NAIZ

Euskal mitologia queer ikuspegitik lantzeko proiektu batentzat, Eusko Ikaskuntzako Gazte Saria

Maite Aizpurua eta Garazi Navasen ‘Adarbakarra eta soinujolea’, ikuspegi queer-feminista eta garaikidea duen euskal mitologiari eta kulturari buruzko poetika-musikarako proposamenak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2024.

Aizpurua eta Navas, 2024ko saridunak.
Aizpurua eta Navas, 2024ko saridunak. (EUSKO IKASKUNTZA)

Umorea eta poesia baliatu dituzte Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek ‘Adarbakarra eta soinujolea’ diziplina arteko proiektua osatzeko, 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jasoko duena. Ohar bidez azaldu dutenez, egileek euskal kulturaren «irudimenean, mitologian eta erreferentzietan» ikertzea proposatzen dute, «ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta, performance baten bidez».

Proiektuak, aurreratu dutenez, musika, literatura eta antzerkia uztartuko ditu, eta euskal kulturaren elementu tradizionalak «eguneratzea» izango dute xede: «Umorea eta poesia baliatuz, eta diziplina arteko tresnak erabiliz, ‘Adarbakarra eta soinujolea’ lanak gaur egungo euskal topikoei buruz esperimentatzen du, gogoeta eta begirada berriak ikusaraziz».

Maite Aizpuruak (1990) Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketak egin ditu Dantzertin, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da EHUn; arte eszenikoetan eta gizarte-mugimenduetan esperientzia handia du.

Bere aldetik, Garazi Navasek (1995) akordeoi espezialitatea ikasi du Musikenen —Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia—, eta Musika Interpretazioaren Irakaskuntzan masterra du. Hainbat estilotako kontzertuetan parte hartu du.

Proiektu honetara bi egileek elkarri dioten «mirespenak eta klasizismoaren, herri-tradizioaren eta
euskal arteen garaikidetasunaren arteko bide berriak elkarrekin aztertzeko interesak bultzatuta» batu direla ere zehaztu dute.

Saria irabazita, Aizpurua eta Navasek 6.000 euro jasoko dituzte, 2025eko udaberrian proiektua aurkezteko.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2019an sortu zen eta 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloan sormen- edo ikerketa-lanak egitea babesten du.