Ramon Sola

ETB1eko debatea, bost ika-mikatan laburbilduta

Imanol Pradales eta Pello Otxandiano aurrez aurre egon dira estreinakoz hauteskunde debate batean, ETB1eko estudioetan, beste lau alderditako ordezkariekin batera. Bost une hauetan laburbildu daiteke bi orduko eztabaida. ETB2koa hurrengo asteartean «jokatuko» da.

Gorrotxategi (EP), Andueza (PSE), Pradales (PNV), Otxandiano (EH Bildu), Garrido (PP) eta Larrea (Sumar), Nerea Reparaz moderatzailearekin batera.
Gorrotxategi (EP), Andueza (PSE), Pradales (PNV), Otxandiano (EH Bildu), Garrido (PP) eta Larrea (Sumar), Nerea Reparaz moderatzailearekin batera. (EiTB)

Hauteskunde kanpainaren erdia ia agortu denean, euskarazko telebista kate publikoak hautagaien arteko lehen eztabaida hartu du asteazken gau honetan. Sei solaskide bertan, guztiak lehendakarigaiak, PPkoa eta Sumarrekoa ezik, Javier de Andres eta Alba Garcia ez baitira euskaraz moldatzen.

Beren ordez Laura Garrido eta Andeka Larrea aritu dira estudioan. Eta haiekin batera, EAJko Imanol Pradales, EH Bilduko Pello Otxandiano, PSEko Eneko Andueza eta Elkarrekin Ahal Dugu-ko Miren Gorrotxategi. Bi ordutan zehar kanpainako gai nagusiak mahaigaineratu dira eta bost pasarte hauetan laburbil daiteke eztabaidak emandakoa.

Osakidetza: Pradalesen «azterketa lausoa»

Kanpaina honen gai nagusia den honetan, kudeaketa kaskarraren gainetik fokua desbideratu nahian ibili da Pradales, eta horretarako besteak beste «herri akordioa» eskatu du, bai eta «Osakidetza zaintzea» eta «profesionalak ez desprestigiatzea» ere.

Harriduraz erantzun dio Gorrotxategik: «Hemen ez da herri akordioa behar dena, gai hau serio hartzea baizik». Eledun guztiek zalantzan jarri dute Osakidetza hobetzeko EAJk azaltzen duen konpromisoaren sinesgarritasuna. Eta guztiek, Pradalesek ezik, aitortu dute Osakidetzaren gainbehera.

Otxandianok txalotu duenez, «zerbait aurreratu dugu, duela bi urte hau guztia aldaketa kulturala zela ari zirelako esaten. Baina orain ardurak asumitu behar dira, eta puntu honetara zerk ekarri gaituen zehaztu. Ezin da diagnostikoa lausotu, zorrotza izan behar da», adierazi du.

Etxebizitza, helegite baten orbainak

Proposamen oso ezberdinak ekarri dituzte besapean hautagaiek: «Gehiago eraiki behar da» EAJrentzat, «hutsik diren etxebizitzak merkatura ekarri» Sumarren ustez, «Europako baxuena den emantzipazio tasan» eragin EH Bilduren aburuz...

Atal honen bukaeran Gorrotxategik Estatu mailako Etxebizitza Legearen aurka helegitea aurkeztu izana kritikatu dio EAJri, eta bereziki horretarako erabilitako argudio edo aitzakia deitoratu du: «Autogobernua ezer ez egiteko nahi duzue». PSEren aurka ere jo du jarraian, helegitearen aurka izan arren Gobernu barruan hori ekiditeko nahikoa indar izan ez duelako. Era zakarrean erantzun dio Anduezak: «Gobernuan egonda, zuek oposizioan baino askoz ere eraginkorragoak gara gu».

Estatus berrian, PSOE harresi

Anbizio eskasa azaldu du honetan EAJko hautagaiak hasierako interbentzioan, baina gero aurrepausoa eman du lau helburu hauek marraztuz: «Aldebikotasuna, berme sistema, euskal gizartearen aitortza eta euskal gizarteari hitz ematea».

Otxandianok Pradalesi oroitarazi dionez, estatus berri horri begira «oinarri eta printzipioen inguruan akordio batera heldu ginen», eta gainera, agertoki aproposa sortu da Estatuan, espainiar presidente batek lehenbiziko aldiz izaera plurinazionala aipatzen baitu: «Orduan, Euskal Herria nazioa da, eta nazioa bada, bere eskubideen jabe da», laburbildu.

Urduri agertu da Andueza aipamen honekin eta aurre egin dio Otxandianori: «Estatuarekin parez pare jartzea aipatu duzu. Independentzia da hori? Kataluniako bidea?». «Ez», erantzun dio EH Bilduko ordezkariak. Proposamen konfederala ekarri du eztabaidara, Euskal Herrian adostasuna lortzea proposatu du eta gero «Madrilera elkarrekin joan beharko dugula» gogorarazi. Oraindik gehiago aztoratu da orduan PSEko hautagaia: «PSOErekin adostasuna lortzea pentsatzen baduzue, denbora galtzen ari zarete, ez da gertatuko, ez dugu inolako abenturarik nahi».

Gobernagarritasuna: Otxandianoren eskuari Pradalesek kosk

Anbiguotasun handiz abiatu dute atal hau EAJko zein PSEko hautagaiek, beren arteko aliantza zabala berresteko gogorik gabe eta bestelako ateak irekita uzten zituztela irudikatuz. Baina interpelazioen tartean joan dira argitzen gauzak.

Batetik, Eneko Anduezak tinko erantzun du, PPko Laura Garridok Iruñean EH Bilduri alkatetza eman diotela aurpegiratu dionean: «EH Bildurekin ez dugu inolako gobernu akordiorik egingo», berretsi du.

Bestetik, ateak ixteari ekin dio Pradalesek Otxandianok eskua luzatu dionean, A21etik aterako den «mandatu demokratikoa betetzeko herri itunak» eskainiz. Bi alderdien artean atalez atal dauden ezberdintasunak zerrendatzeari ekin dio hautagai jeltzaleak, batzuk bihurrituz edota puztuz («gezurretan» aritzea leporatu dio EH Bildukoak, aipamen hauetako batzuen harira).

«Guztiekin adosteko gai garen bakarrak gara» esana zuen Pradalesek hasieran baina gero atzera egin du, EH Bildurekiko aldea argi uztea helburu. Honen aurrean, EAJ eta PSEren artean diren desadostasunak ere oso ugariak direla erakutsi du Otxandianok, eta hala ere koalizio gobernua osatu dutela, «interes partidistek zamatutakoa eta herri xede argirik gabekoa».

Industria, gauzatu gabeko funts publiko hura

Ekonomiaren alorrean (eta ez bakarrik honetan) ildo neoliberalista garbia markatu du Imanol Pradalesek («askatasuna» hitza maiz ahozkatu du). Aldiz, «lidergo publikoa behar dugu», argudiatu du Otxandianok. Eta hemen aipamen interesgarria egin du, Iñigo Urkulluren lehenengo legegintzaldian (2013an edo 2014an kokatu du) diru funts publiko garrantzitsu baten aukera mahai gainean egon zela ziurtatuz, azkenean arrazoi ezberdinak tarteko aurrera atera ez zena.

Itxuraz ustekabean harrapatu du Pradales adierazpen honek. EH Bilduko ordezkariaren aburuz, funts hori abiatu izan balitz «Ibermatica, Gamesa, Euskaltel... bestelako egoera batean leudeke». Argudioari buelta eman dio gero EAJko lehendakarigaiak; bere ustez, aipatutako hiru enpresa horiek «lidergo publikoaren emaitza izan ziren».