NAIZ

PNBren buruari ardura kendu diote Euskal Elkargoan, «Kanboko istiluak ez zituelako kondenatu»

Peio Etxeleku jeltzaleak ez du gehiago ordezkatuko Errobiko poloa Euskal Elkargoaren baitan. Jean-Rene Etchegarayk postutik kendu du jeltzalea sei auzapezek eginiko eskaerari bide emanez. Eskutitz batean azaldu dutenez, Etxelekuk «ez zituen kondenatu» Kanboko udal batzarrean izan ziren istiluak.

Peio Etxeleku, joan zen otsailean, Euskal Elkargoaren herri arteko kontseiluan.
Peio Etxeleku, joan zen otsailean, Euskal Elkargoaren herri arteko kontseiluan. (Patxi BELTZAIZ)

Peio Etxeleku Kanboko hautetsi jeltzalea eta Ipar Euskal Herrian PNBren burua ez da izanen aurrerantzean Errobiko poloaren ordezkaria Euskal Elkargoaren baitan.

Jean-Rene Etchegarayk harturiko deliberoaren berri eman dute gaur arratsaldean Euskal Irratiek.

Hedabide horren arabera, eskualdeko sei auzapezek eskutitz baten bidez galdetu diote Etchegarayri erabaki hori hartzea.

Zehazki, Kanbo, Arrangoitze, Luhuso, Ezpeleta, Zuraide eta Jatsuko auzapezek galdegin dute dimisioa. Eskaera aintzat eman zuen, joan zen asteazkenean, Euskal Elkargoko lehendakariak.

Etxelekuk Kanboko Udalean agintean den gehiengoan jardun zuen legealdiaren hasieran.

Izan ere, Christian Deveze auzapezak, bereziki hirigintza eta lurralde antolaketaren alorrean, jarraitzen duen politikarekin bere ezadostasuna agertu ostean, udal gehiengoa uzteko erabakia jakinarazi zuen 2022ko urtarrilean.

Hala eta guztiz ere, jarraitu egin zuen udal gehiengoan zelako Errobi poloko ordezkari gisa eman zioten ardura.

Egoera horrek ezinegona sortu du udal gobernuan, are gehiago jeltzaleek talde politikoa sortu ondoren Euskal Elkargoan. Elgarrekin herriarentzat izena du Etxeleku buru duen taldeak.

Etxelekuk bere alderdiaren posizioak defendatzeari ekin dio Ipar Euskal Herriko erakundean, eta ez Kanboko udalaren iritziak, eta horrekin kexu agertu dira azken hilebeteetan herri horretako udal agintariak.

Marienian aurreikusitako higiezinen egitasmoak eztabaida sortu du

Marienia lur eremuan aurreikusita dagoen higiezinen egitasmoak tira-bira handiak sortu ditu Lapurdi barnealdeko herri horretan eta etxebizitzak eraikitzeko proiektua arbuiatzen duten talde eta udal gobernuarnen arteko diferentziak gero eta handiagoak bilakatu dira.

Jakin behar da Marieniako laborantza lurrak artifizializatzeko salatzeko burutu zuten desobedientzia ekimenagatik zigorra jaso berri dutela hainbat herritarrek.

Ostia kolektiboko lau militanteri 500 euroko isun bana ezarri zien, ordaindu beharreko obligaziorik gabe, Baionako auzitegiak. Lauron artean Bouygues agentziari 5.954 euro ere ordaindu beharko dizkiote, kalte-ordain gisa, Marienian eraiki nahi dituzten 94 etxebizitzen promozioa egiteko aipaturiko agentziak zuen maketa andeatu zutelako.

Proiektu horren aurkako beste protesta batean, istiluak sortu ziren. Joan zen apirilaren 10ean udal batzarrean sartu ziren hamarnaka lagun. Ezkil eta artzain makilekin soinua eginez, elikadurari bideratu lurrak atxiki ditzaten galdetu zieten udal kontseilariei. Bilkura eten egin zuten, jendarmeak heldu ziren, jendea bultzaka hasi zen, eta aretotik irteten ari zela, auzapeza lurrera erori zen arinki zaurituz.

Gertakariaren ostean Baionako prokuradoreak autoritatearen aurkako erasoa ikertzeko agindua eman zuen. Auzapezari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten handik egun batzuetara Kanbon.

Zentzu ezberdineko adierazpen soka luzea ekarri zuten herrian aipaturiko istiluek.

Testuinguru horretan, udal gehiengotik kanpo ziren hautetsi bik, Peio Etxelekuk eta Jean-François Lacostak, auziari buruzko «bitartekaritza» galdetu zuten, begirada Euskal Elkargora bideratuz.

Gaur zabaldu den albistearen arabera, eskualdeko sei auzapezek, Kanbokoak barne, Etxeleku Errobiko poloaren erreferente gisa kentzeko eman duten argudio nagusia da EAJ-PNBren buruzagiak Kanboko udal kontseiluan izan ziren istiluak «ez omen zituela kondenatu».