NAIZ

111 Akademiaren Saria irabazi du Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ eleberriak

Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ eleberriak jasoko du 111 Akademiaren Saria, «hari askotako bilbea» harilkatuz «istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa» idatzi izanagatik. Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’-rekin lehia «oso estuan» ibili da.

Eneko Bidegain idazlea eta irakaslea, Donostian, eleberria aurkezten.
Eneko Bidegain idazlea eta irakaslea, Donostian, eleberria aurkezten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eneko Bidegain idazle baionarrak jasoko du 111 Akademiaren Saria, iaz argitaratutako ‘Bichta éder’ (Elkar) eleberriagatik. Ohar bidez azaldu dutenez, egun 218 kide ditu akademiak eta horietatik 123k hartu dute parte 2023ko sariduna izendatzeko prozesuan. Hiru bozketa txandaren ostean hautatu dute irabazlea eta Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’izan du lehiakide azken bueltan. Ziurtatu dutenez, bi lanen arteko lehia oso estua izan da azken unera arte.

Akademiakideen aburuz, «hari askotako bilbea» harilkatu du Eneko Bidegainek eleberri honetan.
«Bihurgune askotako istorioa. Pertsonaia eta gai aunitz dituen kontakizuna. Thriller politikoa, non eta lur eta eraikuntza espekulazioa, turismoa eta nekazalgoa, euskara eta hizkuntza nagusia, Aljeriako gerra eta negozio zikinak, ETA eta estatuko krimenak, Lapurdi eta antzinako Nafarroa, nagusiak eta menekoak gurutzatzen diren, eta bi protagonistek Altzugaraia jauregia turismo egitasmo espekulatzaile bihurtzearen kontra beren borroka bilakatzen duten».

Hala, lapurtarrak «istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa» eraiki duela jarri dute balioan, «eta egileak kontakizunaren amaiera maisuki gibelatzen duena behin eta berriz ere irakurlearen jakin-minaren irrikari bazka emanez».

111 Akademiaren Saria ekaina hasieran jasoko du Bidegainek. Azken edizioetan saridunak Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken Etxea (2022), Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ (2021), Pello Lizarralderen ‘Argiantza’ (2020) eta Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ (2019) izan dira.