago bat espero zuen.
Berandu iritsi da Etxarri Aranatzekoaren erreakzioa eta pilotaria bera ere jakitun zen horretaz, Unai Laso –duela bi urteko Buruz buruko txapelduna– ezustean hartzeko lehen minututik partidan sartuta egotea komeni baita; Bakaikoak berak esan bezala «txispa gehiago» behar izan du. Egin zituen 6 tanto jarraian, baina mamu batzuk sorrarazi aurretik, txapara botatako pilota batekin behin betiko bukatu da partida, Lasoren garaipenarekin.

Hala, Bizkarreta-Gerediaingoa A multzoan arituko da, Javi Zabala –atzo Urrutikoetxea kanporatuta– eta Altuna III.enarekin batera. Laugarren pilotaria, Zabaleta eta Jakaren arteko kanporaketatik aterako da, igande honetan. 

Bizi eta bizkor

Bazegoen gogoa Unai Lasoren maila ikusteko, neurtzeko ea nola zegoen Binakakoaren ostean. Aldakako ebakuntza batetik errekuperatu berritan sartu zen Binakakoan, Arangurenekin batera, eta ezin izan zuten ligaxkako multzoa igaro. Baikoko aurrelaria igarri zitzaion oraindik ere txispa guztiz errekuperatu gabe zegoela eta beraz, zaletuarentzat lastima izan zen. Horregatik, hain zuzen, Binakakoan zenbait partida jokatu ostean, espero zen freskoago ikustea Laso Buruz Buruko honetan eta lehendabiziko partida horretan, behintzat, hala izan da. 

Bera ere gustora aritu da, partida osteko adierazpenetan ziurtatu legez. «Bizi aritu naiz, gozatu egin dut eta hori da nire arma garrantzitsuena, eskuinarekin gozatzea, pilota atzean kokatzea eta alde horretatik, gozatu egin dut». Hauspo aldetik ere, erabat bete du onartu du baina errekuperatzerako garaina, ondo aritu zela.

Kontzentrazioari dagokionez, berak garrantzia eman dio burua ere ongi izan duela, kontzentratuta, «nahiz eta bukaera aldera apur bat joan egin zaidan». Dena dela, bukaeran Bakaikoak eginiko tanto horien meritua aurkariarenak izan direla ere nabarmendu nahi izan du. Orain, erronka are handiagoa dauka aurretik, multzo zinez gogorrean lehiatuko baita: «Oso pilotari gogorrak daude multzoan eta nire onena eman beharko dut».

FITXA TEKNIKOA

UNAI LASO 22

JOANES BAKAIKOA 9

Pilotakadak: 228. Iraupena: 49:11 minutu. Markagailua: 1-0, 6-0, 6-1, 6-2, 7-2, 19-2, 19-3, 20-3, 21-3, 21-4, 21-9, 22-9. Sakeak: 2 Lasok eta 3 Bakaikoak. Egindakoak: 19 Lasok eta 5 Bakaikoak. Galdutakoak: 4 Lasok eta 3 Bakaikoak. Gorabeherak: Final zortzirenetako partida, Labriten jokatua. Lehen sakea, urdin.