M.A.

Paper Eskola Tolosaldea LHIIren esku geratuko da datorren ikasturtean

Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak (LHII) Tolosako Paper Eskola kudeatuko du datorren ikasturtetik aurrera eta, horrekin batera, bertan eskaintzen diren bi zikloak barneratuko ditu. Halaber, eraikinak etorkizuneko erronkei erantzuteko aukera berriak emango dizkie.

Iñaki Pakea, Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko zuzendaria, Paper Eskolako instalazioetan.
Iñaki Pakea, Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko zuzendaria, Paper Eskolako instalazioetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Garai batean Tolosan eta bere inguruan papergintzak izandako garrantziaren ikur da Paper Eskola. Sei bat hamarkadako ibilbidea izan zuen. Bertan irakasten zen paper ingeniaritza «erreferentziazkoa» zen Estatuan. Duela ia hamarkada bat itxi egin zuten eta hango bi zikloak (Kimika arloko erdi eta goi mailakoak), eredu linguistikoari lotutako afera bat tarteko, Errenteriako Don Boscoren esku geratu ziren.

Duela lau urte Tolosaldea LHIIko zuzendaritza taldeak aukera moduan ikusi zuen haien ardura hartzea, eta bai Hezkuntza sailarekin bai Don Boscorekin «egoera naturalago» bat lortzeko prozesu bati ekin zion. Lanketaren emaitza da duela gutxi ezagutarazitako erabakia: Tolosaldeak bere gain hartuko ditu Paper Eskolako bi zikloak eta Don Boscok Errenterian irakatsiko ditu. Hala, egun lehen maila egiten ari diren ikasleei bermatu egingo diete zikloa bertan bukatzeko aukera.

Tolosaldea LHII-ko zuzendari Iñaki Pakearen ustez, Kimika ziklo horiek irakasten dituzten oinarri industrialeko beste batzuekin «sinergia potenteak» sortu ditzakete, eta «elkar indartu». Herriaren erdigunean egonda, ikusgarritasuna eman eta ikastetxearen proiektu estrategikoaren «ildo garrantzitsu bat» izatea nahi dute.

Paper Eskola barneratu arren, beste urtebetez behin-behineko egoera biziko dute, Orixe Institutuko ikasleetako batzuk bertan baitaude. Haiek joandakoan, libre geratuko zaizkie zenbait gune Santa Lutzia eta Berazubi auzoetan dituzten eraikinetan.

Kimika han mantenduko dute, baita kirolari lotutakoak ere, kiroldegi ondoan dagoelako, baina aukera gehiago aztertuko dituzte. Askotarikoak izan daitezke: Tolosak gastronomikoki duen indarrari heltzea, informatika nodo bat sortzea...

INGURUARI LOTU

Etorkizuneko zerbitzuei buruzko gogoetan, harremana duten 400dik gora enpresei, eragileei eta erakundeei dituzten nahi eta beharrei buruz galdetzeko asmoa dute, aurrez ere egin duten moduan, gerora horiek asetzen saiatzeko.

Duela zortzi bat urte Tolosa&Co Tolosako Merkatariek Elkarteak eskatuta, alorreko ziklo bat sortu zuten; duela bost bat urte, berriz, inguruko enpresa handien beharra zen Mekatronika industrialekoa. «Lehen urtean kostata atera genuen, 14 ikaslerekin. Bigarrenean 55 ziren, eta egun hiru adar ditugu. Gainera, Estatuan beste hiru eskolekin batera erreferenteak gara Mekatronika Industrialean». Bi adibide besterik ez dira, diseinu industriala edo kirolari buruzko ikasketak ere halako eskaeren ondorio dira.

Egun, 760 ikasle eta 125 irakasle ditu Tolosaldeak. Matrikulak bikoiztu egin dira hamar urtetan. Hazkuntzak lotura du %94ko insertzio tasa izatearekin. Datorren urteari begira, 7 erdi mailako ziklo eta 12 goi mailako ziklo eta espezializazio ikastaro bat eskainiko dituzte. Aipatutako Kimikakoez gain, Gorputz eta Kirol Ekintzak eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinua adarretan ere berriak dituzte: «Erronka potentea».

Azpiegiturak berritu dituzte, adimen artifiziala, errealitate birtuala, gela immertsiboak... Eta ikasleek ikasketa prozesuaren protagonista izaten segitzen dute. Iñaki Pakearen hitzetan, «teknologikoki abangoardian gaude, baina oso humanistak gara. Zeharkako gaitasunei -jarrera, puntualtasuna, lankide ona izatea, jende aurrean hitz egiteko gaitasuna...- garrantzia handia ematen diegu, lan munduan hori eskatzen dietelako».