NAIZ

Gipuzkoan Renferen egoera «onartezina» dela helaraziko dio Oscar Puente ministroari EH Bilduk

Renferen aldiriko trenaren Irun-Brinkola lineak zeharkatzen dituen herrietako EH Bilduren alkateek gutun bat helaraziko diote Oscar Puente espainiar Garraio ministroari, «murrizketak eta zerbitzu kaskarra» salatzeko, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak astelehen honetan jakinarazi duenez.

EH Bilduren alkateek Errenterian egindako agerraldia.
EH Bilduren alkateek Errenterian egindako agerraldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irun-Brinkola trenbideak zeharkatzen dituen herrietako hainbat EH Bilduren alkatek eta zinegotzik gutun bat bidaliko diote Oscar Puente espainiar Garraio ministroari, Renferen aldirietako zerbitzuaren egoera «onartezina» dela jakinarazteko eta «gainbehera» gelditzeko premiazko konponbideak eskatzeko.

Abiadura Handiko Trenaren hirugarren haria jartzeko eta Loiolako tunelaren galiboa handitzeko lanen ondorioz, Renferen tren zerbitzuan arazo ugari izan dira azken hilabeteetan, herritarrei kalte ugari sortuz. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak egoeraren irakurketa egin du astelehen honetan, eta azken hilabeteetan egin diren murrizketak eta zerbitzu kaskarra salatu ditu, Irun-Brinkolak zeharkatzen dituen herrietako hainbat alkaterekin batera.

AHTren aipatutako lanen ondorioz, apirilaren 29tik aurrera, Aldi Baterako Bide Bakarra ezarri da, Donostiako eta Hernaniko geltokien artean. Ibilbide hori Irun eta Errenteria arteko bide bakarrean dagoenari gehituta, zerbitzuaren kalitateak nabarmen «okerrera» egin du eta ibilbidea egiteko behar den denborak gora egin. Trenaren erabiltzaileek 2016an Irun-Brinkola ibilbidea egiteko ordu bat eta erdi behar baldin bazuten, 2017tik aurtengo apirilaren 29ra arte ordu eta 45 minutu behar zituen, eta 29tik aurrera, berriz, bi ordu.

Halaber, espainiar Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari zein Lakuako Gobernuaren Garraio sailari eskatuko diete «ahalik eta gehien gutxitu dezatela Adif eta ETS Gipuzkoan egiten ari diren AHTren obrek aldiriko zein distantzia erdiko trenen zirkulazioan eragiten duten kaltea».

Azken hilabeteetan, EH Bilduren alkate ugarik mozioak aurkeztu dituzte euren udalerrietan. «Azken hilabeteotan udalerri askotan mozioak onartu ditugu, zerbitzuaren arduradunei zerbitzuaren gainbehera eten dezatela eskatuz», adierazi du Otaegik. Izan ere, zerbitzu hori egunero milaka gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, «Adifek, Renfek eta Estatuko Sustapen Ministerioak oso inbertsio gutxi egin dituzte azpiegitura hori hobetzeko».

Mozioak sartzeaz gain, prentsaurrekoan parte hartu duten EH Bilduren alkateek iragarri dute eskutitz bana bidaliko diotela Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun jasangarrirako ministroari. «Onartezina» den aurrez azaldutako egoera guztia salatzeaz gain, urgentziaz eskatuko diote Renfe operadoreari Irun-Brinkola aldiriko zein erdiko distantziaren linean eskaintzen duen zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak bete ditzala.