Andoni Arabaolaza

Eskalada eta alpinismoa elkarrekin, Xabier Ormazabal Festaren eskutik

Heldu den larunbatean, maiatzaren 25ean, mendizale zenaren omenez egitarau zabala prestatu dute Urretxun. Besteak beste, Xabier Ormazabal Bekaren irabazlearen berri emango da.

Heldu den larunbatean, Xabier Ormazabal omenduko dute Urretxun.
Heldu den larunbatean, Xabier Ormazabal omenduko dute Urretxun. (Xabier Ormazabal Festa)

«Euskal elurretako lehoinabarraren», hots, Xabier Ormazabalen garrak piztuta jarraitzen du. Argi eta garbi dago Ormazabalen ibilbide labur bezain oparoak arrastoa utzi duela. Eta horren isla da datorren larunbatean Euskal Herriko eskaladaren eta alpinismoaren hiriburua bihurtuko dela Urretxu.

Bai, mendizale urretxuarra omenduko dute. Urretxuko Udalak haren izenean antolatutako bekarekin batera, ekitaldiz betetako egitarau zabala zein erakargarria antolatu da. Eta aurtengoa berezia izango da oso. Etxeko zein kanpoko protagonistak bertaratuko dira Gernikako Arbola plazara. Gogoan izango duten mendizalearen anaia Andoni Ormazabalek, hots, ekimenaren bultzatzaile nagusiak, NAIZi baieztatu dio indartu nahi izan dutela festa hori: «Egitaraua ikusita, askok esan didate egun erakargarria izango dela. Guretzat ere berezia da; izan ere, anaia hil zela hogei urte betetzen dira. Horregatik, ekitaldi potoloak egin nahi izan ditugu. Eta oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Festa horretan laguntzeko 40 herritarretik gora apuntatu dira. Horrek egundoko babesa eta ilusioa eman dizkigu».

Gogora dezagun 2004. urtean, urriaren 13an tontorra egin eta gero Cho Oyutik jaisten ari zela zendu zela gazte urretxuarra. 23 urte zituen. Bere bigarren zortzimilakoa zen; bi aste lehenago Shisha Pangma igo zuen. Bide batez azpimarratu behar dugu 2002. eta 2004. urteen artean, hiru espediziotan, urretxuarrak ‘Elurretako lehoinabarra’ xedea osatu zuela. Hots, Sobietar Batasuna izandakoan dauden bost zazpimilakoak. Hori egiten, gainera, lehen euskal mendizalea izan zen.
Ekitaldi biribila

Aipatu dugun egitarau zabal hori goizean hasiko da, eta umeak izango dira protagonistak. Gai horri Ormazabalek azpimarra jarri nahi izan dio: «Umeei zuzendutako boulderra, jolasak, tirolina… Bai, ume horietatik batzuek Xabierren legatua har dezakete. Eta polita da ikustea haien ilusioa».
Tailerrek, boulder herrikoiak eta bazkariak arratsaldeko ekitaldiei emango diete lekukoa. Horien artean “zalaparta” sortu duena eskalada desafioa izango da. Hain zuzen ere, Atxarte, Araotz, Kanpezu-Egino eta Etxaurikoaren artekoa.

Eta ikuskizun hori bukatu bezain laster, Xabier Ormazabalen omenez Urretxuko Udalak antolatutako bekaren irabazlearen berri emango da. Gazteen artean mendizaletasuna bultzatzeko ekimena da; izan ere, 1993. urtetik aurrera jaiotakoak dira onuradunak. Eta aurtengo edizioan bost proiektu aurkeztu dira. Guztiak ala guztiak eskalada eta alpinismo jarduerekin lotuta daude.

Lehen aldiz, gainera, Euskal Herritik kanpo proiektu bat jaso dute; Alfonso Martinezek Salamancatik bidalitakoa. Kapitaineko eskalada libreekin lotuta dago. Mikel Etxeberriaren egitasmoak, berriz, Kolonbiako hormatzarrak ditu kokaleku. Eta Trangoko Dorreak Ibon Mendiak. ‘Mendi eskia bizikletaz Alaska’ izenburua duen proiektua Ainhoa Unanuek aurkeztu du.

Eta, azkenik, Jon Inorizarena da Patagoniako hainbat murru era askean igotzeko egitasmoa.
Sari banaketarekin batera, Jon Plazaolaren bakarrizketa eta bi proiekzio emango dira: Marc Toralles eta Bru Busomen ‘Anima de corrall’ eta Nico Favresse era Sean Villanuevaren ‘Riders of the storm’. Aurtengo nobedadea da proiekzioak plazan bertan eskainiko direla.