NAIZ

Nafarroako biztanleen %15,1ek euskaraz hitz egiten du eta %11,3ak ulertzen du

Nafarroako biztanleen %15,1ek euskaraz hitz egiten du eta beste %11,3 ulertzeko gai da, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. 2022. urtean bildutako datuak dira. Hiztunen artean gorakada txiki bat dago aurreko urtearekiko. Ulertzen dutenen kopurua antzekoa da.

Nafarroako biztanleen %15,1 euskaraz hitz egiteko gai da eta %11,3k ulertzen du. %73,3k, berriz, ez du ulertzen ez hitz egiten, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. 2022. urtekoak dira. Aurreko urtearekin alderatuta, euskal hiztunen portzentaiak bi hamarren egun du gora. Ulertzen dutenena berdin mantendu da. Gizonezkoen eta emakumeen egoera berbera da.

25 urtez azpikoen artean euskaraz aritzen direnen portzentaia aurreko urtekoaren antzekoa da. Adin ertaineko taldeetan egin du gora gehien euskararen erabilerak. Horrela, 25 eta 43 urte artekoen artean zazpi hamarren egin du gora, 2021eko %18,9tik 2022ko %19,6ra. 35 eta 44 urte artekoen artean sei hamarren igo da, %13,1era. 45 eta 54 urte artekoan artean egoera berdin mantendu da.

Jaioterria erabakigarria da biztanleriaren euskara ezagutzan. Horrela, «eremu euskaldunean» jaiotakoen %74,3 euskaldunak dira, eta zifra hori % 2,9ra besterik ez da iristen «eremu ez-euskaldunean» jaiotakoen artean. Nabarmentzekoa da, halaber, EAEn jaiotakoen %36 euskaldunak direla. Aitzitik, eremu ez-euskaldunean jaiotakoen %86,9, beste autonomia erkidego batean jaiotakoen %92 eta atzerrian jaiotakoen %95,5 ez-euskaldunak dira.

Euskara ezagutzaren bat duten biztanleen ehunekoa handiagoa da hezkuntza mailak gora egin ahala. Horrela, biztanle euskaldunen proportzioa %5,3koa da lehen mailako ikasketak osatu gabe dituzten biztanleen artean, eta %18,1ekoa goi mailako ikasketak dituztenen artean. Progresio hori euskaldun hartzaileetan errepikatzen da: lehen mailako ikasketak osatu gabe dituztenen %1,6tik goi mailako ikasketak dituztenen %13,0ra arte, nahiz eta kasu honetan lanbide orientazioa duen bigarren hezkuntzako bigarren etapako hezkuntza maila duen biztanleriaren %13,4an dagoen erpina.

Herriz herri

Euskaldunen proportzioa %80,0tik gorakoa da Nafarroako Foru Komunitateko 272 udalerrietako 20tan. Udalerri horiek guztiak eremu euskaldunean daude. Urroz da, %95,9rekin, biztanle euskaldunen ehunekorik handiena duen udalerria, eta Arantza (%91,8) eta Araitz (%90,5) dira hurrengoak. Bestalde, euskaldunen proportzioa biztanleen %1 baino txikiagoa duten 18 udalerri daude, guztiak ere eremu ez-euskaldunenean kokatuta; Gorza izan ezik, eremu mistoan baitago.

Erriberan bitxia da Fiteron euskal hiztunen kopurua %4tik gorako izatea. Eskualdeko herri guztietan %4tik beherako kopurua dago.