NAIZ

Azken erasoak salatu eta espazio publiko seguruak exijitu dituzte LGTBIfobiaren aurkako egunean

Bilbon, Durangon, Gasteizen, Baionan, Hernanin, Leioan, Iruñean, Oiartzunen, Oreretan, Orion eta beste herri askotan mobilizazioak egin dituzte LGTBIfobiaren aurkako eguna dela eta. Azken bi asteetan izan diren bost erasoak presente, «ahizpek zaintzen gaituzte, ez Poliziak», aldarrikatu dute.

Iruñean E28 Koordinadorak deituta egin duten manifestazioa, LGTBIfobiaren aurkako egunean.
Iruñean E28 Koordinadorak deituta egin duten manifestazioa, LGTBIfobiaren aurkako egunean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Joan den asteburuan Getxon gertatutako eraso lesbofobo bat, Ortuellan izandako eraso homofobo bat eta Iruñean maiatzean salatutako hiru erasoak salatu dituzte ostiral honetan LGTBIfobiaren aurkako egunaren mobilizazioetan Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, kolektibo eta elkarte desberdinek deituta.

Bilboko elkarretaratzea Arriaga antzokiaren atarian izan da eta E28 Koordinadorak deitu du, 18.30ean. Iruñekoa, aldiz, ordu erdi beranduago hasi den manifestazioa izan da, Baratxurien plazatik abiatuta, eta E28 Plataformak deitu du. Gasteizen kalejira ‘transmaribibolloa’ egin dute, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta, Miaukatuz boleibol talde inklusiboak deituta. Baionan ere elkarretaratzea egin dute.

Bilbon LGTBIfobiaren aurkako egunean egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Durangon, Kuir Eztandak deituta; Hernanin, Buruntzaldeko Transmaribibolloek deituta; Leioan UKatu-k deituta; Oiartzunen, Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta; Oreretan, Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak deituta eta Orion, Urola Kostako Transmaribolloek deituta mobilizazio bana egin dute ere ostiral arratsalde honetan.

Ostiral honetako mobilizazioa, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Azken bi asteetan izan diren erasoez gain, Ehgamek zabaldutako manifestuan azken hilabeteotan Zarautzen, Bilbon, Tolosan, Gernikan, Soraluzen, Baigorrin eta beste toki batzuetan izandako erasoak gogora ekarri dituzte. Honakoak ezagutzera eman direnak izan direla nabarmendu dute, «baina badakigu gehiago izan direla».

«Tantaka-tantaka izaten dugu erasoon berri: irainak, bultzakadak edo sudurra apurtzerainoko kolpeak jasan ditugu azken urtean genero arauetara ez egokitzeagatik edo gure desirak adierazteagatik», deitoratu dute. Halaber, erasoak bestelako forma ugaritan gertatu daitezkeela gogorarazi dute, esate baterako, «osasun etxeetako jarrera lesbofobo eta transfoboetan, lantokietan edo pertsona transen langabezia tasetan».

Transfobiari buruz, honakoa adierazi dute Iruñean egindako manifestazioan: «Penagarria iruditzen zaigu zenbait aktibismok diskurtso transbaztertzaileak defendatzea. Hori dela eta, gure testuingurua berez bortitza da, eta ezin da bizi. Ez dugu onartzen oinarrizko eskubidetzat jotzen dugun genero autodeterminazioaren aurkako diskurtsorik». Halaber, bizimodu duina izateko eskubidea aldarrikatu dute.

«Ahizpek zaintzen gaituzte, ez Poliziak»

Ehgamen manifestuan, maiatzaren 17a instituzioek «euren burua zuritzeko» erabiltzen dutela salatu dute eta argi utzi dute LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako erasoak «ez dituela presentzia polizialak konponduko». Gainera, «ez dugu onartzen gure borroka erabiltzea Polizia eta bere jardun biolento arrazista, klasista eta matxista legitimatzeko», adierazi dute.

«Gizarte patriarkal eta LGTBIfoboa errotik eraldatzea da behar duguna, ez biktima babesgabe gisa tratatuko gaituen sistema polizial bat», argitu dute, kolektiboaren barruan autoantolaketara eta autodefentsara deituz, «gure arteko sareak eta aliantzak indartzera». «Ahizpek zaintzen gaituzte, ez Poliziak», esan dute.

Bestalde, Palestinarekiko elkartasunez deitutako manifestazioetan eta bestelako ekimenetan parte hartzera deitu du Ehgamek, «Israelek bere genozidioa zuritzeko LGTBI eskubideen bandera ez dezala erabili ozen salatzeko, eta sexu eta genero disidenteok Palestinaren erresistentziarekin gaudela ozen aldarrikatzeko».