NAIZ

Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek diote Piasperen bideragarritasuna ez dagoela bermatuta

Hainbat azterketa egin ostean, tartean ingurumen inpaktuari eta hirigintzaren bateragarritasunari buruzkoa, Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek adierazi dute haien lurretan garatu asmo den Piaspe proiektuaren bideragarritasuna ez dagoela bermatuta eta, beraz, helegite bateratua aurkeztu dute.

Koldo Arzallus Errezilgo alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea.
Koldo Arzallus Errezilgo alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea. (AZPEITIKO UDALA)

Stafkraft enpresa norvegiarrak Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo lurretan eraiki nahi duen proiektu eolikoak ez du bermatzen beharrezko bideragarritasun teknikoa eta, hori dela eta, alegazio bateratua aurkeztu dute hiru udalek. Hala adierazi dute Piaspe proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioan, ingurumen inpaktuaren adierazpena eta hirigintza bateragarritasuna aztertu ostean.

Hiru udalek ohar batean azaldu dutenez, gaur egun indarrean dagoen Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak (LPS) jasotzen du halako azpiegiturak «udal plangintzak eragozten ez duen eremuetan» soilik ezar daitezkeela eta, beraz, Piaspe ezingo litzateke aurreikusitako lekuan ezarri, Sañu mendiaren inguruan, Zestoan indarrean dauden Arau Subsidiarioen arabera, parke eolikorako bidea eta parkea bera babestutako eremuan baileudeke. «Ondorioz, aerosorgailuen erabilera bateraezina da Zestoan indarrean dagoen planeamenduarekin», zehaztu dute.

Bestalde, Azpeitiko Udaleko hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten teknikoaren arabera, baietsi dute parke eolikoaren erabilera bateragarria dela herriko plan orokorrarekin, baina ez bateragarria korridore ekologiko eta paisaia intereseko baldintzatzaile gainjarriekin. Kasu honetan, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena Lakuaren eskumena denez, hark izango luke azken hitza.

Errezili dagokionez, esplikatu dute antolamendu planean aldaketa puntuala egin beharko litzatekeela, proiektua bideragarria izan dadin.

«Osagai horiek guztiak esku artean, Errezilgo, Zestoako eta Azpeitiako Udal gobernuek aurkeztutako helegite bateratuetan ondorioztatu da ez direla betetzen proiektua bideragarri izateko beharrezko baldintza guztiak», berretsi dute.

Alegazioak

Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek aurkeztutako alegazioetan jaso dute azterketa gehiago egin beharko liratekeela proiektuak «ingurumen, biodibertsitate zein fauna ikuspegitik izan dezakeen eraginaren inguruan».

«Besteak beste, PIASPE ezarri asmo den eremua, Natura 2000 sarean kontserbazio bereziko izendatuta dauden guneen artean kokatzen delako: Pagoetako Parke Naturala, Izarraitz eta Hernio-Gazume», zehaztu dute.

Hainbat herritar kontra dituen Piaspe proiektuarekiko zalantzak agertu arren, hiru udaletako ordezkariek energia berriztagarrien aldeko konpromisoa dutela adierazi dute, eta trantsizio ekosozialerako prozesua publikoki gidatzeko eskatu diote Lakuari.

«Izan ere, eskala horretako berriztagarrien proiektuak ordenatu ahal izateko, ezinbestekoa da berriztagarrien LPSa onartzea. Eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean adostutakoaren bidetik, deskarbonizazio prozesurako eta klima aldaketaren aurkako bestelako neurriak ere diseinatzea. Eskala horretako trantsizioak eztabaida publikoa irekitzea eta kontsentsu zabalak lortzea eskatzen du, eta hori, ezinbestean, gidaritza publikoaren bidez egin behar da», esan dute.