Andoni Arabaolaza
Elkarrizketa
Josean Mulas
Eskalatzailea eta entrenatzailea

«Eliteko lehiakideak sortzeko, azpiegitura onak eta laguntza egokiak behar dira»

Josean Mulasek kirol eskaladaren zein eskalada lehien eboluzioa bikain ezagutzen ditu eta argi dauka eliteko euskal ordezkariak sortzeko behe-behetik lan eskerga egin beharra dagoela «Hemen rokodromo asko daudenez, zergatik ez da liga bat antolatzen futbolean bezala?», galdegin du.

Josean Mulas, eskalatzen.
Josean Mulas, eskalatzen. (Josean MULAS)

Josean Mulas eskalatzaile eta entrenatzailearekin tartea hartu dugu NAIZen azterketarako eta hausnarketarako. Kirol eskalada eta haren inguruan antolatzen diren lehiak hizpide izan ditu bergararrak eta ertz batzuetatik begirada zehatzak ere ekarri dizkigu.

Lau hilabete barru, Parisen, Joko Olinpikoak izango dira eta eskaladak berriro tokia izango du. Duela pare bat urte Japonian gertatu zen bezala, Parisko hitzorduan ere ez da euskal lehiakiderik izango. Zer gertatzen ari da? Nazioarteko maila handiegia dela gure ordezkarientzat ala hemengoek ez dituztela Joko Olinpikoak helburutzat hartzen?

Galdera horrek ertz ugari ditu, eta saiatuko naiz argibide batzuk ematen. Lehenik eta behin esan behar dut eliteko lehiakideak sortzeko azpiegitura argiak eta oso zehatzak behar direla. Babes hori maila behetik hasi behar da. Entrenatzeko eskolak daude, baina, era berean, ez dago azpiegitura egokirik.

Gainera, eskalada ez da futbola bezalakoa. Adibide bat jarriko dut: futbolean 500 gaztetik bi elitekoak ateratzen dira. Gure kopuruak askoz ere txikiagoak dira.

Bestalde, eskaladan ez dago erakunderik gazteak hartu, entrenatu eta hazten dituena. Horrela ezin da maila gorenera heldu. Hamaika urterekin lehiatzen hasten dira, eta askok hemezortzi betetzen dituztenean lehiak alde batera uzten dituzte. Besteak beste, nekatu egiten direlako. Futbolean bezala 500 haur izango bagenitu, ziur nago bospasei hor aurrean izango genituzkeela. Baina motibazioa behar dute.

Horrez gain, Euskal Herrian ditugun babesak eta azpiegiturak ez dira Europako beste herrialde batzuenak bezain onak. Austria, Frantzia edo Alemania bezalako herrialdeetan izugarrizko maila dute. Eta gurea oso apala da. Garai batean motibazioarekin eta entrenamendu gogorrekin Munduko Kopan lehiatzeko aukera zegoen. Patxi Usobiagaren kasua hor dago. Ez zen oso adimentsua, baina diziplinarekin egundokoak eta bi egin zituen.

Gaur egun, berriz, bai ala bai gazte horrek adimentsua izan behar du. Horietako bat Lionel Messi izan dugu futbolean. Euskal Herrian, adibidez, Mikel Linacisorok gaitasun handia du. Baina sendagilea izan nahi du, eta elitean egoteko eskatzen den ahaleginak ez dio konpentsatzen.

«Euskal Herrian ditugun laguntzak eta azpiegiturak ez dira Europako beste herrialde batzuenak bezain onak»

Argi dago laguntzarik eta babesik gabe elitera heltzea oso zaila dela. Baina aipatuko dizut Alberto Ginesek hartu zuen erabakia. Joko Olinpikoetara sailkatu nahi zuen, eta ia dena alde batera utzi eta helburu horretan buru-belarri jardun zuen. Sailkatu eta, gainera, urrea lortu zuen.

Bai, kasu berezi bat da. Europan, adibidez, lehiakide onenak profesionalak dira. Zenbat daude Euskal Herrian eta gure ingurumarian? Bat bera ere ez. Talentu eta sasoi handiak dituztenak badaude, bekak jasotzen dituzte, entrenamendu profesionalizatuak… Baina oso-oso gutxi dira.

Edozein kasutan, konpetitzea oso gogorra da. Finalera sailkatzen ez bazara, porrot bat bezala hartzen da. Eta horrek lehiakide askori motibazioa ahultzen dio.

Aurreko Joko Olinpikoekin batera, Euskal Herrian rokodromoak ugaritu dira. Garai batean gutxi zeudenez, azpiegitura horiek eskatzen ziren. Hortaz, egun ez dago aitzakiarik.

Bai, arrazoi osoa duzu. Baina, nork elkartzen du hori guztia zer edo zer ona ateratzeko? Rokodromo asko daudenez, zergatik ez da liga bat antolatzen futbolean bezala? Uste dut hemen mendizaleen federazioek ibilbidea markatu behar dutela.

Baina ez dago baliabiderik, eta zuzendaritzak ez daude norabide horretan. Horregatik uste dut egokia izango litzatekeela kirol eskaladako federazio bat sortzea. Nazioarte mailan ISCF (Nazioarteko Kirol Eskaladako Federazioa) bezala. Eta horrek ez du esanahi mendizaleen federazioen lanarekin bateragarria ez denik.

«Egokia izango litzateke ISCF bezalako kirol eskaladako federazio bat sortzea. Horrek ez du esanahi mendizale federazioen lanarekin bateragarria ez denik»

Eta hori, nola egiten da? Taldeekin-eta lideratuko duen federazio batekin. Rokodromo ezberdinetan lehiaketa asko antolatzen dira eta eskalatzaileen aldetik oso harrera ona dute. Ez dira profesionalizatu behar, baina, talde on bat nahi bada, laguntza ezinbestekoa da.
Liga bat sortuko balitz, ziur nago lehiakide onak izango genituzkeela. Baina ondoren ezin ditugu bazter batean utzi. Inertziak galtzen dira. Esate baterako, Extremaduran lan oso ona egiten ari dira. Eta lehietan ikusten dugunez, emaitzak jasotzen ari dira.

Garai batean, guk ere ibilbide hori hartu genuen, baina, denboraren poderioz, indar hori galdu zen. Gogoratzen duzu Dimako lehiaketa? Nazioarteko kirolari oso onak etortzen ziren eta aukera zegoen haiekin lehiatzeko. Baina hori ere galdu zen. Zergatik inork ez zuen ekimen horrekin jarraitu? Ez dugu lidergorik hori aurrera eramateko.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak eskolarteko lehiak antolatzen ditu. Oso ondo dago, baina ondoren lan horrek ez du jarraipenik. Kontuan hartu behar da ere, mendizaleen federazioek beste kirol batzuk bultzatu behar dituztela.

Entrenamenduekin ere gauza bera gertatzen da. Gero eta hobeagoak dira, baina…

Hori da. Belaunaldien mentalitatea asko aldatzen ari da. Gure garaian ikasten edo lanean geunden, eta gero topera entrenatzen genuen. Egun, berriz, beste modu batera hartzen dute. Agian oso motibatuta dauden hiruzpalau gazte daude, baina orokorrean entrenamenduak gozamenerako hartzen dira.

Onartu behar da entrenamenduak asko hobetu direla, baina horiek batez ere elitearentzat bideratuta daude. Adibidez, badira seme-alaben sasoia hobetzeko entrenamenduak ordaintzen dituzten gurasoak; eta ez dira merkeak. Baina berriro diot: emaitzak ez badaude, motibazioa galtzen da.

Seniorretan, elitekoak ez badira ere, Mikel Linacisorok, Eneko Carreterok eta Esparta anaiek, bederen, maila txukuna ematen dute. Gazteen mailan, berriz, Maddi Agirre eta Eñaut Uson Europako Kopan ikusi ditugu, baina ez dituzte emaitza onak lortu.

Zoritxarrez, hemen ez dugu mailarik Europan eta nazioartean lehiatzeko. Eta pena handia hartzen dut; izan ere, gazteen maila ezberdinetan duela hamar urte baino askoz ere lehiakide gehiago ditugu.

Argi dut Fadurako teknifikazio edo errendimendu zentroak hartu nahi duen bidea oso egokia izango dela. Rokodromo bat eraiki nahi dute, eta helburuen artean dute elitea bultzatzea. Dena den, oraindik hastapenetan daude.

Izaera horretako zentroak sortu behar dira. Etorkizuna duten gazteak jaso, entrenatu, ikasketak eskaini... Hori da bidea; hots, teknifikazio edo errendimendu zentroak sortu. Jakina, eliteko lehiakideak nahi baditugu.

Arestian Usobiagaren kasua aipatu duzu. Ezohikoa, benetan. Bere kabuz entrenatu zuen, oso gogor ere, eta egundoko emaitzak erdietsi zituen. Besteak beste, Munduko Kopa zein Txapelketa irabazi zituen.

Bai, egin zuena txapela kentzeko modukoa da. Alabaina, Patxik berak dio egun ez zela inor izango. Eta hori dio eboluzio ikaragarria egon delako. Egungo gazteek, ordea, dena eskura dute, baina… Jakina, Euskal Herrian Patxi bezalako beste kasu bat izatea zaila da.

Txinatarrak, esate baterako, lan ikaragarri ona egiten ari dira. Aspalditik, gainera. Dirua sartu dute, lana egiteko gogoa ere... Eta emaitzak jasotzen ari dira.  

«Uste dut egungo gazteak askoz ere lasaiagoak direla. Zailtasun batean gozatzen ari badira, ez dute gehiago estutzen exijentzia maila handia delako»

Hau guztia esan eta gero, uste al duzu hemengo lehiakideen maila eta kirol eskaladan dagoena alderatu daitezkeela? Besteak beste, hor ditugu Ainhize Belar, Martin Urrutia, Eder Lomba... Baina nazioarteko mailarekin konparatuta oso urrun daude.

Uste dut egungo gazteak askoz ere lasaiagoak direla. Zailtasun batean gozatzen ari badira, ez dute gehiago estutzen, exijentzia maila handia delako.

Horrez gain, aitzakia asko jartzen dituzte: bero egiten duela, itsaspen txarra dagoela…

Gure garaian askoz ere fanatikoagoak ginen, eta ez genuen hainbeste aitzakiarik jartzen. Dozenaka egoerengatik, errealitate erosoago batean kokatu dira. Ez ditut kritikatzen, baina argi dut egungo mentalitatea ezberdina dela. Gauza onak ere badituzte [kar-kar].

Garrantzitsuena da profesionala izateak asko laguntzen du. Azken urteotan, munduko bazter askotatik elitekoak joaten dira Kataluniara. Denbora kontua eta dirubide kontua da. Eta hori gure eskalatzaileek ez dute.