Maite Ubiria

Erlaitzeko errepidea itxiko dute hainbat astez, ibilbide alternatiboak probatzeko

Hendaia eta Ziburu artean itsaslabarren ondotik igarotzen den RD912 errepidea maiatzaren 21etik eta ekainaren 7ra arte hetsia izanen da. Hala erabaki dute kostako higaduraren ondorioak bete-betean jotzen duen erlaitzeko eremua kudeatzeko ardura duten erakundeek.

Behin baino gehiagotan itxi behar izan dute erlaitzako errepidea azken urte hauetan.
Behin baino gehiagotan itxi behar izan dute erlaitzako errepidea azken urte hauetan. (Guillaume FAUVEAU)

Erakunde ezberdinek badute zer esana erlaitzeko bidearen etorkizunari buruz. Urteak dira adituen txostenek kostako higadurak itsaslabarraren ondotik igaro diren bidexka eta errepideetan duten eraginaz ohartarazten dutela.

Are, berdin euriteek edota lehorteak izan, klimaren gorabeherak gero eta gehiago hunkitzen du bereziki zaurgarria den natur eremuan.

Apirilaren 12an bilera berria egin zuten erlaitzeko errepidearen etorkizunaz arduratzen diren herrietako ordezkariek.

Zehazki Biriatu, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Donibane Lohizuneko udaletako ordezkariak presente izan ziren Estatuaren, Pirinio Atlantikoko Departamenduaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Mugikortasun Sindikatuaren arduradunekin batera.

Bilera horretan itxiera esperimentala plantan emateko erabakia hartu zuten.

Zehazki, maiatzaren 21etik eta ekainaren 7ra arte garaiaren arabera batez beste 9.000 eta 16.000 auto egunero hartzen duen erlaitzeko errepidea ixtea deliberatu zuten.

Denbora tarte horretan aipaturiko ibilbidearen ordez ibilbide eta garraio alternatibak probatzeko asmoa dute aipaturiko erakundeek, hala nola A63 autobidearen erabilpena hobetsiz edota auto partekatzeko ohitura sustatuz.

Plataformen bidez antolaturiko azkeneko zerbitzu hori dohain da erabiltzailearentzat.

Era berean garraio publikoa indartzeko asmoa dute, berdin TxikTxak autobus sareak zein TER aldiriko trenaren bidez SNCFk eskaintzen duten zerbitzuak indartuz.

Itsaslabarraren luizi ikusgarria

2021ko udazkenean itsaslabarraren egoera oraindik ere ziurgarriagoa bilakatu zuen luizi handia gertatu zen Zokoako blokeen eremuan.

 

 

2021ean erlaitzeko bidearen eremuan gertaturiko amilgeratze ikusgarria.
2021ean erlaitzeko bidearen eremuan gertaturiko amilgeratze ikusgarria. (Yanis CARLOS / @meteofrance)

Geroztik hainbat neurri hartu dituzte erlaitzeko eremuaren zaindariek. Besteak beste itsasotik gertuago dauden bideak behin-betirako itxi zituzten.

Era berean, errepidearen hainbat eremutan, itsasotik ahal den eta gehien aldendu nahian errailak behin behineko seinalizazioaren bidez estutzera jo dute.

Bestalde, hamar urtera begirako egitasmoa landu dute errepidearen kudeaketan esku-hartzea duten eragileek.

Plan horrek, besteak beste, Baiona eta Hendaia arteko tren zerbitzua bikoiztea aurreikusten du.

Kostako hiria eta Lapurdiko hiriburua lotzen dituen TxikTxak autobus sareko 3. linea hobetzea izango litzakete bigarren irtenbide bat.

Horrekin batera, erlaitzeko bidea itxita izanen den bitartean, hurrenez hurren Irundik eta Ziburutik heldutako 31. eta 39. autobus lineak egokituko dituzte.

Bigarren mailako errepideak konpondu

Izan ere, erlaitzeko bidearen ordez inguruko herrietako lagunek baliatzen dituzten bide errepideak, hala nola Hendaia eta Urruña lotzen dituen Glaziarreko bidea hobetzeko asmoa jasotzen du planak.

Finean, A63 autobideko sarreran, Biriatun, hobekuntzak aurreikusten dituzte baitaere.

Erlaitzeko bidea kudeatzen duen batzordeak gida moduko bat prestatu du bestelako ibilbide eta garraio-bideei buruz, herritarrek haien eguneroko joan-etorriak berrantolatu ditzaketen.

Edonola ere, erlaitzeko bidean bizi direnek edota inguru horretan lan jarduerak dituzten lagunek –esaterako Juantcho kanpina- baimena izanen dute gainerako erabiltzaileentzat hetsia den errepidea haien joan-jinetan baliatzeko.

Eraginak neurtzeko sistema

Horrekin batera, erlaitzeko bidearen itxierak eskualdeko mugikortasunean izanen dituen ondorioak aztertu ahal izateko neurketa puntuak jarriko dituzte ibilbide ezberdinetan.

Lehenik eta behin aste batzutan baizik ez den luzatuko itxierak gainerako errepideetan izanen duen eragina jasangarria den aztertuko dute.

Probaldia iraunen duen bitartean herritarrek, enpresek, eskolek eta beste hainbat eragilek aukera izanen dute aldaketak sortzen dituen zailtasunen gainean oharrak helarazteko.

Aipaturiko itxialdia amaituko denean, bilana eginen dute.

Batzordeak osatuko duen txosten horren gainean, ondoko urtetako erabakiak hartuko dituzte.

Hainbat aukera agertzen dira. Epe motzera, kostari buruzko legearen etenaldia eskatu dezake batzordeak.

Hala, higadurak ezegonkortasun arazo nabarmenak sortzen dituen eremuetan, mendi aldera mugiarazi ahalko lukete D912 errepidearen lerroa.

Horrekin batera mehatxupean dauden eremuetan bestelako neurriak hartzea aurreikusten du adituen laguntzaz osaturiko egitasmoak.

Beti ere, helburu zehatz batekin, eskualdeko erabiltzaileetan soilik ez, kanpotik heldutako bisitarientzat ere, zeharo erakargarria den bide ikusgarria gutxienez ondoko hamar urtetan erlaitzeko bidea zabalik izanen dela bermatzea.