NAIZ

PSE eta PSNren 600 kide inguru Madrilera bidean larunbatean, Sanchez babesteko asmoz

PSOEk larunbat honetan ospatuko duen Zuzendaritza Batzordearen bileran ez da Pedro Sanchez egongo, baina bera izango da protagonista bakarra. Karguan jarraitu dezan eskatzeko mobilizazioa deitu dute haren alderdikideek. Euskal Herritik 600 lagun inguru joango direla aurreratu dute.

Sanchez apirilaren 6an Gasteizen egindako ekitaldian.
Sanchez apirilaren 6an Gasteizen egindako ekitaldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

PSOEk larunbat honetan burutuko duen Zuzendaritza Batzordea baliatuz, mobilizazioa egingo dute federazio ezberdinetako kideek, milaka, Pedro Sanchezi babesa adierazteko eta astelehenean hartuko duen erabakia karguan jarraitzearen aldeko izan dadila eskatzeko.

Euskal Herritik 600 kide inguru joango direla aurreratu dute ostiral honetan. Zazpi autobus antolatu ditu PSEk eta beste bat PSNk. Eta alderdiek antolatutako autobusez gain, militante ugari Madrilera auto partikularretan joatea espero da.

Hala, PSEko iturrien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik 500 lagundik joango dira Espainiako presidenteari babesa ematera guztira, eta Nafarroatik ehun bat izan litezke.

Maria Jesus Montero PSOEko lehen presidenteorde eta idazkariorde nagusiak adierazi duenez, mobilizazioaren helburua «adoretzea» da.

Manifestazioa 11.00ean hasiko da, Zuzendaritza Batzordea izaten den aldi berean. Babes mezuez haratago, Batzordean parte hartuko duten alderdiko kideek Sanchezi karguan jarraitzeko eskatuko diote, espainiar Gobernuko eta PSOEko hainbat kidek ostiral honetan adierazi duten bezala.

Felix Bolaños Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa izan da irmoena, eta ziurtatu du ez dutela «beste agertokirik» aurreikusten. Baina astelehena iritsi arte itxoin beharko da. Moncloan gotortuta segitzen du Pedro Sanchezek, bere lan agenda guztia bertan behera utzi ondoren, tartean Kataluniako hauteskunde kanpaina.