NAIZ

Hezkuntza Sailak eskola jazarpeneko 218 kasu baieztatu zituen EAEn, aztertutako kasuen %14

Aurreko ikasturteko datuen arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) gertatzen dira kasu gehien, %61, eta, bereziki, DBHko lehen eta bigarren mailan, %47. Kasuen %27an jazarpena sare sozialen eta, oro har, Interneten bidez gertatu zen.

Ikasle talde bat eskola jolasgunean.
Ikasle talde bat eskola jolasgunean. (Guillaume FAUVEAU)

Joan den ikasturtean, Lakuako Hezkuntza Sailak 1.543 eskola jazarpen kasu aztertu zituen. Horietatik 218 baieztatu ziren, guztizkoaren %14, eta ia erdiak DBHko lehen eta bigarren mailan gertatu ziren.

Ostegun honetan ospatzen den Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Lakuako jarduneko Hezkuntza Sailak txosten bat argitaratu du kasu horien bilakaerari buruz. Egiaztatu da hamar urte pasatxoan EAEko ikastetxeetan irekitako eta Ikuskaritzak aztertutako eskola jazarpeneko egoeretan jarduteko protokoloek gora egin dutela, 2008-2009 ikasturtean aztertutako 75 protokoloetatik 2022-2023 ikasturteko 1.543 protokoloetara igaro baitira.

Duela bi ikasturte, 2021-2022 aldian, 1.098 kasu aztertu eta 157 baieztatu ziren. Sailak nabarmendu duenez, «hezkuntza komunitatea gero eta gehiago inplikatzen da eskola jazarpenaren aurkako borrokan», eta horrek azaltzen du, «zalantza txikienaren aurrean, kasu posible bakoitza aztertzea eta dagozkion protokoloak irekitzea».

Oharrak nabarmentzen duenez, «horretan laguntzen du ikuskatzaileen egoera horien aurrean zeregin aktiboenak eta detekzio tresnen hobekuntzak». Aurreko ikasturteko datuen arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) gertatzen dira kasu gehien,% 61, eta, bereziki, DBHko lehen eta bigarren mailan, %47.

Kasuen %27an jazarpena sare sozialen eta, oro har, Interneten bidez gertatu zen. Hitzezko erasoa baieztatutako kasuen %85,7n egon zen, gizarte bazterketa eta marjinazioa %53,6an, zuzeneko eraso fisikoa %34,8an, zeharkako eraso fisikoa %33,9an eta larderia, xantaia eta mehatxuak %33n.

Hezkuntza Sailak abian jarritako ‘Bizikasi’ eskola jazarpenaren aurkako ekimenak zazpi ikasturte daramatza indarrean, eta inplikatutako hezkuntza eragile guztien prestakuntza areagotu du: irakasleena, familiena, irakasle ez diren langileena eta ikasleena.