NAIZ

1937ko gudariak omendu dituzte Bizkargi Egunean

Maiatzeko lehen igandean ohikoa denez, Bizkargi Eguna ospatu dute gaur. Jai giroa eta memoria historikoa uztartu dituzte beste urte batez, 36ko gerran bertan hildakoak omendu eta musikarentzako ere tartea eginez. Bezperarako ere antolatu zuen egitaraua Ernaik Larrabetzun.

2022an, gaur bezala, eguraldia lagun izan zuten mendizaleek.
2022an, gaur bezala, eguraldia lagun izan zuten mendizaleek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Goizean goizetik hasi dute Bizkargi eguna Zornotza, Larrabetzu, Muxika, Morga eta inguruko beste hainbat herritatik batera igotzeko lotuta. Tontorrean, 11.00ean abiatu dute egitaraua, Soinu Txikie taldeko trikitilarien eskutik. Ekitaldi nagusia 12.30ean izan da, orduan omendu baitituzte, urtero lez, 36ko gerran hildako gudariak. Aurten, Aranzadi Zientzia elkarteko kideak gonbidatu dituzte, Zornotzako hilerrian egiten ari diren lanaren harira.

Izan ere, hainbat miliziano eta gorpuzkin atera dituzte hilerrian aurkitutako 36ko gerra garaiko hobi batetik, 50 bat lehen fasean eta beste 14 bigarrenean. Lanekin jarraitu behar dute oraindik, baina litekeena da Euskal Herriko hobirik handienetarikoa izatea.

Gonbidatu bereziekin omenaldia egin ondoren, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeak erakustaldia eskaini du eta bertso saioa ere izan da, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga Txiplas bertsolarien eskutik. Ostean, Kittu taldeak erromeria eskaini du. Izan ere, memoria historikorako eguna da, bai, baina baita ondo pasatzekoa ere. Etxanoko ordezkariek txuzoa sartu dute lurrean, urtero moduan, ermita Etxanorena dela aldarrikatzeko.

Bezperatik hasita

Bizkargi egunean bertan ez ezik, atzo ere antolatu zituzten ekitaldiak. Larrabetzuko, Gernika-Lumoko, Zornotzako, Mungiako eta beste hainbat herritako Ernaiko kideek Bizkargira igotzeko deia egin zuten. ‘Bizkargi loratuz, herrian errotu’ lelopean egun osoko egitaraua antolatu zuten. Herri bakoitzetik irteera antolatu eta tontorrean elkartu ziren gazteak.

Ondoren, Larrabetzura jaitsi ziren, 12.00etan antolatuta zegoen mahaingurura. Ainhoa Egiluz, Maialen Arteaga eta Imanol Ziluaga aritu ziren solasean eta ostean, 13.30ean, ekitaldia burutu zuten. Nork bere etxetik ekarritakoa elkarrekin bazkaldu ostean trikipoteoan ibili ziren herriko kaleetatik eta 18.00etatik aurrera Larru eta lagunak taldearen kontzertua izan zen. 20.00etan HoriBai Gaztetxean jarraitu zuen egitarauak, DJ Bizkargiren erritmoan.

1937ko maiatza gogoan

Maiatzeko lehen igandean izaten da Bizkargi Eguna, hain zuzen ere, 36ko gerra garaian bertan zendutakoak oroitzeko. Izan ere, hainbat guda hartu zituen mendiak, bereziki 1937ko maiatzean, euskal gudarostean behin eta berriz galdu eta berreskuratu baitzuen Bizkargi hilabete horretan. Ehun hildakotik gora izan zirela kalkulatzen du Bizkargi Gogoratuz elkarteak. Hori dela eta, mendia askatasunaren ikur bilakatu da eta gaurko eguna memoria historikoa ardatz duen eguna.