Andoni Arabaolaza

Isil-isilean, blokeko muturreko zailtasunean txinpartak sortu dituzte

Aidan Roberts britainiarrak balizko bi 9a maila duten proiektuak biribildu ditu Lake District-en eta Chironicon. Bien bitartean, Aubin Salmon frantziarrak zortzi metroko ‘Nirvana’ (8b) hihgballa sinatu berri du Fontainebleaun.

Boulderreko munduko espezialista sasoikoenak gero eta mediatikoagoak dira. Hedabideen lehen lerroetan azaltzeaz gain, sare sozialetan bikain konpontzen dira. Nahiz eta muturreko zailtasunean erabat murgilduta dauden, badira batzuk zurrunbilo horretatik pixka bat aldentzen direnak. Ondorengo bi protagonistak horren adibide dira.

Aidan Roberts-ek, adibidez, sona handia du, baina oso zuhurra da egiten dituen jarduera azpimarragarriekin. Azkenaldiotan, eskalatzaile britainiarrak 9a mailako balizko bi bloke iragarri ditu. Eskuarki, egiten dituen eskalada horiei buruz ez du berehalako informaziorik ematen. Orain, berriz, jarrera hori neurri batean aldatu du.

‘The careless talk climbing’ podcast-ean adierazi du Lake District-en (Ingalaterra) eta Chironicon (Suitzan) 9a maila izan ditzaketen bi bloke sinatu dituela. Ingalaterran bertan, “Spots of Time” proiektua aurkeztu berri du. Etxean eginiko eskalada horretan iaz lanean hasi zen. Berez, benetako saialdiak joan den otsailean hasi zituen. Ez zuen baldintza egokirik aurkitu; izan ere, egun hezeak eta euritsuak izan ziren. Denera, 30 eguneko lana behar izan zuen boulder hori biribiltzeko: «Bizi izan dudan eskarmentuarekin oso harro nago».

Momentuz, ‘Spots of Time’ blokearen inguruan ez du proposamenik egin, baina itxura guztien arabera 9a mailara irits daiteke.

Bigarren proiektua etxetik kanpo egin du: Chironicon. ‘Midnight’ du izena, eta bideoan Suitzako helburu horretan ekinaldiak egiten ikus daiteke. Eskalatzaile britainiarrak dio gogor estutu behar izan duela, besteak beste, boulder hori ez delako bere estilokoa. Hortaz gain, aurreratu du lehen ekinaldiak duela pare bat urte egin zituela. Urte horretan, adibidez, ‘Alphane’-ren (9a) lehen errepikapena egin zuen. Iaz, berriz, buru belarri ibili zen, eta duela aste batzuk proiektu hori itxi zuen. ‘Midnight’-i buruz ere, ez du proposamenik egin.

Higball

Aubin Salmon ere, muturreko zailtasunean ikusi dugu, baina kasu honetan highball batean. Eskalatzaile frantziarrak Fontainebleauko benetako mito baten korapiloa askatu berri du. Zortzi metroko garaiera duen ‘Nirvana’-ri buruz ari gara. Highball hori aurkitu zenetik 20 urte igaro dira, eta apirilaren 28an Salmon gai izan zen ‘Nirvana’ erorikorik gabe igotzeko.

Fontainebleauko bene-benetako bleausard bat da; izen horrekin bertako eskalatzaileei izendatzen zaie. 8b mailako boulder batzuk ditu, baina, protagonista honek baieztatu duen bezala, highball-ekin erabat harrapatuta dago. Horregatik, Fontainebleauko makina bloke altuetan jarduten du. ‘Demonium’-en (8a/+), adibidez, egundoko borroka egin zuen, baina arrakasta horrek beste emaitza oso mingarri bat izan zuen: orpo bat hautsi zuen.

Highball horrekin batera, beste ikaragarri bat aipatu behar dugu: ‘Pachamama’ (8a+). Salmonek korapilo arriskutsu eta gogor horren lehen igoera sinatu zuen. Baina buruan zailagoa den beste erronka bat zuen: ‘Nirnava’. Duela hogei urte highball horrek lehen bisitak izan zituen, baina bisitari guztiei iskin egin die. Zortzi metroko garaiera du, eta probatu duten guztiek diote oso arriskutsua dela; izan ere, balizko eroriko bat segurtasunez ondo eustea nahasia da.

Lehen saialdiak soka gainetik egin zituen. Amaierako tarte arriskutsua menderatuta zuenean, benetako ekinaldiei ekin zien: «Erditik aurrera dauden bi mugimendurekin arazo handiak izan nituen. Ez dira zailak, baina ez nituen ulertzen. Onartu behar dut hasierako saialdietan ezinezkoa iruditu zitzaidala. Guillaume Joubert nirekin zegoen, eta hark erakutsi zidan egingarria zela. Batzuek 8a/+ mailarekin aurkeztu dute. Nik ez dut proposamen hori ulertzen. Argi dut 8b dela».

Behin betiko ekinaldia apirilaren 28an izan zen. Baldintza nahiko egokiak zituen, baina onartu du ez zegoela guztiz prestatuta: «Ziur nengoen ez nuela arrakastarik izango. Bide batez, nortasun horretako jarduera baterako ez nuen motibazio sendorik. Eta horrekin beldur nengoen. Balizko eroriko bat arintzeko, hogei koltxoneta jarri nituen zoruan. Hortaz gain, bi lagun nituen laguntzeko. Burua esnatu, kontzentratu eta eskalatzen hasi nintzen. Arriskuaren mamua burutik kendu nuen eta ‘Nirvana’-ren puntu gorenera erorikorik gabe heldu nintzen».