NAIZ

EHUk 252 milioi euro lortu ditu azken bost urteetan ikerketa eta transferentziaren bidez

Euskal Herriko Unibertsitateak 252 milioi euro baino gehiago lortu ditu 2019tik 2023ra bitartean 257 ikerketa-taldek egindako lanari esker. Talde horietan 3.400 ikertzailek egiten dute lan, 2019. urtean baino %14 gehiagok. Horiexek, Eva Ferreira unibertsitateko errektoreak eman dituen datu batzuk.

EHUren Ikerketa Planaren emaitzak eta etorkizuneko proiektuak aurkeztu dituzte Eva Ferreira errektoreak eta Inmaculada Arostegi eta Guillermo Quindos errektoreordeek.
EHUren Ikerketa Planaren emaitzak eta etorkizuneko proiektuak aurkeztu dituzte Eva Ferreira errektoreak eta Inmaculada Arostegi eta Guillermo Quindos errektoreordeek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

2024-2027 aldian bere ikerketaren eragin soziala indartuko du EHUk, Eva Ferreira unibertsitateko errektoreak iragarri duenez. Ostegun honetan emandako prentsaurrekoan izan dira Inmaculada Arostegui Ikerketaren arloko errektoreordea eta Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea ere.

EHUko ordezkariek 2024-2027 aldiko III. Ikerketa eta Transferentzia Plana aurkeztu dute, baita 2019-2022 aldiko Ikerketa Planaren emaitza nagusiak ere. Datuak eguneratu dituzte 2023ko zenbakiak emanez eta unibertsitate publikoan azken bost urteetan egin den ikerketa jardueraren ikuspegi orokorra eskainiz.

Eva Ferreira errektorearen iritziz, Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa eta transferentzia bere unibertsitate proiektuaren ezaugarri bihurtu ditu. Hala erakusten du azken urteetan lortutako emaitzen bilakaera nabarmenak. «Gure autonomia erkidegoko lehen ikerketa erakundea gara, eta ekoizpen zientifikoan Estatuko zortzi unibertsitate onenen artean gaude».

Horregatik, plan berriaren helburu nagusiak dira nazioarteko proiekzioa indartzea, ikerketaren buru izaten jarraitzea eta emaitzak hobetzea, gizarteak egiten duen inbertsioaren balioa handitzeko eta haren ongizatean laguntzeko xede irmoarekin.

Diru sarrerak, gora

EHUn azken bost urteetan egin den ikerketa jardueraren datu orokorrak eman dituzte, eta lortutako diru sarrerek izan duten goranzko joera nabarmendu dute: 2019an 39,66 milioi euro izan ziren eta 2023an, 69,02 milioi euro. Hala, 252.190.000 euro izan dira guztira bost urtetan.

Unibertsitateak doktorego aurreko eta doktorego ondoko 913 kontratu zituen 2023 amaieran (743, 2019an). Aipatutako bost urteetan 2.214 doktorego tesi irakurri dira, eta horietako 949k (% 43) nazioarteko aipamena dute. Defendatutako doktorego tesietatik, %14 baino gehiago euskaraz egin dira, eta azken horien erdiek nazioarteko aipamena dute.

EAEk jaso dituen 19 ERC laguntzetako 11 EHUn daude. ERC Grants laguntzak hauek ‘Horizon Europe’ programako proiektu entzutetsuenak dira, oso lehiakorrak. Bestalde, 243 pertsona etorri dira Marie Sklodowska-Curie (MSCA) programaren bidez, nazioarteko mugikortasunari garrantzi handia ematen dioten laguntzak.

2019-2022 aldiko Ikerketa Plana indarrean egon den bitartean EHUko 14.792 artikulu egon ziren indexatuta WoSen (Web of Science), eta 15.525 Scopusen. Aipatutako bi datu base horiek mundu osoko ikertaldeen lanari buruzko aipamenak eta erreferentzia bibliografikoak jasotzen dituzte.

Jakintzaren transferentziari dagokionez, aztertu diren bost urteetan, balio erantsi handia duten oinarri teknologikodun 58 enpresa sortu dira, eta 69 patente berri erregistratu dira.

Bestalde, enpresa, erakunde eta elkarteekin elkarlanean gelak sortzeko ekimena indartu da. EHUk 50 gela aktibo ditu.

Helburu berriak

Euskal Herriko Unibertsitateak III. Ikerketa eta Transferentzia Plana onartu du. Plan hori 2024-2027 aldirako da. Helburu nagusiak ondokoak dira: «EHUren nazioarteko proiekzioa eta lidergo soziala indartzea; ikerketa talde finkatuen parte hartzea sustatzea graduondoko prestakuntzan, ezagutzaren transferentzian eta dibulgazioan; eta unibertsitatea, enpresa eta gizartea batzen dituen gelen sarea, unibertsitate katedrak, eta gizarte eta enpresa sarearekin elkarlanean aritzeko bestelako tresnak sustatzea».

Datozen urteetan, nazioarteko proiekzioa nabarmen handituko dela jakinarazi dute, 2023tik aurrera doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko ikertzaile guztiek nazioarteko egonaldia egin beharko baitute. Espero dute neurri horrek bederatzi puntu handituko duela nazioarteko aipamena duten tesien ehunekoa. Unibertsitateak ere Zientzia Irekiaren aldeko apustu irmoa egingo du, 2027rako irekian dauden argitalpenen kopurua %20 handitzeko asmoz.

Helburu horiek lortzeko honako gako nagusiak jasotzen ditu planak: «Ikerketan laguntzeko langileen espezializazioa eta langile kopurua gehitzea; lerro estrategikoen finantzaketa estrukturala eta epe luzekoa sendotzea, bereziki ikerketa zentro propioena; eta aliantzak indartzea BERCekin (Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak) eta ikerketa biosanitariorako institutuekin ikerketan, transferentzian eta prestakuntzan».