Feminista zaharrak: borroka ez da eten

Eskarmentua dute borroka feministan eta arlo asistentzialean lorpen handiak izan ziren garaipenak pilatu dituzte. Beste ekarpen asko egiten jarraitzeko prest daude, zaintza eta zahartzaro eredu berriak mahai gainean jarriz. Feminista Zaharren Taldearekin hitz egin du GAUR8k Basaurin.

Emakume Feminista Zaharren Taldeko bost kide, Marienea Basauriko emakumeen etxean. Bertan biltzen dira hamabostean behin.
Emakume Feminista Zaharren Taldeko bost kide, Marienea Basauriko emakumeen etxean. Bertan biltzen dira hamabostean behin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Basaurikoak dira ia guztiak, edo inguruko herrietakoak, baina Basaurirekin lotura handia dutenak. Mugimendu Feministan ibilitakoak, hamaika borroka eta bizipenetako legatua dute amankomunean, baita kapital politiko hori ekarpen berrietan islatzeko gogoa ere, defendatu duten eraldaketan aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoz. Plaza erdira irten eta gizarte mailan pil-pilean dauden debateetan parte hartu nahi dute subjektu politiko gisa, eta deia ez dago solik erakundeetara zuzenduta, mezua beste eragileentzat ere bada. Feminista zaharrak dira eta ibilbidea hasi dute gaiak hausnartuz, mahai gainean jarriz, gogoetak eta aldarrikapenak partekatuz... Badute zer esan eta hori erdigunera eraman nahi dute. «Abangoardia» sentitzen dira emakume zaharren aktibismoaren defentsan.

Aurkezpenean sakonduz, azaldu dute borroka feministatik datozela guztiak eta, kasuren batean, ez feminismotik zuzenean baina bai mugimendu sozialetatik. Parte hartze aktiboa dute, adibidez, pentsiodunen mugimenduaren borroketan. Argi dutena da feminista zaharrak kolektiboki agertu nahi direla, adineko emakume gisa esan behar duten hori defenditzeko.

Bi ardatz finkatu dituzte: zahartzaroa eta zaintzak. Bietan, egungo markoak gainditzen dituzten ereduak eraiki nahi dituzte. Aurkezpen gisa hausnarketa bat egin dute: «Gizarteak adineko emakumeok izan behar dugunaren ideia bat dauka eginda, eta guk haratago joan nahi dugu».

Basauriko Marienea emakumeen etxean egin du haiekin hitzordua GAUR8k. Bertan biltzen dira hamabostean behin. Zortzi lagun inguru biltzen dira, baina arrazoi ezberdinengatik huts egin behar izan dute batzuek. Taldeko bost ordezkari aurkitu ditugu astearte goiz euritsu batean mahai inguruan: Bego Larrea, Kontxi Gomez, Irene Rodero. Delia Martinez eta Petra Casas. Atzoko eta gaurko borrokez hitz egin dute, bizipen hari bati segida emanez.

Borrokak ez du adinik ezagutzen, eta adin bakoitzak beharrizan propioak ditu. Mugimendu Feministaren une ezberdinak ezagutu dituzte. Batzuk, gainera, oso aktiboak izan dira zenbait borrokatan, erreferente izan den Basaurin sortutako dinamika eta zerbitzu ezberdinen defentsan. Borroka horietatik datoz «erabiltzaile eta militante» gisa.

Desertuan ibilitakoak

Borroka zaharretako batzuk herri bultzadaz lorpen bilakatu zirela ekarri dute gogora. Iragana eta oraina alderatzeko ariketarekin hasita, kaleko mobilizazioari erreparatuta, diotenez, «itzela» izan da «azken urte hauetan mobilizazioetan hainbeste jende ikustea». «Ematen du orain ilusio gehiago eta kontzientzia handiago bat dagoela», aipatu du Roderok. Casasen ustez, kontzientzia gehiago dago gizartean orokorrean, baina txikiago ikusten du antolakuntza, militantziaren esparrua. «Desertuan ibili gara eta orain gizartea aktibatuago dago. Gai asko alderdi politikoen agendetan sartzea lortu da», dio Larreak. Ildo beretik eransten du Gomezek berdintasunaren aldeko borroka dela orain transbertsalagoa dena, «baina emakume aktibistek hor jarraitzen dutela, eta antolatuta jarraitzen dutela».

Argazki zaharren album batera begira baleude, agertu dute «garaiak ezberdinak» izan direla, eta aletzen joan dira ezberdintasun batzuk. «Lehen berehalako erantzunak behar zituzten arazo gehiago zeuden, familia-plangintza bezala, gauzak egin behar ziren bai ala bai, eta garai gogorrak ziren, erantzun egin behar baitzen eta ez baitzegoen babes politikorik», aipatu du Delia Martinezek. «Dena egiteko, aldatzeko, eraikitzeko...» zegoen garai hartan «feministak oso txarto ikusita geunden».

Ezkerretik hasita, Petra Casas, Delia Martinez, Irene Rodero, Kontxi Gomez eta Bego Larrea, GAUR8rekin izandako solasaldiaren une batean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Aktibismoan aritzen ziren emakumeek «ausartak» izan behar zuten. «Kartel batekin jarri eta jendeak iraindu egiten zintuen», abortatzeko eskubidea aldarrikatu eta «‘zuk nahi duzuna da larrutan egitea ondoriorik gabe’ esaten zizuten, eta ‘feminista guztiak lodiak eta itsusiak zarete’... Iraina etengabea zen, batez ere aldarrikapenak plazara ateratzeko orduan. Oso gogorra zen». Eta, hala ere, garaipenen atalean «ministro baten dimisioa eragin genuen, [Alberto Ruiz-] Gallardon», abortuaren legedi berrien testuinguruan, diote. «Oso lege aurrerakoiak lortu ditugu, askotan gizarte kontzientziaren aurretik joan direnak, baina batez ere botere judiziala da ezer aldatu ez dena, nahiz eta gobernuak lege aurrerakoiak onartu, epaileek aplikatzeko orduan... Zati handi bat pentsaera aldaketarekin gertatuko da eta hori ez da gauetik goizera egiten».

Atzera begiratze horretan bi gai sortzen dira: ezaguna den bat “Basauriko hamaikak” izeneko auzia -abortatzeagatik eta abortuak egiteagatik epaituak izan ziren emakumeen auzia-, eta hain izaera epikoa ez duen baina garairako oso zerbitzu garrantzitsu bat izan zenaren jaiotza: familia-plangintzan aritzen zen zentroa, sexu eta ugalketa eskubideak ezabatuta zeuden garai batean. Borroka horietan ibilitakoak dira feminista zaharretako batzuk.

Abortua, antisorgailuak...

«Droga-mendekotasunak artatzeko modulua sortu zuten, eta horrek arreta psikiatrikoa, haur psikiatria biltzen ditu barnean... familia-plangintzako moduluarekin batera», gogoratu du Martinezek. «Hor sartu ginen, lehendabizi udalekoa zen lokal batean, Herriko Plazan. Lokala partekatzen genuen. Feminismotik, baina baita droga-mendekotasun arazoak zituzten familien aldetik ere, borroka zen arreta horiek osasun sare publikoaren parte izatea. Garai hartan Errekaldekoa erreferentzia bat zen jada», oroitu dute.

Konkista zahar horietan sartuta, azpimarratu dute Basaurin familia-plangintzako lehen zentroa Basauriko Emakumeen Elkarteak sortu zuela, boluntarioekin. «Lokala margotu genuen, ohatila lortu genuen, profesionalak. Ginekologian eta familia-plangintzan arreta ematera borondatez zetozen profesionalak ziren, Gurutzetako ospitaleko ginekologoak ziren. Adibidez, Basaurikoa den ginekologo batek erabakitzen zuen arratsaldez bi orduz kontsulta eskaintzea, borondatez. Horrela sortu zen zentroa, baina gure helburua beti izan zen zerbitzua sare publikoan integratzea, eta lortu genuen», kontatu du Kontxi Gomezek.

Arreta zerbitzu hori anbulatoriora pasatu zenean, familia elkarteen eta Basauriko Emakumeen inguruan sortutako talde batekin sartu zen, auzokide elkarteekin batera, eta Udal ordezkariekin kide egindako erakunde baten kudeaketapean, Berrocal alkatea zela. Presioa eginez lortu genuen osasun sare publikoan sartzea, nabarmendu dute.

Zentro hark izan zuen dimentsio asistentzialak erakusten duen datua ere eman dute. Doako arreta bakarra zen sasoi haietan, gizarte sektore askorentzat, oso egoera zailetan, jo zitekeen ate bakarra zen. Izan ere, zentroa behin betiko sare publikora igarotzean, 7.000 emakumeren fitxak aurkeztu zituzten.

Dena egiteke zegoen garaiaz

Zentro hartan, gazteei arratsaldean ematen zitzaien arreta, senideekin edota auzokideekin topatu ez zitezen, eta hartu beharreko erabakian intimitatea izan zezaten. Abortuaren inguruko informazioa ere ematen zitzaien, hala eskatzen bazuten. Lehen urteetan kanpora joan behar izaten zuten abortatzera, Estatu frantsesera eta Londresera nagusiki. Joan-etorri haietan laguntzeko sare bat zegoela gogoratu dute.

Talde irekia da Basauriko feminista zaharrena. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Gomezek erantsi duenez, «Basauriko Mugimendu Feministak hasieratik egin zuen gauza bat izan zen aurrera jarraitzea, batzuetan Bizkaiko Emakumeen Asanbladan planteatzen zenaren aurka», baina «erakundeekin elkarlanean, batez ere Udalarekin akordioak erdiesten saiatzen ginen. Basauriko Mugimendu Feministak konexio hori izan du beti, eta ez diogu kalean borrokatzeari utzi, kalea ez dugu abandonatu». Borroka haien ostean, lortu zuten abortuaren eskubidea sare publikoan txertatzea, eta hala ere, «ez zen ia ezer egin, tresna guztiak zituzten arren».

Urteak pasatu dira eta, ezinezko zirudien hori normaltasun bilakatu den moduan, feminista zaharren ustetan, egungo gai asko ezin dira aldaezintzat hartu. Basaurin, zehaztu dutenez, 41.000 biztanlerekin eta zahartutako herritar kopuru oso handi batekin, 40 plaza eskaintzen dituen eguneko zentro bakarra dago. Bi alternatiba daude, egoitzak edo etxeko zaintzak, eta hor etxeko zaintzaileen eta zaintzetan lan egiten duten emakumeen lan baldintza txarrak ezin dira onartu.

Zaintzen inguruko formulazio ideologikotik abiatzen da aldaketa. Horregatik, gogorarazi dute bizitzan zehar mundu guztiak behar duela zaindua izatea, eta behar kolektibo horrek bultzada publikoa behar duela. Kontuan hartu behar da, diotenez, «guztiok zaindu behar dugula eta ez bakarrik emakumeok». Honelako beharrizanak unibertsalak eta doakoak izan beharko liratekeela diote. Aurrean duten sistema, beraz, goitik behera aldatzeko beharra ikusten dute, «batere gustuko» ez duten zaharren egoitzen eredutik hasita.

«Egoitzak negozio bat dira. Duela urte asko egin zuten erakundeek hirugarren sektorearen aldeko apustu sendoa, eta ez dago bestelako ereduen aldeko kontzientziarik», diote. «Ordainketan oinarritzen da dena», eta hala ere, oso plaza gutxi eskaintzen duen eta oso masifikatuta dauden egoitzen aldeko apustuak ez du biderik zabaltzen beste zaintza osatu eta duinago baten diseinuan aurrera egiteko.

Roderok dioenez, ez da bakarrik kostua, «izugarria dena ez da bakarrik 3.000-4.000 euro ordaindu behar izatea, horrez gain, ez dago kalitatezko zaintza emateko langile nahikorik, eta hori tratu txarra ematea da, adineko pertsonak eta langileak pairatzen ari direna». Azaldu du langile modura sistema hurbiletik ezagutzeko aukera izan duela, eta argi dauka ezinezkoa dela arreta on bat eskaintzea behar duen dedikaziorako denborarik ez badago: «Ordu erdian bost lagun dutxatu behar izatea imajinatu zer den, ezin da ezta haiekin hitz egin ere egin.

Formatzen zarenean, gomendatzen dute egoiliarrekiko harreman minimo hori bermatzea, baina ezinezkoa da, ‘egun on’ esateko astia baino ez dago».

Era berean, medikazioaren demaseko erabilera aipatu dute: «Jendea pilulaz bete, gerra eman ez dezaten», eta galdetu dute pertsonen arreta horretan non geratzen diren «sexu harremanak, intimitatea, bestelako harreman sozialak, aktibismo politikoa bera edota bestelako bizitza ohiturak mantentzeko eskubideak».

Taldean argi dute posible dela beste zaintza eredu bat artikulatzea. Esperientzia batzuetara hurbildu dira, informazioa jasotzeko. Solasaldian, “cohousing” sistema aipatu dute, zuzkidura-bizitokiak, laguntza kooperatiboan oinarritzen direnak... Planteatzen dutenez, bizitza betea izaten jarraitzeko sistemak eratu behar dira, eta bultzada publikoa izan behar dute.

Beste ideia bat erantsi dute: «Zaintza sistema askotarikoa izan behar da», eta zaintzeko eta zaindua izateko beharrei erantzuteko sistemen artean «belaunaldien arteko» ereduak egon behar liratekeela diote, «batzuentzat eta besteentzat lagungarriak izan daitezkeen sinergiak elikatuz».

Gogoratu dutenez, Basauriko Udalean “cohousing”-a bultzatzeko ereduaren aldeko akordioa dago. Bide horretan, Bidebi hirigintzan eta bizitza arloan lan egiten duen sozietate publikoak lur sailak bilatu behar zituen. 2022ko apirilean onartu zen mozioa. «Duela bi hilabete horren jarraipena egiten hasi ginen, aho batez onartutako horrekin zer gertatzen zen galdetzeko. Ikusi genuen kaxoi batean egon dela gaia, ez dela inor arduratu horretaz. Galdetu dugu eta erantzuna izan da begiratuko dutela; bai, baina noiz?».

Tutoretzapeko etxebizitza proiektu bat dago herrian. Azaldu dutenez, 16 plaza dira, baina zerbitzu amankomunak dituzten logelen erabilera sistema bat da. «Mozioaz galdetzera joan ginenean argi esan genuen Udalean horrek ez zuela zerikusirik adostutako mozioarekin», argitu dute.

Eredu anitza behar da -diotenez- egoera eta behar ezberdinei erantzuteko. Planteatzen dutenez, zaintzen sistema ezin da mendekotasun egoeretara mugatu, zailtasunak agertzen dira bakarrik bizi ahal izateko, eta bakardadea izan daiteke arazo horietako bat.

Ikusezintasuna hautsi

Zaintzaren inguruko begirada ikusita, argi dago ez dutela adinaren araberako mugarik onartzen, ezta zahartzaroa bizitzeko eredu tradizionala ere. «Ematen du adin jakin batetik aurrera baztertu egiten zaituztela, bidaia batzuk eskaintzen dizkizute... Baina nahiko zaila da adineko jendea sozialki aktibo ikustea, ez bada pentsiodunen mugimenduan. Adin batekin ikusezina zara, eta gero badago maila askotako tratu txar bat, osasungintza zelan dagoen ikusita, nola tratatzen zaituen ikusita, zeren heltzen zara kontsultara eta ematen du esango dizutela ‘adin horrekin zer nahi duzu’. Eta hori ez badizute esaten seme-alaba batekin etortzeko», azaldu du Martinezek.

Adinkeria maila eta arlo askotan pairatzen dutela azpimarratu dute, «zeharkakoa da». Plano horretan azpimarratu dituzte pentsiodunen mugimendutik bultzatutako aldarrikapenak, batez ere aurrez aurreko zerbitzuak mantentzeko eskatuz. «Orain administrazio osoak nahi du guzti-guztia interneten bidez egin dezagun, eta inork ez du pentsatzen horrek adineko pertsonengan zer sorrarazten duen. Behin eta berriz esaten dizute seme-alabari edo ezagun bati laguntza eskatzeko. Zergatik eskatu behar dut laguntza, zergatik erakutsi behar diot beste bati daukadana edo ez daukadana, izapide bat egin ahal izateko? Bulegoak horretarako daude, eta ez ordutegien mugekin», planteatzen du Gomezek.

Ospitaletan hitzorduak emateko jarritako makinak ere jarri dituzte edadeko jendearentzat zailtasunak eragiten dituztenen adibideen artean. «Zailtasunak zailtasun, guk zahartzaro aktiboa aldarrikatzen dugu, sozialki eta politikoki» azpimarratu du Gomezek. Arlo horretan, ibilbidea zehazten joango da taldea: «Bil gaitezke proposamenak egiteko, gure aldetik bakarrik edo beste mugimendu eta erakunde batzuekin». Datuak eskatu dituzte egoeraren argazki zehatzago bat izateko, eta «datuak eskatzen ditugun bakoitzean instituzioen erantzuna inork sinisten ez duen hori da, hau da, datuen konfidentzialtasuna». «Jakin nahi dugu zenbat laguni ematen dion arreta instituzioak», argitu dute. Pandemia dela eta, adibidez, Basaurin bakardadeari buruzko azterketa bat egon dela diote, eta badakite profil nagusia bakarrik bizi den adineko emakumea dela, kutsatzea ekiditeko arriskuaren aurreko etxekoen gomendioek are isolatuago bilakatu dituena.

Edozein modutan, zahartzaroa bizitzeko eredua aldatu dela defendatzen dute: «Gure amentzat eredua zenak jada ez du berdin funtzionatzen», kontaktu soziala elikatzeko jarduerak ondo daude, baina ekarpenak egiten jarraitu nahi dute, emakume zaharrak «alferrik galtzen» dituen sistemaren aurrean jarriz.