NAIZ

Nafarroan euskararen aldekotasuna handitzeko aliantza berriak proposatu ditu Topaguneak

Azken bi inkesta soziolinguistikoetan «datu kezkagarriak» ageri dira Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan. Horretan oinarriturik, Topaguneak ikerketa bat gidatu du askotariko jendearekin: Erriberakoak, Iruñerrikoak eta Iparraldekoak, euskaltzale, euskaldun zein erdaldun.

‘Gero eta aldeko gehiago’  Euskaltzaleen Topagunearen jardunaldia, Iruñeko Kondestable Jauregian.
‘Gero eta aldeko gehiago’ Euskaltzaleen Topagunearen jardunaldia, Iruñeko Kondestable Jauregian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskaltzaleen Topaguneak euskararen aldeko jarrerak sustatzeko aliantza berriak ehundu behar direla ondorioztatu du. Azken bi urteetan ikerketa bat egin du kolore eta pentsamolde anitzeko giza talde batekin: Erriberakoak, Iruñerrikoak eta Iparraldekoak, euskaltzale, euskaldun zein erdaldun. Berau gizarteratzeko jardunaldia egin dute asteazken honetan, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, jatorri ezberdineko ahotsekin eta ‘Gero eta aldeko gehiago’ goiburuarekin.

Jardunaldian, diskurtso berriak eta argudioak aurkeztu dituzte, bestelako kontakizunak osatzeko asmoz, Oskar Zapata Nafarroako Topaguneko zuzendariak azaldu duenez.

2016an eta 2021ean egindako bi inkesta soziolinguistikoetan datu «kezkagarriak» ageri ziren Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan. Azkenekoan, 2021ean egindakoan, %30 alde agertu zen, %33 ez alde ez kontra, eta %37 kontra deklaratu zen. «Kezka horretan oinarriturik, erabaki kontziente baten ondorioz, 2021ean hasi ginen lanean», adierazi du Zapatak.

Helburua azpimarratu du zuzendariak: «Etorkizun hurbil ertainean nafar gehienek euskararen aldeko neurriak propio sentitu eta babestea. Ez axola direnak edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzea, eta aliatuen sarea handitzea».

Jardunbide egokiak

Lanaren lehendabiziko atalean, jardunbide egokien zerrenda bat proposatu dute, jaso dituzten iritzi ezberdinetan oinarriturik. Horien artean batzuk azpimarratu dituzte: «Heterogeneotasun kulturala, ideologikoa eta geografikoa kontuan hartzea funtsezkoa da, gure ohiko jendeaz harago maizago begiratzea komenigarria da».

Aliatuak zaintzea onuragarria izanen dela gehitu du Iñaki Sagardoi Topaguneko kideak: «Aniztasunaren eta berdintasunaren defentsan aitzindariak izan behar dugu, zubigintzan jardun eta kulturartekotasuna praktikatu».

Beste jardunbide bat nabarmendu du: «Euskara alderdien jokoetatik at kokatu behar dugu. Euskara, nafar identitatearen irudi moderno, inklusibo eta konplexuarekin lotu eta gizarteratu behar dugu».

«Uniformizazioa versus aniztasuna»

Ikerketaren bigarren atalean marko diskurtsibo propio bat osatzeko hainbat ildo osagarri eskaini dituzte, «estatu baten ala bestearen alde egotetik, identitate baten ala bestearen alde egitetik harago». Euskararen inguruko eztabaida parametro berri batzuetan kokatzeko proposamena egin dute: «Uniformazioa versus aniztasuna; autoritarismoa versus bizikidetza».

Zapatak azpimarra egin du: «Garrantzitsua da gizarte nafarrak euskararen aldeko jarrera izatea, abertzaleen gauza bat izatetik harago, posizio politiko gisa: aniztasunaren aldekoa, autoritarismoaren eta inboluzioaren kontrakoa».

Kontakizunak eraikitzea helburu, bi kategoria nagusitan banatu dute materiala: alde batetik, ekologiarekin lotutako baloreak, hizkuntza aniztasuna barne; eta beste aldetik, gatazken kudeaketan bizikidetzari dagozkionak. Betiere, Nafarroa jokaleku gisa ulerturik.

Hizkuntza ekologiari dagokionez, Nafarroaren ezaugarri gorena aniztasuna bada, «euskara Nafarroako aniztasun eta aberastasun kulturalaren isla da», azaldu du Sagardoik. Hezkuntzari ere aipamena egiten zaio atal honetan: «Euskaraz eta gaztelaniaz bizi ahal izateko jakintza nahikoa bermatzen duen kalitatezko eredu inklusiboa da egokiena eta justuena; halakorik ez den bitartean, euskarazko eredu guztiak (A, B eta D) kalitate handiko ereduak izatea desiragarria da».

Bizikidetzan, euskara biziberritzeko prozesuaren gainean gatazka dagoela aipatu du Zapatak: «Ikuspegi ezberdinak daude, beraz, gatazka egotea naturala da». Gatazka horiek «era demokratikoan» kudeatu behar dira. Halaber, Nafarroan «euskarak eta gaztelaniak estatus bera eduki behar lukete», biziraupena bermatua izan ditzaten. «Onuragarria da Nafarroan euskara osasuntsu egotea, gizarte hobea izaten laguntzen baitu: aberatsagoa, pluralagoa», eta, horrenbestez, «nafar orok etorkizunean euskaraz jakiteak herritarren arteko eskubide berdintasunean lagunduko luke», aldarrikatu du Sagardoik.

Jardunaldian beste ahots batzuek ere euskararen aldekotasunaren bueltan hausnartu dute. Eduardo Apodakak ‘Harreman, praktikak eta afektuen zirimolak’ izenburupean hausnarketa egin du, jarreren eta erabileraren arteko harremana abiapuntu izanik.

 

 

Kataluniatik, Marina Masseger soziolinguistak argudioak eskaini ditu biziberritze prozesuekiko interesik ez dutenekin lantzeko. Horretaz gain, bi mahai-inguruk itxi dute goizeko egitaraua, ildo diskurtsibo berriak hizpide. Arratsaldean, ‘Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko’ podcasta zuzenean grabatuko dute.