NAIZ

Ilea larru-arras moztea, 40 gaztek minbizia duen lagunari eginiko elkartasun keinua

Minbiziaren aurkako tratamenduaren eraginez ilea galdu duen lagunarekin elkartasunez, 40 bat gaztek ilea larru-arras moztu dute Gernikan. Elkartasun keinua izan da gernikarrena, eta institutuko zein futbol taldeko kideek hartu dute parte.

Gernikako kadeteen taldeak ilea moztu du minbizia duen lagunarekin elkartasunez.
Gernikako kadeteen taldeak ilea moztu du minbizia duen lagunarekin elkartasunez. (@GernikaClub)

Gernikako 15 eta 16 urte arteko berrogei bat lagunek ilea larru-arras moztu dute. Elkartasunezko keinua da, aldaketa estetikoa gainditzen duena. Izan ere, duela hilabete inguru beraien lagun bati minbizia diagnostikatu zioten, Hodgkinen linfoma. Gaixotasun horren bidez minbiziadun zelulak sortzen dira sistema linfatikoan.

«Bakarrik ez dagoela» esateko modua izan da ilea moztearena gazteen ustez. DBH4ko institutuko lagunen ideia izan zen hasiera batean. Ondoren, beraien laguna Gernikako futbol taldean jokatzen zuela eta, bertako kideei proposatu zieten, eta hauek ere bat egin zuten ekimenarekin. Izan ere, minbiziaren aurkako tratamenduarekin hasi zenean, ilea erori zitzaion beraien lagunari.

Futbol partida baino lehen jakin zuen kideen elkartasun ekintzaren berri gernikar gazteak, izan ere, zelaira ateratzerakoan talde guztia ilea moztuta eta elkartasun kamixetekin ikusi zuen, pankarta bat ere bazeramaten beraien laguntza eta babesa helaraziz.

Lagun batzuk etxean edota ileapaindegian moztu dute ilea, gehienek berriz, aitortu dute elkarri moztu diotela kalean. Herritarren artean arreta deitu du ekintzak, eta txalotua izan da gazteen enpatia ariketa.

Gazteek ere ez zuten uste horrelako harrabotsik sortuko zuenik beraien ekimenak, beraien lagunari animatzea eta beraiek laguntzeko daudela esateko modu gisa pentsatu baitzuten.