Iraitz Mateo

Lisiperen 14.alean: ‘Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak’

Iritsi da aurtengo Lisiperen lehenengo alea, 14.a hain zuzen ere, eta besteetan bezala gai mamitsu zein korapilatsu bati heldu diote: ‘Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak’. June Fernandezek idatzi du eta gaiak dituen ertzei begira jarri da.

June Fernandez, Lisiperen 14.alea aurkezten.
June Fernandez, Lisiperen 14.alea aurkezten. (Jagoba Manterola | FOKU)

‘Aingeruak eta neskameak, haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak’ liburua aurkeztu du Lisipek, bildumako hamalaugarrena, eta kasu honetan June Fernandez komunikatzaileak idatzia. Gizartearen iritzi publikoan polarizatutako eztabaida bada ere, ertz asko dituen gaia dela kontatu du Fernandezek, berak bere prozesu biologikoan iritziz asko aldatu duela onartuz. Eta aurreratu du egun ez dagoela «ez alde, ez kontra, ertz asko ikusten ditut», polarizazioetatik haratago joateko nahia duela nabarmendu du.

Jule Goikoetxea izan du editore, eta Goikoetxeak azaldu du idazleak ez duela bere iritzia plazaratzen liburuan, «eremu ezberdinetako emakumeak hartu eta galderak egin dizkie, ondoren elkarrizketan jarri ditu ikuspegi ezberdinak». «Diskurtso feminista kolektibo eta plurala» osatzea izan da liburuaren xedeetako bat, zazpi eremu ezberdinetako adituen iritziak jasoz.

Mami handiko liburua da, eta termino bakoitza editore zein ingurukoekin behin baino gehiagotan hausnartua izan da. Fernandezek azaldu du, nahiz eta izenburuan «haurdunaldi subrogatua» idatzi,  berak nahiago duela «ordezkapen bidezko ernalketa» erabili, baina termino hori izenburura eramanda «komunikazioa zailduko zuelako» erabili dutela bestea.

Fernandez urrun sentitzen da eztabaidaren mutur batean zein bestean daudenetatik, hitzaurrean jaso duen bezala: «Ez dut uste guraso izatea eskubidea denik, ez dut uste gestante guztiak esplotazioaren biktimak direnik, oso kritikoa naiz ugalkortasunaren industriarekin, eta oso kritikoa naiz feminismo abolizionistarekin».

Bi muturren artean dagoena

Aldekoen eta aurkakoen lubakietatik atera eta hausnarketa sakonak egin zalea da Fernandez, eta zazpi ataletan banatutako liburu honetan ere ahalegin hori egin duela aitortu du aurkezpenean: «Nire asmoa da alde daudenei, esaten dutenei laguntza bidezko teknika bat dela eta kito, plazaratzea zergatik egiten den kritika bat feminismotik, antikapitalismotik, ekologismotik etabar. Eta aldi berean, feminismo abolizionistaren bidetik doazenei, interpelatzea findu dezaten eta eguneratu dezaten diskurtsoa. Adibidez, Euskal Herriko mugimendu feministan oro har jarrera punitibista baldin badaukagu, zergatik eskatzen dugu agentzia hauen ilegalizazioa eta ez etxeko langileen agentziaren ilegalizazioa, baldin badakigu horiek ere agentzia banpiroak direla?».

Aldi berean, uste du Euskal Herriko mugimendu feministan eman izan direla hausnarketa sakonak, zailena ideiak gizarteratzea izaten dela azaldu du: «Gizarteratzen dena eslogana izaten da, eslogan sinplea, eta hori da arriskutsua». Testuinguruan kokatzea ezinbestekoa iruditzen zaio Fernandezi, «kontuz gure diskurtsoa unibertsalizatzearekin», ohar egin du. Izan ere, fenomeno globalizatu bat denez, batasunerako joera izaten dugu eztabaidetan, baina herrialde bakoitzean dauden kosmobisio ezberdinak kontuan hartu behar direla aldarrikatu du: «Ezin dugu pentsatu gure balore sistema unibertsala dela. Ez da gauza bera Uruguain senide batentzat ernatzen duen emakumea edo indian ospitale batean 24 orduz sartuta, kontratu abusibo bat sinatu ondoren erditu den emakumea».

Zazpi atal, zazpi eremu

Zazpi ataletan banatu du liburua, zazpi eremuren inguruko elkarrizketak egin dituelako. Filosofiaren atalean Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz elkarrizketatu ditu; Kulturan Katixa Agirre eta Irantzu Varela; Gizarte Zientzietan Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea; ikuspegi antiarrazistatik Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora; ikuspegi perinatala lantzeko Ana Mendia eta Estitxu Fernandez; familia aniztasunaren atalean Ianire de la Calva, Borja Muñoz eta Iosune Centeno; eta azkenik, legegintzaren atalean Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay.

Aurkezpenean kontatu du «argi itzalei» begiratu nahi izan diela eremu bakoitzeko elkarrizketetan, eta atal bakoitzaren zenbait gako aurreratu ditu. Filosofiaren eremuan, besteak beste, adostasun sozialak nola eraikitzen diren, eta mugimendu feministak altruismoaren inguruan dituen planteamenduez hitz egin dute. Kulturan, «fikzioak, farandulak eta euskal guraso jatorrek» zein eragin duten iritzi publikoan landu dute. Gizarte Zientzietan, familia nola berrantolatu edota burujabetza prozesuaren baitan ugalketaren industriak zer paper izan dezakeen hausnartu dute.

Ikuspegi antiarrazista lantzerakoan, feminismo zuriaren diskurtso «sinplistak» izan dituzte jomugan batetik, eta bestetik, emakume ijitoen ekarpena landu dute «hazkuntza kolektiboaren» inguruan. «Zer da haurdunaldia besteentzat ernaltzea dakarrenean?» galderari erantzuten ahalegindu dira ikuspegi perinataletik. Familia aniztasunaren atalean, haurdunaldi subrogatua «familia ez normatiboak sortzeko modu edota, kontrara, familia nuklear heteronormatiboak betikotzeko modu berri bat» diren eztabaidatu dute. Eta legegintzaren atalean, berriz, konponbide politiko egingarrien inguruan aritu dira, legeztatzen bada, zein korapilo daude? eta egiten ez bada?

Eztabaida berriak

«Poloetatik ateratzerakoan sortzen dira korapiloak», onartu du Fernandezek. Eta ñabardurak sortzerakoan, eztabaidarako eta hausnarketarako beste hamaika hari-mutur bururatzen zaizkio: Zergatik ez da bermatzen ume batek bi guraso baino gehiago izatea? Familiak eratzerakoan zergatik ez ditugu bide komunitarioak arakatzen? Merkatuaren gosearen aurrean nola ari gara gure gorputza ematen? Fikziozko lanetan zergatik ez dago presente gai hau?