Manex Altuna

Valverde eta Arrasate ez dira San Mameseko aulkian eseriko denboraldiko azken derbian

Bi taldeak hutsune askorekin iritsiko dira larunbateko partidara hainbat jokalariren zigor eta lesioen ondorioz. Bestalde, Raul Garciari omenaldia egingo zaio, eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak kalejira antolatu du eta zalego saria emango du atsedenadian.

Arrasate eta Valverderen arteko agurra Sadarren lehen itzulian jokatutako partidan.
Arrasate eta Valverderen arteko agurra Sadarren lehen itzulian jokatutako partidan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Datorren larunbat gauean -21.00etatik aurrera- denboraldiko azken derbia hartuko du San Mamesek, eta argazki deigarria utziko du: Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate ez dira aulkian eseriko. Athleticen entrenatzaileak txartel gorria ikusi zuen Getaferen aurkako azken norgehiagokan, eta Osasunako teknikaria ere kaleratua izan zen Betisen kontra. Errugbiko partidetan gertatzen den moduan, harmailatik jarraituko dute partida eta urrunetik emango dituzte aginduak.

Epaileen erabakiek ika-mika sortu zuten bi taldeen partidetan. Athleticen kasuan, Valverdek aldageletarako bidea hartu zuen azken txanpan. Gil Manzanok bederatzi jokalarirekin utzi zuen aurretik talde zuri-gorria Yeray eta Paredes bota ostean, eta zuri-gorrien entrenatzailea haserretu egin zen epaileak adierazitako penaltiarekin.

Partida ostean egindako adierazpenetan, Valverdek argi utzi zuen ez zegoela batere harro izan zuen jokabidearekin. Arrasatek ere antzera hartu zuen kaleratzea. Onartu zuenez, Moncayolak gorria ikusi ostean bero zegoen, eta eztanda egin zuen Betisen bigarren golarekin.

Jasotako zigorren eta lesioen ondorioz, hutsune ugari egongo dira derbian. Athleticek arazo larriak ditu defentsan: Yeray eta Paredesek ezin baitute jokatu, eta Vivian bizkarreko minarekin dago. Gainera, Galarreta, Sancet eta Yuri ere min hartuta daude. Ikusteke dago baten bat larunbatean jokatzeko moduan egongo den.

Hori gutxi ez eta, Gorka Guruzetak ere derbia jokatzeko lanak izango ditu. Aurrelari gipuzkoarrari «apendiziti akutua» atzeman diote astelehen honetan bertan eta urgentziaz ebakuntza egin behar izan diote Zorrotzaurre klinikan. Ebakuntza, espero bezala, arazorik gabe joan da behintzat, baina medikuaren senda-agiria jaso arte behintzat ospitalean jarraituko du eta ostean sendatze prozesua hasiko du.

Osasunan, berriz, Moncayola zigortuta dago, eta Kike Barja, David Garcia eta Budimir lesionatuta daude. Aimar Orozek eta Moi Gomezek ere ezin izan dituzte azken partidak jokatu, eta astean zehar argituko da San Mamesen egon ahalko diren.

Behintzat, Athletic eta Osasuna helburua beteta iritsiko dira: talde zuri-gorriak Europan jokatzeko txartela poltsikoan dauka Kopa irabazi ostean, eta gorritxoek ziurtatuta daukate dagoeneko Lehen Mailan jarraitzea. 

Dena den, bi taldeek ahalik eta irudi onena erakutsi nahiko dute sasoi amaieran. Izan ere, Athleticek oraindik bizirik jarraitzen du Txapeldunen Ligarako lehian, laugarren postua sei puntura baitauka. Atletico Madril gainditzea zaila egon arren, dauden aukerak agortzen saiatuko dira. Bestetik, Osasunak azken lau norgehiagokak galdu ditu, eta nafarren erronka emaitza txarrak alboratzea izango da.

Kalejira, zalego saria eta Raul Garcia

Jokoan egongo diren puntuez gain, partida garrantzitsua izango da Raul Garciarentzat. Nafarrak erretiroa hartuko du denboraldi amaieran, eta futbolari gisa hezi zen taldearen aurka omenaldia egingo diote San Mamesen. Klub zuri-gorriak azaldu duenez, ostegunean agerraldia egingo du komunikabideen aurrean.

Era berean, Iñigo Cabacas Herri Harmailak kalejira antolatu du partida atarian. Arratsaldeko 18.30etan da hitzordua Kirrulin. Bestalde, atsedenaldian urtero ematen duten zalego saria banatuko dute.