Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Jon Aspiazu eta Bittor Alkiza, berotu ezazue; San Mameseko derbia zuzenduko duzue-eta

Athleticek eta Osasunak denboraldiko azken derbia jokatuko dute larunbatean Bilbon (21.00). Berritasun nagusiena aulkietan egongo da, ez baitira Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate lehen entrenatzaileak egongo, zigortuta biak. Laguntzaileek hartuko dute ardura eta Raul Garciak omenaldia jasoko du.

Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate, aurreko derbi batean agurtzen.
Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate, aurreko derbi batean agurtzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Derbia beti da berezia, baina larunbat honetan San Mamesen (21.00etan) biziko dena osagarri dezente ditu are eta bereziagoa izateko. Denboraldi amaiera, Raul Garciak txikitako taldearen kontra jokatuko du denboraldi amaieran futbola utzi aurretik eta omenaldia egingo zaio, Iker Muniainek ere talde zuri-gorriarekin azken partidak jokatuko ditu... Baina berezitasun nabarmenena aulkietan egongo da.

Kasualitateak kasualitate, Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate ezingo dira Athletic eta Osasunaren aulkietan eseri bere jokalariak gidatzeko. Biak zigortuta daude. Zuri-gorrien prestatzaileak oraindik ez du etorkizuna zehaztu, baina denek diote berritu egingo duela, are gehiago Kopa irabazi ostean. Berriatukoak, aldiz, ezingo du talde gorritxoarekin azken derbia gidatu. Harmailetatik ikusi beharko dute biek neurketa.

Hala, bigarren prestatzaileen txanda iritsi da: Jon Aspiazu eta Bittor Alkiza. Lehenengoaren kasuan, 2002an Bilbao Athleticekin hasi zenetik dihardu berarekin. Harrobiko jokalaria izan zen eta bertan jokatu ostean, Herculesen, Sestaon –hemen lehenengo aldiz kointziditu zuen "Txingurrirekin"– eta A Coruñako Deportivon jokatu zuen. 1984ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Espainiako selekzioaren parte izan zen ere.

Aspiazu Valverderen laguntzailea izan da Espanyolen, Olympiacosen –bi etapetan–, Valentzian, Bartzelonan eta Athleticen –hiru etapetan–.

Bigarren entrenatzailea Informazioaren Zientzian lizentziatua da eta aipatu behar da partidak harmailetatik ikusteko joera zuela. Bihar tokia aldatu beharko dio Valverderi.

Jon Aspiazu, Getaferen aurka Athletic gidatzen. (AGENCIA LOF)

Bittor Alkizak ibilbide ezberdina izan du. Jokalari bezala Realean eta Athleticen aritu zen, talde txuri-urdinera itzuli eta bertan ibilbidea amaitzeko. Beraz, harrera goxoa izango du San Mamesen. Entrenatzaile bezala, 2010ean Zubietako estrukturan sartu zen futbol formakuntzako zuzendari bezala lehen taldeko teknikari izateko.

Hala, 2013an Jagoba Arrasateren hirugarren laguntzaile bihurtu zen Realean, Txema Lumbrerasekin batera. Ordutik hona, bizkaitarren osagarri onena izan da: 2015ean Soriako Numantziara iritsi ziren eta 2018ko ekainean, Osasunara.

Baja gehiegi bi taldeetan

Aspiazuk eta Alkizak euren jokalariei ahalik eta zuku gehiena ateratzen saiatuko dira larunbat honetako derbian. Athleticek du gehiago jokoan, Ligako bosgarren postua indartu nahi baitu. Txapeldunen Ligako azken postua okupatzen duen Atletico sei puntura dago eta, zergatik ez, oraindik Europako txapelketa handiak denen burutan jarraitzen du. Geratzen diren partida guztiak irabazi behako lituzkete eta besteen emaitzak itxoin.

Valverderen ausentzia ez da bakarra izango. Izan ere, Yeray Alvarez eta Aitor Paredesek ezingo baitute jokatu, Getafen kaleratuak izan baitziren. Hauekin batera, Iñigo Ruiz de Galarreta, Oihan Sancet eta Gorka Guruzeta, arazo ezberdinengatik, deialditik kanpo geratuko dira.

Baja hauek aukera gehiago emango liokete Raul Garciari bere omenaldian jokatzeko. Gainera, Vivian, Egiluz, Yuri eta Lekuek ondo eboluzionatu dute astean zehar, eta aukerak lituzkete hamaikakoan egoteko. Aurrean, berriz, Guruzetaren ausentziak Iñaki Williamsi aukera emango lioke '9' bezala jokatzeko.

Bittor Alkiza, Jagoba Arrasaterekin aulkian. (Jon URBE/FOKU)

Osasunak, aldiz, salbazioa aspaldi lortu zuen eta azkeneko partidetan epaileen erabakiek haserretu dituzte. Horregatik ez da, hain zuzen ere, Arrasate aulkian egongo, azken partidan epaileak kaleratu baitzuen protesta egiteagatik. Berriatuako prestatzaileak eta Bittor Alkizak zenbat baja dituzte: lesioengatik Unai Garcia, David Garcia, Kike Barja, Moi Gomez eta Budimir, nahiz eta kroaziarra taldera itzuli den hiru saihets-hezur apurtu eta lau astetara; eta Moncayola, zigortuta dagoelako.

Honek harrobiko jokalariak 'lapurtzea' ekarri du: modu sinbolikoan debuta egin duten Osambela eta Uharte, eta oraindik debuta egin ez duten Svensson aurrelaria eta J. More atzelaria. Gainera, Stamatakis hirugarren atezaina deialdian sartu da baita ere.

Kontuan izan behar da igandean, 20.00etan, Osasuna Promesasek partida oso garrantzitsua duela salbazioa lortzeko helburuan. Beraz, ziur aski aukera gutxi izango dute Athleticen aurka jokatzeko.