NAIZ
Donostia

Aita galdu duen ume baten minetik ama bihurtu den alaba baten bidaia, Oihane Jakaren eskutik

Oihane Jakak bere lehenengo liburua idatzi du, ‘Itsaso amniotikoa’, Idazle Eskolak antolatzen duen Karmele Igartua sormen bekaren laguntzaz. Poema bilduma bat da, gertuko heriotza bat eta haurdunaldi-erditzeek dakartzaten zalantza, arazo eta ezinegonak biltzen dituena.

Donostian aurkeztu du Oihane Jakak bere lehen lana, ‘Itsaso amniotikoa’.
Donostian aurkeztu du Oihane Jakak bere lehen lana, ‘Itsaso amniotikoa’. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oihane Jakak bere lehenengo liburua idatzi du, ‘Itsaso amniotikoa’, Idazle Eskolak antolatzen duen Karmele Igartua sormen bekaren laguntzaz. Poema bilduma bat da lan hau, askotariko minetan arakatzen duena, bi ardatzen baitan: 11 urterekin bizi izan zuen aitaren heriotza eta haurdunaldi-erditzeek dakartzaten zalantza, arazo eta ezinegonak.

«Min berri batek aspaldiko minak ekartzen dizkigu. Amatasunak, pozaz gain, nire min berri batzuk, aspaldikoak, azaleratu zizkidan. Liburua heriotzak zipriztundutako haurtzaroko oroitzapen horietatik amatasunera doa», azaldu du Elkar argitaletxeak Donostian duen egoitzan. Alboan izan ditu Tere Irastortza, poeta eta irakaslea, eta Xabier Mendiguren, editorea.

Ikasketaz biologoa da Jaka eta, unibertsitate garaian nahiko alboratu zuen arren, nerabezarotik du literatura eta, bereziki, poesiarako joera. Ikasketa horiek amaitzean Idazle Eskolan eman zuen izena, non Irastortza izan zuen irakasle. «Oso aberasgarria izan zen», aitortu du Jakak. Eskolan amaitzean haurdun zegoen eta amatasunaren inguruko poemak idazten hasi zen.

«Mordoxka bat nuenean ikusi nuen bazegoela hari bat eta bilduma bat izan zitekeela. Karmele Igartua beka atera zen eta justo urte horretan poesiari bideratuta zegoen. Beka eskuratuta, 50 poema horiek liburu bihurtu ziren», azaldu du.

Bertan, amatasunaren «sena eta bizipena» jasotzen du, baina azaldu du ez zaiola bertan agertzen den guztia gertatu. «Liburuko ama izan zen alabari begira jartzen da eta izango diren amei ere. Bizitzaren zuhaitzaren adarrei begira jartzen naiz, nondik natorren eta noraino iritsiko den adar hori».

Liburua hiru ataletan banatuta dago: 11 urte, 11 hilabete eta 11 egun. «Guztietan dago 11 zenbakia. 11 literala, berezko esananhia, 11 urte nituelako aita hil zenean. Baina beste esanahi hori ere badu, hamaika, asko». Eta, adierazi duenez, liburua zeharkatzen duen gai zentrala galera da. «11 urtekoan, heriotza; 11 hilabete atalean, haurdunaldiei buruzko poemetan, jaioko ez den haur bat aipatzen da, horregatik ez dira 9 hilabete soilik; 11 egun, erditze ondorengo egunak, seguraski gehienak idatzi nituelako bizitzako garai horretan». Honela, heriotzetatik hasi eta bizitzara igarotzen da liburua.

Oso gutxirekin, «gehiena hizkuntzarekin»

Irastorzak instruitu eta lagundu du Jaka lanari forma emateko prozesuan. «Bere lehen poemetan gauza asko ageri zen». Poema hauen muinarekin irabazi zuen beka eta lana ontzeko aukera izan du. «Atzo bertan irakurri nuen azken aldiz. Askotan irakurri daiteke, nahiz eta beti pentsatzen dugun lehenbizikoan dena ulertuko dugula. Forma minimalista dauka, oso gauza gutxirekin egiten du. Gehiena hizkuntzarekin»

Irakasleak aurkezpenera ekarri ditu lanak dituen metafora nagusietako bi, zuhaitzaren uztaila eta matriuska. «Zuhaitza gora ikusten dugun arren, borobilean hazten da. Bestea, matriuska, goitik begiratuta arbola da baina emakume formarekin. Mina, orbain kontzeptua eta bukaera; gure bizipenak ere gauza berdinei bueltak ematea dira. Bitarte horretan kokatzea. Matriuska handi baten barruan gauden matriuska txikia gara, eta bihurtzen gara matriuska handi».

Aita galdu duen ume baten minetik, ama bihurtu den alaba baten bidaia osatzen dute poemek. «Bidaia zoragarria da, oso inportantea. Bizipen horretan badago natura bat eta mekanika bat. Badago erditu gabe ama izaten asmatze bat. Badago talka bat: naturaz izatez ume izan behar nuen ama izateko. Baina ez da hola izan. Eta badago zuhaitzaren ibilbidea, adarraren punta izatetik enborra izatera pasatzea».