NAIZ

Israel Eurovisionetik kanporatzea eskatu du Yalak RTVEk Iruñean duen egoitzaren aurrean

Iruñeko RTVEren egoitza parean bildu dira herritarrak Israel Eurovisionetik kanporatzeko eskatuz. Kate publikoari formalki eskaera egin dezan galdegin diote, eta bestela, lehiaketatik erretiratzeko eskatu diote. ‘Musikak ezin du genozidio bat estali’ musikarien manifestua hedatzeko ere baliatu dute.

Yalak duela hamar egun Iruñean eginiko mobilizazioa.
Yalak duela hamar egun Iruñean eginiko mobilizazioa. (Iñigo Uriz | Foku)

Yala Nafarroa Palestinarekin herri plataformak elkarretaratzea egin du RTVEk Iruñean duen egoitza aurrean ostegun arratsalde honetan Israelek Eurovisionen parte hartzea salatzeko. Dozenaka lagun bildu da bertan, eskuak gorriz margotuta, Gazan gertatzen ari den odolustea salatzeko.

Gogoratu dute Europako Irrati-Telebista Batasunak (UER) Errusia kanporatu zuela Ukraina indarrez hartutakoan, baina Israelekin ez duela horrelako erabakirik hartu. Eta UER zein RTVE Israelen «aurpegi garbiketan parte hartzen» ari direla salatu dute, kanporatzen ez duten bitartean behintzat.

«Israelgo kate publikoak Eurovision erabiltzen du aurpegi moderno, tolerantea eta irekia erakusteko, genozidioaren eta okupazioaren basakeria ezkutatuz. Tel Aviven abestia dantzatzen duten bitartean, Gazan gosea, suntsipena eta heriotza zabaltzen dituzte», kritikatu du Yala Nafarroak.

Bestalde, Israelgo kate publikoan ere jarri dute arreta, bere ejerzitoaren «ekintzaren propaganda euskarria» dela salatu dute. Herri palestinarra «umiliatzen eta mespretxatzaen duten eduki arrazistek» ez dituztela UEReko estatutuak betetzen gaineratu dute. Honek kulturen arteko elkarrizketa sustatzea, tolerantzia eta elkartasuna, herrien nortasuna, gizarte kohesioa eta gizabanako, talde eta komunitate guztien integraazioa jasotzen baititu bere oinarrietan. Baina hala ere, Israelen parte hartzea baimenduz, hori urratzen ari direla gaineratu dute.

‘Musikak ezin du genozidio bat estali’ izeneko manifestua zabaltzen ari direla jakinarazi du herri plataformak, Nafarroako 400 pertsonak baino gehiagok sinatu dutela nabarmendu dute, horien artean Aurora Beltran, La Chula Potra, Rotten XIII edota Moises No Duerme taldeetako musikariek.

Herrialde ezberdinetako aldarria

Manifestuak xede argia du, Israel Eurovision lehiaketatik kanporatzea. Horretarako, RTVEri eskatzen diote  UERi formalki Israel jaialditik kanporatzea eskatzeko, edo bestela, jaialditik erretiratzeko. «Hori egin ezean, Palestinako biztanleria zibilaren genozidioa zuritzen ariko da», gehitu dute. Europa osoan zehar kultura arloko milaka artista eta profesionalek aldarri bera egin dutela gogorarazi dute.

Pasa den urtarrilean ahots askok Israel aurten Suediako Malmö hirian izango den lehiaketatik kanpo uzteko eskaria egin zuten. Eskaera hori batez ere Eskandinaviako herrialdeetan hasi zen, non Islandia eta Finlandiako artistak Malmön ez lehiatzearen alde agertu ziren, Israelek parte hartzen badu. Era berean, Norvegian manifestazioak egin ziren bertako telebista publikoaren aurrean, Israelen parte-hartzearen aurka.