Andoni Arabaolaza

James Pearsonek 14 metroko higball izugarri bat eskalatu du hausnarketen artean

Eskalatzaile britainiarrak Italiako Valle dell´Orcon dagoen “29 dots” marra (8a+) sokarik gabe igo du. Bigarren errepikapena izan da. Zailtasun handiena lurretik sei metrora dago.

James Pearsonen izena aipatzen badugu, segituan britainiar trad estiloarekin lotzen dugu. Egungo espezialista garrantzitsuenetako bat da, eta hori guztia egin dituen maila handiko bideekin argi eta garbi utzi du. Zailtasun handiko trad estiloko bideak eskalatzeko (paraboltak debekatuta daude) burua erabat kontrolatu behar da. Eta hori diogu jarduera horiek eskatzen duten konpromisoa oso-oso handia delako. Marra arriskutsuak dira; min ikaragarria hartzeko mamua beti ondoan izaten da.

Horregatik guztiagatik, Pearsonek ez du batere ‘arazorik’ higballetan eskalatzeko. Sokarik gabe igotzen diren tsunamiak edo arroka handiak dira. Hots, bloke oso-oso garaiak. Eta trad estiloko bideetan bezala, Pearsonek erakutsi du highballetan ere trebea dela.

Valle dell´Orcon (Italia) izan berri da. Helburua: ‘29 dots’. Hots, 14 metroko garaiera duen highballa. Bada, britainiar horrek 8a+ zailtasuna duen ibilbide erraldoi horren bigarren errepikapena sinatu du. Gogora dezagun Bernd Zangerl historikoak lehen igoera egin zuela. 2015. urtea zen, eta lehen errepikapena heltzeko bi urte igaro behar izan ziren. Gabriele Moroni italiarra izan zen ohore hori izan zuena. Eta aurreratu dugun bezala, Pearsonek hirugarren igoera egin du.

Aipatu dugu ‘29 dots’-ek 14 metroko altuera duela. Bada, zirrikitu horren giltza sei metrora dago. Beste era batera, esanda garaiera horretan mugimendu zailena (8a) gainditu behar da. Eta, jakina, beste zortzi metro eskalatu behar dira goitik minik hartu gabe ateratzeko. Bideoan ikusten denez, britainiarrak ondo kudeatu zuen igoera guztia.

Pearsonek bere sare sozialetan adierazi du, oro har, highball hori eskalatzeak asko eskatzen duela: «Pausu gogorrena sei metrora dagoenez, egoera oso beldurgarria da. Alabaina, hurrengo metroetan ezin zara lasaitu; izan ere, mugimendu gogorrak gainditu behar dira. Eta, gainera, ez dira batere seguruak. Balizko eroriko bat saihestu behar da. Horregatik guztiagatik, nire ustetan “29 dots” ez da boulder bat, baizik eta bakarka integralean (sokarik gabe) egiten den eskalada bat. Boulder bat egiten ari bazara erori zaitezke, baina highball horretan debekatuta dago».

Hausnarketa

Pearsonek beti zabalduta izan ditu hausnarketarako ateak. Trad estiloko bideen inguruan, askotan eman ditu bere iritziak. Eta highball horretan egin duen prozesuaz ere, hainbat azalpen eman ditu. Oso autokritikoa izan da: «Uste dut prozesua arinegi azkartu nuela. Horrekin esan nahi dut agian ez nengoela prest behin betiko ekinaldirako. Eromen hutsa diren bide horiek hogei urte eskalatzen daramatzat, eta ez dut uste hain txarra naizenik izaera horretarako erronka batean jarduteko. Soka gainetik (top rope) hainbat saialdi egin nituen. Mugimendu zailena ondo menderatua nuen, eta sokarik gabe ekinaldi bat egitea otu zitzaidan. Lehenbizikoan, marraren giltzan, erorikoa izan nuen. Zorionez, ez nuen minik hartu».

Bigarrena, berriz, oso gorabeheratsua izan zen. Mugimendu zailena gainditu ondoren, lurretik zazpi metrora zegoela, egoera okertu zen. Protagonista honek dio, infernu batean bilakatu zela: «Goi aldean nahiko eroso nengoen, baina boulderreko lehen pausua gainditu nuenean, helduleku ñimiñoak eta tenperatura hotza elkar nahastu zirenean, hatzetako azalak asko sufritu zuen. Horren ondorioz, samurragoak diren azken metroak gogortu ziren».

Bai, Pearson erabat sufritzen ari zen azalaren arazo horrekin. Horregatik, atseden hartzeko leku batean geratu ordez, eskaladarekin jarraitu zuen. Highballetik ateratzeko lau metrora zela (hamar metroko garaieran), 7a+ mailako mugimendu batzuk igo eta goitik erorikorik gabe atera zen. Arrakasta gorabeheratsu hori lortu ondoren, eskalatzaile honek azken hausnarketa bat egin nahi izan du: «Igoera hau partekatu nahi izan dut batez ere eskalatzaileei esateko arroka beti errespetatu behar dela eta bidaltzen dituen seinaleei arreta jarri behar zaiela. Ni onik atera naiz jarduera honetatik, baina argi dut prozesua ez zela batere egokia izan».