NAIZ

Ikusi ez arren, LGTBI+fobia hor dagoela ohartarazi dute Nafarroan

Nafarroako Gobernuak diskurtso eta jarrera LGTBIfobikoen aurrean aldaketarako eragile bihurtzeko deia egin die herritarrei maiatzaren 17rako prestatu duen kanpainaren barruan. Horrekin batera, abian jarri du LGTBIfobiarik gabeko udalerrien sarea.

Nafarroako Gobernuko eta Berdintasunerako Institutuko ordezkariak, herrialdeko eragile batzuekin batera, kanpainaren aurkezpen ekitaldian.
Nafarroako Gobernuko eta Berdintasunerako Institutuko ordezkariak, herrialdeko eragile batzuekin batera, kanpainaren aurkezpen ekitaldian. (NAIZ)

Nafarroako Gobernuak LGTBI+ kolektiboaren aurkako diskurtso eta jarrerak ezabatzen laguntzeko aldaketa-eragile bihurtzeko deia egin die herritarrei. Beharrezkotzat jotzen du, gainera, pertsona horiek jasaten dituzten jazarpen eta eraso kasuak argitara ateratzea, egun pairatzen duten gutxiespen egoera saihesteko.

Helburu horrekin abiarazi du hilabete honetan, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunari dagokion maiatzaren 17aren harira, “Ikusi ez arren, LGTBI+fobia hor dago. Ekin!” lelopean diseinatutako sentsibilizazio kanpaina. Mezu horren helburua da pertsona guztiek sexu orientazioarengatik gorroto diskurtsoak iraultzeko duten gaitasuna nabarmentzea.

Kanpaina joan den maiatzaren 6an aurkeztu zuen Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NABI) zuzendari kudeatzailearekin eta Luna Martinicorena erakunde honetako zuzendariordearekin batera.

Felix Tabernak adierazi zuenez, «denon ardura da gizarte anitzago eta bidezkoagoa eraikitzea. Horrenbestez, aurten, kanpaina honen bidez, LGTBI+ kolektiboarekiko gorrotoa badagoela ohartarazi nahi diogu gizarteari, baina ez dugula beti ikusi izaten».

Foru Gobernuak beharrezkotzat jo du elkarteen hala nola herritarren eskutik lan egiten jarraitzea, diskurtso antifeministen eta LGTBIfobikoen presentziaren egungo gorakada geldiarazteko eta gizartean, hezkuntzan, osasunean, lanean edo ekonomian izaten diren jarrera diskriminatzaileak ezabatzeko. Hori dela eta, ekitaldian egon ziren, halaber, LGTBI+ Kattalingorri eta Ilota Ledo kolektiboetako ordezkariak, Patxi Vera arartekoa eta ordezkari politikoak.

Nabarmentzekoa da Nafarroako Gobernuak LGTBI+ Kattalingune pertsonentzako Arreta Integraleko Zerbitzua eta Iruñeko, Tuterako, Irurtzungo, Tafallako eta Lizarrako egoitzetan informazioa, arreta sexologikoa eta psikologikoa zein juridikoa eskaintzen espezializatutako langileak dituela. Gainera, gida bat ere badu LGTBIfobiagatiko gorroto delituen biktimentzat, era honetako egoerak identifikatzen jakiteko eta salatu ahal izateko informazioa ekartzen duena.

UDALERRIEN SAREA

Helburu horrekin, orain dela urtebete Nafar Gobernuak LGTBIfobiarik gabeko udalerrien sarea abian jarri zuen eta herrialdeko udal guztiei atxikitzeko deia egin zien, modu horretan «denontzat Nafarroa seguruagoa, anitzagoa eta abegikorragoa eraikitzeko, LGTBI+ pertsonak barne».

Sarearen helburua da Foru eta Toki Administrazioek partekatutako ibilbide orri bat sortzea, zeinak, ekintza zehatzak definitzeaz gain, jardunbide egokiak trukatzeko esparruak martxan jarriko dituen. Atxikitzean, LGTBI+ pertsonen ongizatea nahiz eskubideak sustatzen dituzten udal politika, prestakuntza hala nola sentsibilizazioa esparruetan ekintza sorta bat burutzeko konpromiso bat hartzen dute udalerriek.

Jarraian, ekintza horiek betetzean, ebaluazio fase bat gauzatuko da, eta sexu eta genero aniztasunarekiko bere konpromiso maila aitortzeko kalitate zigilu bat jasoko dute udalerriek. Neurrien %40 betetzen dutenak «sexu eta genero aniztasunaren alde lan egiten duen udalerri» bezala aintzatetsiko dira»; %41 eta %80 artekoa betetzen dutenak «sexu eta genero aniztasunarekiko udal lagunkoi» bezala; eta %81 eta %100 artekoa betetzen dutenak «sexu eta genero aniztasunarekiko eta LGTBIfobiarik gabeko udal lagunkoiak izango dira».

ZINEGOAK BAZTANEN

Gero eta gehiago dira maiatzaren 17an ospatzen den LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldi sortak antolatzen dituzten udalak. Horien artean dago Baztangoa, egunaren bezperan Zinegoak zinema proiekzio berezia antolatu duena.

Hirugarren urtea da ekitaldia antolatzen dutela, eta aurten Arizkungo medikuaren etxean egin dute kolektibo horren inguruko gaiak jorratzen dituen film laburren eta dokumentalen proiekzioa.

Baztango Udaleko Berdintasun sailak azaldutakoaren arabera, Zinegoak elkarteak proposamena egin zuen haien festibala herrietara eramateko, eta Baztanek ez zuten aukera hori galtzen utzi nahi izan.

Horrekin batera, azken lau urteetan beti antolatu dituzte egun horren inguruko ekitaldiak, hala nola mahai inguruak, formakuntza saioak, margoketak haurrekin, eta abar.

Izan ere, Baztan ez da erasorik jasan ez duen herria eta bi aldiz behartua izan da erantzun sozial bat ematera. «Bi aldiz jaso dugu salaketa soziala eraso LGTBIQ+fobikoengatik. Eta horien aurrean, erantzun sozialaren mahaia aktibatu da -mugimendu feminista eta LGTBIQ+ kolektiboarekin koordinatuta- eta erantzun sozial bat antolatu izan da, erasoa pairatu zuen pertsonarekin edo taldearekin adostuta», azaldu dute Baztango Berdintasun sailekoek.

Elian Peña, Zaloa Basabe eta Vanesa Eguiluz, aurkezpen ekitaldian.

Iruñeak Sexu eta Genero Aniztasunaren Plan aitzindaria onartu du

Iruñeak Sexu eta Genero Aniztasunaren eta LGTBI+ Berdintasunaren lehen Plana egin du. Mila ekarpen baino gehiago izan dituen tresna horri esker, administrazio inklusiboa eta LGTBIfobiarik gabeko hiria lortzeko politikak eta ekintzak garatu ahal izango dira.

2028 denbora-muga gisa hartuta, plan hori Iruñeko Udalak sexu eta genero aniztasunaren zeharkako ikuskerari heltzeko ematen duen lehen urratsa da, udal politiketan eragiteko, gizartea inplikatzeko eta LGTBI+ kolektiboak eta elkarteak ikusarazteko bidean.

Iruñeko Udalbatzak pasatu den apirilaren 11n berretsi zuen plana osoko bilkuran, eta egun horretan bertan aurkeztu zuten udal agintariek, besteak beste, Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Elian Peña Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zuzendariak eta Vanesa Eguiluz Berdintasuneko udal teknikariak.

Planak herritarren eta LGTBI+ kolektiboen mila ekarpen baino gehiago izan ditu, eta lau helburu orokor biltzen ditu:

- Administrazio inklusiboa bermatzea.

- LGTBI+ entitateen eta pertsonen baliabideak indartzea eta haien ikusgarritasuna sustatzea.

- Herritarren artean gizarte aldaketa sustatzea.

- Eta sexu orientazioagatiko, genero adierazpenagatiko eta sexu eta genero identitateagatiko diskriminazioa eta indarkeria ezabatzea.

Horiei beste 27 helburu estrategiko gehitu behar zaizkie. Horiek lortzeko, Udalak 109 ekintza diseinatu ditu.

Planak 2021ean egindako parte hartze prozesu batean lortutako datuak eta pertzepzioak ditu abiapuntu gisa. Orduan, metodologia ezarri ondoren, 80 ekarpen inguru lortu ziren online galdetegien, hamabost bat elkarrizketa sakon, hogeita hamar bat gizarte ordezkariren eta lau lantegi tematikoren bidez. Horrekin guztiarekin, Iruñeko Udalak planari ekiteko txosten bat osatu zuen.

Hala ere, hiru urte geroago beharrezkotzat jo da plana arau aldaketetara egokitzea, modu parte hartzailean kontrastatzea, baliozkotzea eta azken onarpena eman aurretik jendaurrean aurkeztea. Horretarako, parte hartzeko beste prozesu bat egin da aurtengo lehen hilabeteetan.

Guztira, 1.179 ekarpen egin dituzte online, eta kontraste jardunaldi bat ere egin dute, LGTBI+ entitateetako eta entitate sozialetako 19 ordezkariren laguntzaz.

Erabakia Iruña udal webgunearen bidez jasotako parte hartze erregistrorik onenetako bat izan da parte hartze honetan. Horren guztiaren emaitza da plan hau, Udalak arlo horretan egin duen lehenbizikoa.