NAIZ

Donostia Ospitaleko garbitzaileen greba eskubidea urratu zela berretsi du Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako Ospitaleko garbitzaileen greban langileen greba eskubidea urratu egin zuela enpresak oporrak hartzera derrigortu zituenean, ELAk jakinarazi duenez.

Pankartak Donostia Ospitalaren kanpoaldean, garbitzaileen grebaren garaian.
Pankartak Donostia Ospitalaren kanpoaldean, garbitzaileen grebaren garaian. (Jon URBE | FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako lan arloko 4. epaitegiaren ebazpena, zeinaren arabera Donostiako Ospitaleko garbitzaileen greban enpresak langileen greba eskubidea urratu egin zuen, oporrak hartzera derrigortu zituenean. ELAk jakinarazi du, ohar batean.

Sindikatuak gogoratu duenez, Optima enpresako langileak dira garbitzaile horiek, eta oporraldia ekainean eta uztailean zuten aurretiaz finkatuta. Uztailean, ELAren greba deialdiak indarrean jarraitzen zuenean, langileek enpresari adierazi zioten greba eskubidea egikaritzen jarraitu nahi zutela, eta opor horiek greba amaitzean zehaztu beharko zirela. «Enpresak, ordea, aldebakarrez oporrak ezarri zizkien egun horietan, euren greba eskubidea urratuz eta greba bera baldintzatuz».

ELAren arabera, Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du oporren datak iristean enpresak kotizazioak eta greba egiten ari zirenen soldata ordaindu zituenez, eskubide hori egikaritzetik kanpoko ekintza bat sortu zela eta, beraz, «enplegatzailearen aldebakarreko erabakiz, greban egoteari utzi eta oporretan egotera igaro zirela». Auzitegiaren iritziz, horrek oztopatu egin zuen greba egin ahal izatea eta hura bukatzerakoan oporraldia izatea eragotzi zien langileei.

Justizia Auzitegi Nagusiak 10.000 euroko kalte-ordaina ezarri du ELArentzat, sindikatuaren greba eskubidea ere urratu egin zelako.

ELAk «oso positiboki» baloratu du epaia, «greba eskubidea kasu guztietan defendatu behar den eskubidea baita».