NAIZ
Donostia

Bi gizon atxilotu dituzte bart Donostian, gizon baten heriotzarekin lotuta

00:30ak aldera Ertzaintzako agenteak Donostiako etxebizitza batera joan dira, bertan liskar bat izan dela ohartarazita. Etxe barruan gizon bat aurkitu dute hilik. Bertan zeuden bi gizonak atxilotu dituzte, ustez indarkeriazko heriotzan parte hartzeagatik.

Mikeletes Pasealekuko toki honetan gertatu da ustezko hilketa.
Mikeletes Pasealekuko toki honetan gertatu da ustezko hilketa. (Google Street View)

53 eta 54 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Donostian, «homizidio» delitu bat egotzita, beste gizon baten heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Gizon hori hilda aurkitu dute etxebizitza batean, «kriminaltasun zantzu nabariekin».

Poloniatik jaioa zela zabaldu dute, Euskal Herrian aspaldi bizi zen arren. Atxilotuei dagokienez, beste poloniar bat euskal herritar bat lirateke. Dirudienez, hildakoa eta usteko hitzaileetako bat elkarrekin bizi ziren etxebizitza horretan, alokairuan.

Lakuako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, 00:30ak aldera Ertzaintzako agenteak Gipuzkoako hiriburuko etxebizitza batera joan dira, Antiguako Mikeletes pasealekuan, bertan liskar bat izan dela ohartarazita. Etxe barruan gizon bat aurkitu dute gela bateko lurrean etzanda, hainbat lesio eta bizi zantzurik gabe.

Bertaratu den osasun-zerbitzuko medikuak heriotza baieztatu du eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, Ertzaintzak etxebizitzan zeuden bi gizonak atxilotu ditu, ustez indarkeriazko heriotzan parte hartzeagatik.

Biak, ustezko homizidio delitu bat egotzita, ertzain etxera eraman dituzte. Ikerketa zabalik dago, gertatutakoa argitzeko.