Andoni Arabaolaza

Oihana Kortazarrek erabateko protagonismoa izan du Traileko Espainiako Txapelketan

Euskal korrikalariak bertikalean zein indibidualean irabazi du Candeledan (Avila) jokatutako hitzordu nagusietan. Onditz Iturbe, berriz, bigarrena izan da bi modalitate horietan.

Oihana Kortazarrek, bertikalean eta indibidualean, Traileko Espainiako Txapelketak irabazi ditu.
Oihana Kortazarrek, bertikalean eta indibidualean, Traileko Espainiako Txapelketak irabazi ditu. (Miguel Muñoz | RFEA)

Trail running-eko lasterketek asteburu bete-betea izan dute. Euskal Herrian zein bere ingurumarian makina bat lasterketa jokatu dira; ofizialak zein pribatuak. Atletismoko Espainiako Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketei dagokienez, inolako zalantzarik gabe Oihana Kortazar protagonista izan dugu. Jokatutako bi modalitate nagusietan, bertikalean eta indibidualean, elgetarrak erakutsi du oraindik sasoi betean dagoela. Eta hori diogu, laster 40 urte beteko dituelako.

Trail El Guerrerok (Candeleda, Avila) jaso zituen hitzordu ofizial horiek. Bertikala izan zen lehen proba. 440 lasterkariek beroari aurre egin behar izan zioten. Ibilbidea: 7,5 kilometro eta 1.490 metroko desnibela. Emakumezkoen kategorian, Kortazarrek nagusitasun handia erakutsi zuen. Hasieratik tropelaren buru jarri zen, eta 4,7 kilometroan 40 segundoko aldea ateratzen zion Onditz Iturberi. Haien atzetik beste espezialista indartsu batzuk zeuden: Ainhoa Sanz, Silvia Lara, Veronica Sanchez eta Gisela Carrion.

Korrikalari beteranoak eutsi zion erritmoari eta lehena izan zen helmuga puntuan. Iturbe bigarrena izan zen minutu eta 42 segundora, eta Isabel Calero hirugarren postuan sailkatu zen. Sanz, berriz, laugarrena izan zen. Elkarteen arteko lehian, Kortazarren taldeak, Durangoko Kirol Taldeak, irabazi zuen.

Bestalde, mutilen mailan, euskal korrikalariak ez ziren lehen postuetan sailkatu. 20 urteko Jan Torrela katalanak irabazi zuen.

Bertikalean lortutako garaipenari Kortazarrek beste bat gehitu zion: indibiduala. 16 kilometro eta 840 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean bi euskal lasterkarik ikuskizun ederra eskaini zuten. Kortazar eta Iturbe nor baino nor aritu ziren. Irabazlea oso indartsu hasi zen. Alabaina, lasterketa ia osoan Igorreko korrikalaria oso gertu izan zuen; une jakin batean, gainera, lider jarri zen. Baina azken jaitsieran gipuzkoarrak erritmo bizia jarri zuen eta lehena izan zen helmugan.

Garaipen honen inguruan, elgetarrak adierazi du den-dena eman behar izan zuela: «Erritmo bizian korritzen diren distantzia txiki hauetan ez nago ohituta, eta horregatik oso pozik nago lortutako emaitzarekin. Onditz aurreratu nauenean, ez naiz bigarren postuarekin konformatu. Eta, horregatik, azken jaitsieran (sei kilometrokoa) topera joan naiz».

Iturbek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Ikran Rharsall hirugarrena izan zen, eta Sanz bosgarrena. Bezperan bezala, Torrellak irabazi zuen mutilen kategorian. Taldekakoan, nesketan, Durangoko Kirol Taldea berriro nagusitu zen, eta Goierri Garaiak bigarren postua sinatu zuen.

Hitzordu gehiago

Bien bitartean, Eskaladako eta Mendiko Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) Miranda de Ebroko (Burgos) CxM lasterketa hautatu zuen Espainiako Kopako lehen proba jokatzeko. Seniorretan, 28,5 kilometro eta 1.840 metroko desnibela zituen ibilbidean, euskal korrikalari batek, Leire Fernandezek, irabazi zuen 3:06:52 denborarekin. Bigarren sailkatuari, Leticia Bullidori, hamar minutuko aldea atera zion.

Mutiletan, berriz, lehen euskal ordezkaria Ander Gerrikaetxeberria izan zen; zortzigarren postuan sailkatu zen. Gazteen maila ezberdinetan ere euskal korrikalariek postu onak lortu zituzten. Ibai Cebrian bigarrena izan zen promesa mailan. Postu bera sinatu zuen Jone Oarrek baina jubeniletan. Eta kategoria horretan, mutiletan, Ibai Angulo gailendu zen. Eneko Olabarria hirugarren postuan sailkatu zen.

Bestalde, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek ultra modalitatean antolatutako Euskal Kopak lehen proba izan du. Enkarterri Extrem izan da geltokia. Eta 69 kilometro eta 3.890 metroko desnibela zituen ibilbidean Oihana Azkorbebetiak eta Ioseba Escuderok irabazi zuten. Mayi Mujikak eta Igor Olaldek zilarra lortu zuten, eta Amaia Larreategik eta Iraitz Legorburuk brontzea.

Amaitzeko, Berako mendi maratoi erdiak 18. ekitaldia izan du. Nafarroako Koparako baliagarria zen lasterketa horretan Maddalen Jimenez eta Iñaki Olano azkarrenak izan ziren. Itxaro Zabaletak eta Damien San Martinek bigarren postuan amaitu zuten, eta Maud Combarieuk eta Xabier Maciasek hirugarrenean.