Iñaki Irigoien

Baile Ghib: Irlandak lurra eta hizkuntza bateratzeko esperimentua egin zuen 30eko hamarkadan

Esperimentu sozial bat burutu zen Irlandan XX. mendeko 30eko hamarkadan. Irlan Gosete Handia (An Gorta Mor) gertatu zenetik 100 urte igaro gabe, eta gerra zibilaren ostean, britainiarrek «opari» gisa utzi zieten lur jabetza feudalaren arazoa konpontzea zen Irlandako Gobernuaren helburua.

Liburuaren egilea, Maureen Shiels, Gallastegitarrekin, liburuaren aurkezpenean.
Liburuaren egilea, Maureen Shiels, Gallastegitarrekin, liburuaren aurkezpenean. (Iñaki IRIGOIEN)

Meath konderria lur-jabetzaren desorekaren adibide zen, bertan baitzeuden Irlandako lurrik oparoenak, eta horien %41en jabetza populazioaren %5en eskuetan zegoen. Beste hainbat lekutan bezala, Irlandako Lur Komisioak Meath konderrian jauntxo bati 1.142 akretako lursaila erosi zion eta banatu egin zuen, 22 akre neurtzen zuten zatietan.

Lur horren hartzaileen artean 59 familia zeuden, gaeliko hiztunak zirenak, Corcaigh, Dún na nGall, Ciarraí, eta Maigh Eo konderrietatik etorritakoak. Eta familia horiek euren jatorrizko konderrietan utzi zituzten lur eremu txikiak ere banatuak izan ziren, bertan gelditu ziren biztanleen artean. Etorritakoek familiaren jatorrizko lekuak ez zituzten sekula ahaztu, eta horren froga da oraindik ere Baile Bhib hilerria. Kanposantua jatorrizko konderrien arabera antolatuta dago, eta ez da arraroa senar-emazteak bananduta lurperatua ikustea, bakoitza bere “tribuarekin”.

Shiels umetan, bere ahizpekin.

Beraien jatorriarekin batera, beste eredu bati heldu diote urte hauetan guztietan 59 familiek; hizkuntzari. XX. menderako Meath konderrian aspaldi galdua zegoen Irlandako gaelikoa, eta familia berri guztiak gaeliko hiztunak ziren. Hori dela eta, etorri berriak kanpotartzat hartu zituzten bertakoek. Eta gaur da eguna hizkuntza bizirik mantentzen dena eremu txiki horretan, nahiz eta ingelesez inguratuta egon.

Irlandako Gobernuaren plana gaeliko hiztunak topatzea zen, eta nekazaritzan gogor lan egiteko prest zeuden 59 familia irlandar aukeratzea, eta horrela egin zuen. Baina azkenean, 60 izan ziren hautatutako familiak. Beste familia bat batu zitzaien. Ni Ghallchobhair, Ó Meadhra, Mhuintir, Ni Mháille, Ó Siocfhradha, eta Irlandako abizenak zituzten beste denen artean, Gallastegitarren familia zegoen.

Ez ziren irlandarrak, ezta gaeliko hiztunak ere, iritsi zirenean. Eli Gallastegi ”Gudari”, Margarita Miñaur eta haien bost seme-alabak ziren; Iker, Lander, Unai, Argiñe eta Ninbe. Bost gazteek laster ikasi zuten gaelikoa. Eta hainbeste integratu zen familia osoa komunitatean, non ia 90 urte geroago oraindik Gallastegi familiaren oroimenak bizirik dirauen Baile Ghib komunitatean.

Meath konderriko paraje ederrak.

Martxoaren 10ean aurkeztu zen Baile Ghib komunitatearen historia liburua, eta oholtzan jarrita zeuden 59 familien jatorrizko konderrien banderak, gehi Ikurrina, 60ko hamarkadako familiaren omenez. Keinu bat ere egin zitzaien kartzelan dauden gallastegitarrei (Irantzu, Lexuri eta Orkatz), euskal presoen aldeko ikurrarekin.

Liburuan 60 familien historia kontatzen da banan-banan, gaelikoz eta ingelesez, “Ceann Scríbe Baile Ghib/ Destination Gibbstown”. “Helmuga Baile Ghib”, euskarara ekarrita. Liburuak familia bakoitza noiz eta zein etxera etorri ziren azaltzen du, han sortu ziren familia berriak ahaztu gabe. Etxea eskuz aldatu bazen ere, horren jarraipena egiten du gaur egun bizi direnen artean. Benetan lan harrigarria da eta, ehunka argazkirekin baliatuta, liburua esperimentu sozialaren azken atala bihurtu da. Baile Ghib Gaeltacht bizirik dago oraindik.