Maite Ubiria

Dena prest da Senperen euskaltzaleen eskutik Herri Urratsen 41. edizioa ospatzeko

Egunak daramatzate lanean Herri Urratsen antolatzaileek Senpereko aintziraren bueltan milaka eta milaka euskaltzaleei harrera ezin hobea egiteko, igandean. Ortzadarra leloa duen besta bere 41. ediziora helduko da aurten.

Euskaltzalei Senperera joateko deia egin diete erronka handiak dituzten Ipar Euskal Herriko ikastolek.
Euskaltzalei Senperera joateko deia egin diete erronka handiak dituzten Ipar Euskal Herriko ikastolek. (Guillaume FAUVEAU)

Senpereko aintziran muntaketa lanak aspaldi hasi ziren. Dagoeneko oihal zuri erraldoiak emanak dira. Era berean, gunez gune izanen diren mota guztietako zerbitzu eta azpiegiturak, berdin Herri Urrats ospatzera bertaratuko diren milaka eta milaka lagunen gose eta egarria asetzeko, berdin musika, dantza eta oro har euskal kulturaz gozatzeko, plantan eman dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren arima diren langilek eta gurasok.

Ohi bezala, begi bat zeruan izanen dute ikastolen erronkak aurrera ateratzeko premiazkoa den besta antolatzeko ardura duten Seaskako ordezkariek. Euriak behin baino gehiagotan zapuztu ditu aldez aurretiaz prestaturiko jaia.

Hala gertatu zen iaz, euriteek galera handiak ekarri zituztenean. Edonola ere, Euskal Herri osoko euskalzaleen elkartasuna heldu zen, doantzen bidez, aterki bat eskaintzera.

Ortzadarra da aurtengo edizioaren leloa eta aro aurreikuspenei so eginez gero parada izanen da igandean Senpereko lakuaren inguruan ibilbidea eguzkipean egiteko. Hala eta guztiz ere, euskal herritarren armairuan ezin duen falta zira hori eramatea motxilan ez da inoiz soberan.

Zortzigarren gunea

Herri Urrats berritasunez beterik dator aurten. Hala, zazpi euskal herrialdeen izenak dituzten  guneei zortzigarren bat gehituko zaie aurtengo edizioan, KIE izenekoa.

Besta egiteko eremua zabalagoa bada, egitaraua ez da atzean geldituko.

Orotara 50 bat ikusgarri aurreikusi dituztelako, egun osoan zehar, Ipar Euskal Herriko ikastolek.

Ohiturari jarraituz, guneka banatuko da besta eskaintza.

Gazteengandik hasita, Araba eta Lapurdi guneetan haurrendako xokoak izanen dira.

Dantzak oholtza beteko du, berriz, Xiberoa gunean.

Erronkak gustokoak dituztenek Baxe Nafarroa gunean badute hitzordua goizeko 10.00etatik goiti. Euskal Herri osotik heldutako bost ikastoleko kideek hainbat jokoen bidez lehia sanoa libratuko dutelako bertan.

Kattalin Elizalde kolegioko kirol eremua

Zer esan zortzigarren guneari buruz? Aintziratik ehunka metrotara Seaskak iaz ireki zuen Kattalin Elizalde kolegio berriaren kirol gunea bilakatu da eremu berria.

Nabarmendu daiteke goizean zehar pilota partidak antolatu direla eremu horretan.

Herri Urrats jaia duen garrantzia gogora ekartze aldera, antolatzaileek azaldu dute besta egun horretan ateratako etekinei esker ireki ahal izan dituela Seaskak 33 ikastola, 5 kolegio eta lizeo bat.

Aurtengo irabaziak Beskoitzen ikastola berri bat eraikitzeko erabiliko dituzte. Ostiral honetan aukera berria zabaldu du Seaskak Lapurdiko herrian ikastola bultzatzeko. Hala Bizum bidez doantzak emateko parada izanen dela jakinarazi du sare sozialen bidez hedaturiko mezuan. Hala Senpererat etortzekorik ez duten euskaltzalek ere ahal dute egitasmoa lagundu.

 

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak euskararen oldarraldiaren baitan kokatu du Lapurdiko herrian ikastolak pairatu duen erasoa.

Beskoitzeko ikastola eta azterketak euskaraz

Hilabetako tirabirak izan ondoren, tentsioz beteriko udal bilkura batean, alokairu kontratua 2025ko uztaila arte luzatu zion Herriko Kontseiluak ikastolari.

Beskoitzeko auzapezak dimisioa eman ondoren itxaronaldia zabaldu da auzian, udal hauteskundeak errepikatu behar dituztelako Beskoitzen.

Bestetik, azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena presente izanen dute, ezinbestean, Baxoa azterketen atarian iraganen den Herri Urratsen baitan.

Joan zen apirilean Euskararen Erakunde Publikoari igorritako eskutitzaren bidea brebet azterketa osorik egiteko izanen dela jakitera eman zuen frantses Hezkuntza Ministerioak.

Izan ere, lizeo amaitzerakoan eginen den Baxoa frogari buruz oso aitzinamendu eskasak izan dira. Xuxtu Ahozko Handia frogaren atal bat euskaraz egiteko parada izanen dute ikasleek.

Horrendako, maiatzaren 17an mobilizazio orokor egun bat iragarri dute, sare sozialen bidez, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek.

Laburbildurik, euskararen zerumuga iluntzeko saio guztien gainetik jaiaz eta aldarrikapenaz beteko da, igande honetan, Neoma taldeak eginiko 'Hor gaude' kantuak girotuko duen Herri Urrats besta kari Senpereko aintzira.