Iraitz Mateo

Iñaki Petxarromanek 2040ko Euskal Herria irudikatu du ‘Lehendakariaren alaba’ eleberrian

Kazetaritzan eskarmentu handiko idazlea da Iñaki Petxarroman. Saiakera liburu zenbait idatzi ditu, baina lehen aldiz idatzi du «erabat fikziozkoa» den eleberri bat, ‘Lehendakariaren alaba’. Etorkizun hurbileko Euskal Herria irudikatu du eleberrian, ur eskasiak jota nahastutako 2040ko giro politikoa.

Iñaki Petxarromanek ‘Lehendakariaren alaba’ eleberria aurkeztu du.
Iñaki Petxarromanek ‘Lehendakariaren alaba’ eleberria aurkeztu du. (Gorka Rubio | FOKU)

Euskal Herriko politika eta mundu mailako larrialdi klimatikoa uztartzen dituen distopia bat hartu du eszenatokitzat Iñaki Petxarromanek ‘Lehendakariaren alaba’ (Elkar) eleberria idazteko. Astearte honetan aurkeztu du Donostian, Xabier Mendiguren editorearekin batera, eta thriller itxurako distopia egiteko beharrezkoak diren hiru dohainak ongi baino hobeto bete dituela aurreratu du editoreak: «Entretenitua izatea, sinesgarria izatea eta gaiek zer pentsatua ematea». Petxarromanek, aldiz, «liburua etorri» zaiola aitortu du, bera liburua idaztera jarri gabe, istorioa burura etorri zitzaiola esan baitu.

Petxarromanek lehenik eta behin argi utzi du fikziozko lan bat dela, «asmoa ez da izan etorkizuneko Euskal Herria iragartzea, fikzioa da». Etorkizun hurbila irudikatu du, 2026 eta 2040 bitartekoa. Etorkizunean gerta litekeen istorio bat egin duela kontatu du, baina bere egungo kezka eta beldurrek eleberrian tokia badutela aitortu du, krisi ekologikoak, lurraren etorkizunak edota euskarak esaterako.

Bi istorio paralelok osatzen dute eleberria, baina thriller politiko batean piezak amaieran elkartzen diren moduan, kasu honetan ere amaieran elkartuko dira piezak. Istorio batek 2040ko komando baten bizipenak jasotzen ditu, bi emakumek eta bi gizonek osatutako ETA Berri izeneko erakundearen sabotajeak eta bestelako ekintzak jasotzen dira. Eta bigarren istorioan, Malen lehendakariaren testigantzak bilduko dira, Baionan erbesteratuta dagoena.

Eszenatokiaren eraikuntza

Kontatu du istorioek beraiek egiten dutela garaiko munduaren deskribapena, baina zenbait zertzelada eman ditu aurkezpenean. «Ez ohiko egoera larri bat» hartu du abiapuntutzat idazleak: ur eskasia. «Ur gabeziaren astindurik gogorrena iberiar penintsularen hegoaldean gertatzen bada ere, horren ondorioak Euskal Herrian zuzen eragingo lukete. Liburuak planteatzen duen hipotesia da: Espainiak bere ur hornidurari aurre egiteko dagoen tokira joaten dela ur bila, besteak beste Euskal Herrira. Horrek talka politiko eta soziala sortuko luke gurean, eta horrekin batera tenperatura altuek migrazio prozesu bat jarriko lukete martxan eta egoera horren guztiaren ondorioz Euskal Herriko autogobernuak traba egingo lioke Espainiari, eta horrek denak koinzidituko luke Euskal Herria Bildu koalizioak Jaurlaritzaren gidaritza hartuko duen momentu politiko historikoarekin», laburtu du 2040erako irudikatu duen Euskal Herria Petxarromanek.

Testuinguru horretan «gertaera kate bat» sortzen dela azaldu du: «Uraren gerrak hainbat ondorio dakartza: Erakunde autonomoen deuseztapena, alderdien legez kanporatze eta errepresio politikoa; euskara eta euskal kultura ere ataka larrian jarriko ditu, eta gazte batzuek ez ohiko egoera gogor horri sabotajeen  eta armen bidez erantzutea erabakiko dute».

Fikzioa eta errealitatea

Petxarromanek aurkezpenean aipatu du guztiz fikziozkoa den mundu batean «errealitatearen zantzuak» erakutsi nahi izan dituela. Eta horregatik, zenbait izen ezagun mantendu ditu; Ayuso, Abascal edo Chivite, esaterako. Beste batzuk ordea, antzekotasunak izan arren ez ditu berdin mantendu. Mendigurenek eman du adibide bat, «Muntxo Otaegi dago esaterako, Arnaldo Otegi izan zitekeena». Eta zergatia azaldu du idazleak: «Izen batzuk egiazkoak dira, niregandik gertuegi ez ditudalako jarri ditut, gertuago daudenak ez ditut horrela erabili. Aldaketa batzuk egin behar izan ditut, izen propio batzuk erabiltzea ez delako detaile hutsala».

Mendigurenek liburuaren azken orrialdeetara arte misterioari eusteko gaitasuna nabarmendu du. 2040a «ia ukitu daitekeen» garaia dela esan du idazleak, baina aldi berean, oso azkar aldatzen ari den munduan edozer dela posible kontatu du. Inoiz idatzi duen libururik ausartena izan dela onartu du, «askatasun literariorik gehienarekin idatzi dudana».