Andoni Arabaolaza

Trail running-eko asteburu eroak etxean izan du ikuskizun ederra

Gemma Arenas eta Miguel Angel Heras gailendu dira Domus Teknik 40MLK lasterketan. 15MLK distantzian: Ainhoa Intxausti eta Aritz Egea. Espainiako Txapelketan, berriz, promesa mailan, Gontzal Murgoitiok garaipena lortu du.

Gontzal Murgoitiok garaipen handia lortu du Espainiako Txapelketan.
Gontzal Murgoitiok garaipen handia lortu du Espainiako Txapelketan. (EMF)

Joan den asteburuan, mendi lasterketen egutegiak ertz asko izan ditu. Etxean zein nazioartean makina bat proba izan dira, eta kronika honetan hainbat lasterketa ofizial aipatuko ditugu.

Etxetik hasita, Azpeitian, Domus Teknik-ek ehunka korrikalari jaso ditu antolatutako bi distantzietan. Nagusian, hots, 40 MLK lasterketan, adibidez, kanpotik iritsitako eliteko kirolariak nagusitu ziren. Gemma Arenasek eta Miguel Angel Herasek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten. Biak ala biak 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela zituen ibilbidean aise gailendu ziren. Baldintzei dagokienez, udaberriko ohiko giroa izan zuten. Hego haizearekin batera, zaparradaren bat eta haizeteak. Bide batez, aipatu behar dugu proba hori Euskal Herriko Koparako baliagarria izan zela ultra zein sky distantzietan.

Nesken kategorian, Arenasek 7:04:56 denbora egin zuen. Bigarren sailkatuari, Mayi Mujikari, bederatzi minutuko aldea atera zion. Oihana Azkorbebeitia izan zen hirugarrena. Mujika euskal kopak izan duen bigarren probaren garaipenarekin egin zen.

Bestalde, mutilen mailan, Herasek 6:01:46 denborarekin irabazi zuen. Alvaro Ramos, Goar Lopetegi eta Borja Zubizarreta elkarrekin helmugaratu ziren. Pello Berrizbeitia izan zen koparen garailea.

Distantzia laburrean (26 kilometro eta 1.400 metroko desnibela), lehia ederrak bizi izan ziren. Batez ere, gizonezkoen kategorian. Aritz Egea, Xabat Manzisidor eta Oier Elorza nor baino nor aritu ziren. Xoxoteko jaitsieran, aldiz, Egeak erritmo biziagoa jarri zuen eta helmuga puntuan lehena izan zen 2:02:13 denborarekin. Elorza bigarrena izan zen, eta Manzisidor hirugarrena.

Emakumezkoetan, Ainhoa Intxausti izan zen azkarrena 2:34:18 denborarekin. Laida Elizegik bigarren postuan amaitu zuen, eta Garazi Sanpedro hirugarrenean. Intxausti koparen irabazlea izan zen.

Nazioartean

Trencacims lasterketak hartu zuen Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako Espainiako Txapelketa. Sky edo indibidual modalitatean jokatu zen. Seniorretan, nesketan, Greta Garciak irabazi zuen, eta euskal korrikalari bat izan zen bigarrena: Leire Fernandez.

Azpimarratzeko modukoa da Gontzal Murgoitiok promesa kategorian sinatutako garaipena. Aimar Azpiroz bigarrena izan zen. Eta gazte mailetan: Alluitz de Bilbaok zilarra lortu zuen. Domina bera eskuratu zuen Euskal Mendizale Federazioaren selekzioak.
Azkenik, Skyrunner World Series zirkuituak Alpeetan izan zuen hirugarren etapa. Skyrace des Matheysins lasterketan soilik euskal kirolari batek aukera izan zuen lehen postuetan sailkatzeko. Berriro ere, Lide Urrestarazuk argi utzi zuen oso sasoiko dagoela. Eliteko hainbat korrikalarirekin lehiatu zen, eta minutu batengatik podiumak ihes egin zion.

Anastasia Rubtsova errusiarrak irabazi zuen. Alice Bausseron frantziarra bigarrena izan zen, Bailey Kowalczyk estatubatuarra hirugarrena eta Urrestarazu laugarrena.