Naia Azkuenaga Duran

Umeak eta espazio publikoa

Jakoba Mulder gerraosteko Amsterdamgo hirigintza plangintzarik eragingarrienetako bat izan zen. Arkitektoak, besteak beste, parkeak eta jolas-parkeak diseinatu zituen, gerrak utzitako panorama desolatua zen garaian. Haurrentzako parkeak garrantzitsutzat jo zituen haien ongizaterako.

Txikienek gozatzeko jolastokia.
Txikienek gozatzeko jolastokia. (Getty Images)

Egungo hirien plangintzaren barnean kanpoko espazio publikoarekin lotutako elementuak erdi-erdian daude. Kalea, agenda politikoetan puri-purian dauden gai askoren erakusleihoa izateaz gain, gizarte eredu berrira ere egokitu beharreko gunea da. Egungo gizartea anitza da, umeak, helduak eta adineko gero eta jende gehiago baitugu gurean; animalia domestikoen presentzia ahaztu gabe. Baina noiz hasi zen hirigintza kanpo espazio hauek eraldaketa esparruaren barnean hartzen?

Umeek badute zer esana egungo espazio publikoaren ideiaren sorreran eta bilakaeran. XIX. mende erdialdean, haurtzaroa gizakiaren bizitzaren etapa modura aitortzearekin batera, psikologia eta soziologiaren esparru askotan gai honen inguruko ikerketa ugari plazaratu ziren. Horietan, umeen heziketan kanpo espazio eta mugimendu librearen eraginak aztertzen ziren eta umeentzat lehenbiziko jolastokien proiektuak agertu ziren. Betiere eskolaren esparruan eta espazio pribatuan gauzatutako ekimenak ziren hauek.

Zabua, denboran zehar iraun duen elementua.

XX. mendean Estatu Batuetan, ‘erreformaren parkeak’ izeneko ekimena martxan jarri zuten. Ikerketa hauen ildoari jarraituz, parkeak komunitateetan integraziorako elementu modura erabiltzearen onura sozialak aztertu zituzten. Momentu horretan herrialdea pairatzen ari zen hazkunde demografikoa migrazioarekin konektatuta zegoen, eta espazio publiko hauek komunitate berrietako biztanleen artean sortzen ziren parekotasun sozial faltaren aurkako tresna modura erabili nahi izan zituzten. Garai hartako ikerketa ezberdinen arabera, parkeek biztanleriaren artean zuten integraziorako gaitasuna baliatua nahi zen. Hiri eredu berrien aurrean, kaleetan indar handia zuen automobilen presentziak bultzatuta, umeentzat espazio seguru eta libreak sortu nahi izan zituzten.

Garai berean, Europako hiri asko, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, berreraikitze prozesuan murgildurik zeuden. Amsterdamgo hiriaren kasuan, espazio publikoa eta hiriaren berreraikitzea bateratzen zuen hirigintza programa garatu zen. Garapen honetan Jakoba Mulder emakume ingeniariak zer esana izan zuen.

Nordhavn parkea, Kopenhagen, JAJA Architects-en eskutik egina. (Naikari Bizkarguenaga Getty Images)

Mulderrek udaleko hirigintza sailean gauzatutako lehen lana Amsterdamese Bos parkea izan zen. Gerrak txikitutako hiri batean, kalitatezko kanpo-espazio erreserba sortzen zuen proiektua zen. Garai horretan Amsterdamen etxebizitza falta zela-eta, auzo berriak eraikitzen ari ziren. Eta proiektu honek hiriaren barrenean erreserba natural bat osatzen zuen basoa diseinatu eta egikaritu zuen.

Amsterdamese Bos eta Beatrixpark Mulderren lanik ezagunenak diren arren, Mulder Amsterdamgo hirigintza saileko zuzendari izendatu zutenean, espazio publikoan oinarritutako ekimenak aurrera eramaten jarraitu zuen. Urteetan umeek hirian bizitzeko era aztertu ondoren, hiriaren barnean gerrak ezerezean utzitako espazioetan umeei bideratutako esku hartzeetan oinarritzen ziren ekimenak gauzatu zituen.

Mulderrek diseinatutako Beatrixpark.

1948-1978 artean Aldo van Eyck udal arkitektoarekin batera 700 parke baino gehiago gauzatu zituen gerrak hustutako orube horietan. Proiektu hauek gune bakoitzaren aldaeretara moldatzen ziren. Testura, forma eta milaka eratara erabil zitezkeen hiri altzariak erabili zituzten.

XX. mendeko hirien plangintzaren begiak kanpoko espazioan kokatu zituzten etxeko txikiek. Garaiak zekarren aldaketa sozial, ekonomiko eta demografikoari aurre egiteko ekimenak zabalguneen eraikitzeaz harago eramanez. Ordura arte hiri hazkundean kontuan hartzen ez zen espazio publikoari tartea emanez.

Gaur egungo hirien diseinuan nahitaezkoa da espazio publikoen lanketa. Azken urteetan, gainera, hauen diseinua gero eta gehiago hiri plangintzaren ardatzean kokatu da. Gure gizarteak eta munduak izan duen aldaketaren ondorioz, proiektu hauei ekiteko momentuan ikuspuntuaren garrantziak aurre hartu du. Espazio publikoa, izan ere, generoa, ekologia, adina... ere bada.