NAIZ

Martxak Argentinan, herri jantokietarako elikagaien eske

Argentinako hainbat tokitan bide mozketak egin dituzte elkarte batzuek, baita presidentearen egoitza dagoen Quinta de Olivos aldean ere, Javier Mileiren Gobernuak gizarte programak deuseztatu dituela salatzeko. Jendea gose dela ohartarazi dute.

 Emakume bat poliziei biraoka, protestan ari diren elkarteetako kideak geldiarazten dituzten bitartean, Quinta de Olivosen.
Emakume bat poliziei biraoka, protestan ari diren elkarteetako kideak geldiarazten dituzten bitartean, Quinta de Olivosen. (Luis ROBAYO | AFP)

Mobilizazio ugari egin zituzten asteartean Argentinako hainbat lekutan, nagusia Quinta de Olivosetik 200 metrora. Han bizi da Javier Milei presidentea, gizarte programak kendu dituena. Protesten antolatzaileek laguntza horiek ezabatu izana gaitzetsi zuten, baita 200.000 langileren soldatak erdira jaitsi izana ere.

Ehunka manifestarik Gobernuaren ordezkari batekin mintzatzea galdegin zuten, jantoki komunitarioetako egoera konpontzeko eskaera bat helarazteko. Izan ere, joan den abenduaren 1ean Gobernua hartu zuenetik hornidura faltan daude jangela horiek, Frente de Organizaciones en Lucha (FOL) erakundeak, zenbait talde biltzen dituenak, azaldu zuenez.

Poliziek hesi bat osatu zuten, manifestariei presidentearen etxera iristea eragozteko. Milei AEBetan zen, ordea.
Polo Obrero antolakundeko liderrak, Eduardo Bellibonik, bestalde, prentsan kritikatu zuen, sarreraren zati bat libre uzteko bitartekari batekin ados jartzen saiatzen ari ziren bitartean, Poliziak manifestari talde bat kolpatu eta bultzatu zuela eta, ondorioz, emakume bat osasun zentro batera eraman behar izan zutela.

Berriro zaborretatik jaten

«Egoera honen arduradunekin bildu gabe jarraitzen dugu. Jantokiak itxita eta programa sozialak txikituta, auzoetan zaborretatik jatera itzuli da jendea, Gobernuak Argentinako jantoki komunitario guztiak hornidurarik gabe uztea erabaki duelako», erantsi zuen Bellibonik.

Manifestariek esan zutenez, bost hilabete dira jantokiek ez dutela Gobernuaren janari poltsarik jasotzen. Gainera, auzorik txiroenetan ezinbesteko zereginetan ari diren gizarte programetako 200.000 langileri soldatak murriztu dizkiete.

Antolakunde sozialek Quinta de Olivoseko kontzentrazioa desegin zuten, nahiz eta Buenos Airesko sarbideetan eta beste bide batzuetan protestak mantendu zituzten. Mobilizazio horiek Lan Konfederazio Orokorrak (CGT), Argentinako sindikatu nagusiak, gaurko deitutako lanuzte nazionala baino 48 ordu lehenago egin zituzten. Gobernuaren “Omnibus legea” gaitzestea da lanuztearen asmoa, besteak beste lan erreformak planteatzen dituen legea. Milei presidente denetik antolatu duen bigarren lanuztea da.

Atzeraldi ekonomiko handia sufritzen ari da Argentina, urte arteko %290ko inflazioarekin eta 2008tik lehenbiziko superabit fiskalarekin, baina Estatuko erakundeak ixtearen, milaka kanporatzeren, gizarte laguntzak deuseztatzearen, tarifen igoeraren eta soldata eta pentsioak jaistearen kontura.

 



500 bide mozketa
Antolatzaileek 500 bide mozketa iragarri zituzten herrialde osoan, hiriburutik kanpo, Segurtasun ministerioaren «piketeen kontrako protokoloa» ekiditeko. Polizia operatibo handiaren aurrean, lotsagarria zela esan zuten: «Hemen ez dago kriminalik, hemen gose den jendea dago, beharra duena eta eskatzeko eskubidea duena».