NAIZ

Jose Antonio Ardanzaren hil-kapera Ajuria Enean, lehendakariari azken agurra emateko

Jose Antonio Ardanza lehendakariaren hil-kapera 10.00etan ireki dute Gasteizen dagoen Ajuria Enea Jauregian. 14.00ak arte egon da zabalik. Elorrion egin diote azken agurra, lehendakaria jaio zen herrian.

Goizean iritsi da Ardanzaren gorpua Ajuria Enea Jauregira.
Goizean iritsi da Ardanzaren gorpua Ajuria Enea Jauregira. (Endika PORTILLO | FOKU)

Jose Antonio Ardanza lehendakariaren hil-kapera asteazken honetan ireki da Gasteizen dagoen Ajuria Enea Jauregian. 10.00etatik aurrera, politika, enpresa, gizarte eta kultur munduko ordezkari ugari eta herritarrak igaro dira bertatik azken agurra emateko eta familiari doluminak adierazteko.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ardanzaren familiak, Gloria Urtiaga emazteak, Nagore eta Aitor seme-alabek, hartu dute gorpua Ajuria Enean; bertan ziren ere galaz jantzitako sei ertzain. Hauek eraman dute hilkutxa Jauregiaren barrura, ikurrina batez estalita.

10.00etatik aurrera hasi dira hil-kaperan sartzen Laukako sailburuak eta sailburu ohiak, Legebiltzarreko Mahaiko kideak eta ordezkari politikoak.

Bereziki hunkituta zegoen Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Jose Antonio Ardanzaren komunikazio arduraduna izan zena 1989 eta 1999 urteen artean. Besarkada bat eman dio Ardanzaren alargunari.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea ere hunkituta agertu da. Itxaso Atutxa BBBko presidentearekin batera iritsi da, eta ondoren, alderdiko zuzendaritzako kide guztiak eta Imanol Pradales lehendakarigaia bertaratu dira.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria ere Ajuria Enean izan dira, baita Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoaren presidentea eta Jose Angel Iribar ere.

Era berean, beste indar politiko batzuetako ordezkariak ere izan dira hil-kaperan, besteak beste, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, Eneko Andueza PSEren lehendakarigaia, Pilar Garrido Podemos Euskadiko idazkari nagusia eta Juanjo Lopez de Uralde Aliantza Berdeko burua, beste batzuen artean.

11.00ak aldera Juan Jose Ibarretxe lehendakaria hurbildu da. Hil-kaperan sartzean txapela kendu du, eta alarguna, gainerako senideak eta Urkullu besarkatu ditu. Lehenxeago iritsi dira Ajuria Enean Batzar Nagusietako lehendakariak: Xabier Ezeizabarrena (Gipuzkoa), Ana Otaduy (Bizkaia) eta Irma Basterra (Araba). Hiru herrialdeetako ahaldun nagusiak –Eider Mendoza, Elixabete Etxanobe eta Ramiro Gonzalez– eta Carlos Garaikoetxea lehendakaria ere Ajuria Enera hurbildu da.

Hil-kapera 14.00ak arte egon da zabalik.

Arratsaldeko azken orduan egin diote azken agurra, Elorrion, Ardanza jaio zen herrian.