Andoni Arabaolaza

Aloñako Igoeran, Oihana Kortazar eta Ibai Larrea nagusi izan dira

Larreak duela hamalau urteko errekorra ondu du bi orduko denborarekin. Golden Trail World Series zirkuituan, berriz, hiru euskal lasterkari Top 10ean sailkatu dira: Naiara Irigoyen, Malen Osa eta Sara Alonso.

Oihana Kortazar Aloñako Igoera lasterketaren helmuga lehen postuan zeharkatzen.
Oihana Kortazar Aloñako Igoera lasterketaren helmuga lehen postuan zeharkatzen. (TONTORRETIK)

Trail running-eko egutegiari dagokionez, joan den asteburuan, Oñatik hitzordu garrantzitsu bat izan du. Aloñako Igoerari arreta berezia jarri zaio. Batetik, Espainian eta Portugalen Salomon etxeak antolatutako Golden National Series zirkuituaren etapa izan delako. Hain zuzen ere, bigarrena. Eta bestetik, ikuskizun zegoelako duela hamalau urteko errekorra hobetuko ote zen.

Eta, oro har, Oñatiko probak ez zuen hutsik egin. 22, 6 kilometro eta ia 1.900 metroko desnibela dituen ibilbidean, lehia ederrak eta estuak bizi izan ziren. Faborito nagusien artean Oihana Kortazar eta Ibai Larrea zeuden, eta biak ala biak helmuga puntuan azkarrenak izan ziren.

Nesken kategoriari dagokionez, Lide Urrestarazu Aloñako gailurrera eramaten duen 8 kilometroko igoeran tropelaren buru jarri zen. Atzetik, tarte txikira, Kortazar zegoen. Gailurreria teknikoan elgetarrak beste martxa bat jarri zuen eta helmugan lehena izan zen 2:23:03 denborarekin. Urrestarazuk bigarren postua lortu zuen eta June Villaroelek hirugarrena.

Beste behin, Kortazarrek erakutsi du, oso sasoiko egoteaz gain, bikain kudeatzen duela estrategia: “Pozik nago indarrean jarri dudan taktikarekin. Lehen kilometroetan erritmo bizia jartzen saiatu naiz, baina ohartu ere Lide ondoan nuela. Igoeran aurreratu nau eta ez dut erritmo horri jarraitzeko aukerarik izan. Ondoren, batez ere jaitsieran, alde hori murriztu eta aurreratu dut. Taktika hori ondo funtzionatu du. Batez ere azken kilometroetan oso indartsu sentitu naiz”.

Bide batez aipatu behar dugu Aloñako Igoerak ikusle andana izan zuela ibilbidean zehar. Askok aipatu dute “Zegama txiki” bat zirudiela.

Bestalde, mutilen mailan, Larrea eta Pablo Villanuevaren artean  lehia estua bizi izan zen. Eta norgehiagoka horretan Antzuolako korrikalariak aukera izan zuen lehen postuan amaitzeko bi orduko kronoarekin. Hortaz, orain arte Ionut Zincak zuen denbora onena hobetu du. Villanueva bigarrena izan zen 19 segundora eta Pablo Bautista hirugarrena.

Txina

Golden Trail World Series zirkuituak, berriz, herrialde horretan bigarren proba izan du. Four Sisters Mountain lasterketaren ibilbidean (22 kilometro eta 1.530 metroko desnibela) Joyce Njeru eta Patrick Kipngeno nagusitu ziren.

Nesketan, Kenyako lasterkariak 2:25:27 denborarekin irabazi zuen. Maude Mathys izan zen bigarrena. Euskal ordezkariei dagokienez, 30 segundoagatik Naiara Irigoyenek ezin izan zuen podiumean sartu. Grayson Murphy estatubatuarrak ohore hori kendu zion. Beste bi euskal lasterkari Top 10ean sailkatu ziren: Malen Osa bosgarrenean eta Sara Alonso zortzigarrenean.

Mutilen mailan, berriz, Kipngeno kenyarrak aise irabazi zuen. Bigarrenari, Elhousine Elazzaoui marokoarrari sei minutuko aldea atera zion. Daniel Pattis italiarra hirugarrena izan zen.

Historia

Kronika honekin amaitzeko, ezin dugu aipatu gabe utzi Courtney Dauwalterren izena. Japonian jokatutako Mt. Fuji lasterketan berriro historia idatzi du. Ultra trailetan egungo espezialista onenak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen 166 kilometro eta 7.000 metroko desnibela zituen ibilbidean; bigarren sailkatuari, Yukari Seimiyari, lau orduko aldea atera zion. Hori gutxi ez, eta sailkapen absolutuan (neskak eta mutilak) hirugarren postua sinatu zuen.

Iaz, ultra traileko lasterketa entzutetsuenak irabazi zituen. Eta badirudi aurten ere estatubatuarra ez dela maila horretatik jaitsiko. 3.400 lasterkari izan zituen Japoniako lasterketa horretan, Dauwalterrek 19:21:22 denbora egin zuen. Mutiletan, berriz, Guomin Deng txinatarra nagusitu zen 19:10:34. Irakurtzen den bezala, txinatarrak soilik hamaika minutuko aldea atera zion estatubatuarrari. Aipatu behar da ere, estatubatuarra dela lasterketa hori bitan irabazi duen lehen emakumezkoa.