
Euskal Mendizale Federazioak Kodeseko mendilerroan kokatu zuen aurtengo Train Running-eko Euskadiko Txapelketa. Horretarako, Kanpezu-Ioar Mendi Maratoi Erdia aukeratu zuen. Mendi lasterketen egutegia bete-betea dagoenez, espezialista sasoikoenek huts egin zuten. Batzuek hitzordu erakargarriagoak zituztelako; besteek, berriz, atseden hartzeko beta hartu zutelako.
Hala eta guztiz ere, oso indartsu dauden hainbat lasterkari Kanpezuko irteera puntuan ikusi ziren. Arabako hitzordu horrek bi distantzia izan zituen: 26 eta 15 kilometro. Eta bi ibilbide horietan 400 korrikalarik parte hartu zuten. Distantzia luzeari dagokionez, 1.930 metroko desnibela zuen eta puntu garaiena Ioar mendia izan zen.
Emakumezkoen kategorian, Ainara Urrutiak lasterketa osoa menderatu zuen. Hots, ez zuen arazorik izan helmuga puntuan lehena izateko eta txapelarekin egiteko. Aretxabaletako kirolariak 3:00:49 denbora markatu zuen. Bigarren sailkatuari, Irune Velez de Mendizabali, ia hamar minutuko aldea atera zion. Ainhoa Intxaustik hirugarren postua sinatu zuen.
Gizonezkoen mailan, berriz, lasterketa oso-oso estua zein bizia ikusi ahal izan zen. Eta horren isla da lehen hiru sailkatuen artean soilik 26 segundoko aldera egon zela. Hiru protagonista horien artean azkarrena Ander Iñarra izan zen 2:29:53 denborarekin. Zazpi segundora, Guillermo Ramos bigarrena izan zen, eta Hodei Samaniego hirugarrena 2:30:19 kronoarekin.
Bide batez, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako txapelketa hori Euskal Herriko Koparako baliagarria izan zen. Hiru proba jokatu ondoren, Ainhoa Intxausti eta Oier Zubeldia lider dira.
Bestalde, distantzia laburreko ibilbidean (15 kilometro eta 750 metroko desnibela) gazteen maila ezberdinetako korrikalariak nor baino nor aritu ziren. Juniorretan, Ibai Angulok eta Jone Oar-Artetak txapelak jantzi zituzten. Jubeniletan; Eneko Etxanizek eta Alluitz de Bilbaok. Eta kadeteetan, Liher Urkiza eta Alazne Lozano izan ziren azkarrenak. Hassan Ait Chaouk irabazi zuen beteranoetan. Eta azkenik, taldeei dagokienez, emakumezkoetan Gaikar Zortzietakoak nagusitu zen, eta gizonezkoetan Aiaramendi Korrikalariak elkartea.
Iturbe, bigarren
Bien bitartean, joan den asteburuan, sona handia duen Transvulcaniak distantzia eta modalitate ezberdinetan hitzorduak izan zituen. Bertikalean, adibidez, euskal lasterkari batek parte hartu zuen: Onditz Iturbek. Ibilbide motza, baina era berean oso gogorra: 7,25 kilometro.
Irteera puntua Tazacorte izeneko kaian izan zuten, eta lasterkariek ia atsedenik ez duen 1.200 metroko goranzko desnibelari aurre egin behar izan zioten. Helmuga puntua, berriz, Time izeneko begiratokian zegoen.
Emakumezkoen kategorian, Iturbek bazekien zaila izango zuela garaipenarekin egiteko; izan ere, Jessica Pardin prest zegoen duela bost urte lortutako garaipena berresteko. Eta espezialista frantziar horrek erakutsi zuen oso sasoiko dagoela. Ibilbidearen lehen zatian ez zen oso ondo ibili, baina, bigarrenean, denbora berreskuratu eta helmugan lehena izan zen 1:01:32 denborarekin.
Igorreko lasterkaria den-dena ematera irten zen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Euskal korrikalariaren denbora 1:02:35 izan zen. Camila Magliano hirugarren postuan sailkatu zen, Iturberengandik bederatzi segundora.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
