Ion Salgado

‘Ozenago kantu egin’, Harkaitz Canok eta Joserra Senperenak gerraren aurka egindako aldarria

Hainbat lagun elkartu ziren Donostian apirilaren 30ean Harkaitz Canok eta Joserra Senperenak gerraren aurka egindako kanta bat grabatzeko. ‘Ozenago kantu egin’ du izena, eta parte hartzaileen artean Eñaut Elorrieta, Idoia eta EMEBE txiki abesbatzako kideak daude.

‘Ozenago kanta egin’. Izen hori du Harkaitz Canok eta Joserra Senperenak gerraren aurka egindako kantak. Canok hitzak idatzi ditu eta Senperenak musika egin du. Pianoa jo du eta ahotsa jarri dio bakearen aldeko aldarri honi.

Proiektua aurrera eramateko hainbat musikarien laguntza izan dute. Senperenak sare sozialen bidez adierazi duenez, apirilaren 30ean elkartu ziren Donostian kanta grabatzeko.

Bertan izan zen Eñaut Elorrieta, ahotsa jarri eta gitarra jo zuena. Berarekin batera abestu zuen Idoiak, baita EMEBE txiki abesbatzako kideek, Jaione Santosek zuzenduak. Fernando Neirak kontrabaxua jo zuen, eta Karlos Arancegik perkusioaren ardura izan zuen. Soinua Pello Gorrotxategiren lana izan zen, eta bideoa Zazpi T’erdirena.  

Abestiak agerian uzten du haurren sufrimendua gerretan. Indarkeriaren biktimak dira. Palestinan zein beste lekutan. Izan ere, kanta dioen bezala, «nola jolas ezkutaketara ja ezkutuan bagara». «Nola jolas harrapeketara harrapakinak bagara», «nola jolas sendagiletara neba hilerri bidean bada».

«Kantuz biziz ezin bada kantuan ariko gara. Ozenago kantu egin berriz esan digu amak». Kantu egin helburu batekin: zeru beltzean izar bat piztea.