NAIZ

Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek greba gehiago deituko dituzte hitzarmenik lortu ezean

Astelehenean hasi ziren Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileak protestan, baraualdiak egin dituzte eta asteazken honetan greba eguna izan dute. LAB eta ESK sindikatuek balorazio positiboa egin dute, eta elkarrizketarako borondaterik ezean protestekin jarraituko dutela aurreratu dute.

Bilbon egin dute asteazken honetan Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek mobilizazioa.
Bilbon egin dute asteazken honetan Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek mobilizazioa. (Oskar Matxin | FOKU)

LAB eta ESK sindikatuek positiboki baloratu dute Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek astelehenean hasitako baraualdia eta asteazken honetako greba. Gizardatzi eta Geroani «seriotasuna» eskatu diete, eta adierazi dute egiten duten «lan publikoaren aitortzaren alde borrokatzen jarraitzeko prest» daudela. Hitzarmenerako borondaterik ezean, mobilizazio eta greba egun gehiago iragarriko dituztela jakinarazi dute.

Sindikatuek ohar batean jakinarazi dutenez martxoaren 27an proposamen berri bat aurkeztu zieten langileei, «akordio proposamen bat, negoziazioan hitzarmena sinatzeko aukera zabaltzen duena». Proposamen hori Gizardatzeko zuzendaritza batzordera eta negoziazio taldera eta Gizardatz eta Geroan osatzen duten erakunde guztien zuzendaritzetara ere bidali zutela jakinarazi dute.

21 egunez zain egon ondoren, «zoritxarrez» ez Gizardatzek ezta Geroanek ere proposamenaren edukien eta irekitzen diren akordiorako aukeren inguruan ez dutela baloraziorik egin salatu dute. «Seriotasuna eta negoziatzeko borondatea eskatzen ditugu, Gizardatz, Geroan, ez blokeatu esku-hartze sozialeko hitzarmena».

Lan Harremanen Kontseiluan ere proposamena erregistratu dutela azpimarratu dute, baina erantzunik ez dute jaso. «Bitartean administrazio publikoetako kudeatzaileek, EAJk eta PSOEk, zerbitzu horien benetako arduradunek, mitinak ematen eta Athleticeko jokalariei harrera egiten pasa dituzte egun hauek. Beste alde batera begiratzen dute esku-hartze sozialeko 4.000 langile baino gehiagoren egoeraren aurrean», kritikatu dute.