NAIZ

EH Bilduko alkateak erakusten ari diren lidergoa eraman nahi du Otxandianok Lakuara

EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok hamarnaka alkate subiranisten babesa jaso du Bilbon. Azpimarratu duenez, «alkateak aldaketa politikoaren benetako arkitektoak dira». «Haiek erakusten duten lidergoa da Jaurlaritzara eraman nahi duguna», gaineratu du.

Pello Otxandianok hamarnaka alkateren babesa jaso du Bilbon.
Pello Otxandianok hamarnaka alkateren babesa jaso du Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Alkateak aldaketa politikoaren benetako arkitektoak dira, komunitate indartsuagoak eraikitzen dituzte, ikuspegiak benetako errealitate bilakatzen dituzte, herritarren bizitzetan positiboak diren eraldaketak sustatzen dituzte. Haiek erakusten duten lidergoa da Jaurlaritzara eraman nahi duguna».

Hala adierazi du EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok ostiral honetan, kanpainaren azken egunean, Bilbon egindako ekitaldi batean. Bertan hamarnaka alkate subiranisten babesa jaso du. Izan ere, gogratu du EH Bildu lehen indar munizipalista dela.

Koalizioa udal gobernuetan egiten ari den lana goraipatu du Otxandianok, eta borondate osoa adierazi du alkate horien «lidergoa eta politika egiteko modu berriak» Lakuara eramateko. Horren ildotik, «alkateak aldaketa politikoaren benetako arkitektoak» direla azpimarratu du.

«Hauxe da EH Bildu. EH Bilduk ordezkatzen du gertuko politika. 0 Kilometroko politika da EH Bilduren politika, eraikitzen dituena soluzioak jendearekin batera», esan du, lidergo partekatua nabarmenduz.

«Horregatik gara ezagunak eta horregatik gara geroz eta gehiago. Gure politika jendearekin batera egiten dugulako eta soluzioak jendearekin batera eraikitzen ditugulako», gaineratu du, eta «aldaketa ekidin ezina» dela ohartarazi du.

«Beraz, apirilaren 21ean, hiru herrialde hauetan jauzi bat emango dugu politika berria instituzio nagusitara eramateko. Jendearekin batera eraikitzen den politika, kooperazioa jartzen duena erdigunean eta herri xede bat jartzen duena erdigunean», amaitu du.