NAIZ

Osteopataren sexu erasoak jasan dituztenei babesa agertzeko elkarretaratzea egingo dute Tolosan

Tolosaldeko Mugimendu Feministak eskualdeko elkarretaratzea egingo du datorren asteartean, hilak 28, hainbat sexu eraso egin zituen osteopataren kasuaren harira indarkeria matxista salatzeko eta erasotuak izan ziren emakumeei babesa adierazteko.

Tolosaldeko Mugimendu Feministak prentsaurrekoa egin du asteartean elkarretaratzea egingo dela iragartzeko.
Tolosaldeko Mugimendu Feministak prentsaurrekoa egin du asteartean elkarretaratzea egingo dela iragartzeko. (ANDRAGORA)

Hainbat sexu eraso egin zituen Tolosako osteopataren kasuaren larritasuna dela eta, «kalera itetearen beharra» ikusten du Tolosaldeko Mugimendu Feministak, indarkeria matxista salatu eta erasoak jasan zituzten emakumeei babesa agertzeko. Hala, datorren astearterako, hilak 28, elkarretaratzea deitu du, 19.00etan Tolosako Emakumeon Plazan.

Erasotzailea espetxean dago pasa den urtarrilaren 22az geroztik, haren bezero izandako hainbat andrazkok kontsultan sexu erasoak egin zizkiela salatu ostean. Urtarrilean izan ziren lehenengo salaketak; orduan, bi emakumek kontatu zuten gizon honek «ukituak» egin zizkiela eta «sexu askatasunaren kontrako jarrerak» izan zituela haien aurka. Lau hilabete pasatu dira geroztik eta dagoeneko hamar andrazkok aurkeztu dute salaketa.

Bizi dugun sistema judiziala oso gogorra da eta gure babesa helarazi nahi dizuegu prozesua bizitzen ari zaretenoi, esan du Tolosaldeko Mugimendu Feministak asteazken arratsalde honetan eman duen prentsaurrekoan.

Azaldu du, halaber, emakume horiek elkartzen aritu direla «ahalduntze ariketa eredugarria» eginez. «Txalotzekoa da gizon honen erasoak jasan dituzuen emakumeok eman duzuen urratsa», adierazi dute feministek, baina txalotu bainoago, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko unea dela baietsi dute.

Horretarako, eta erasoak jasan dituzten emakume guztiei sinesgarritasuna aitortzeko, elkarretaratzea egingo dute datorren asterte arratsaldean.

Astelehen honetan jakitera eman denez, Tolosaldeako 21 udalerrik bat egin dute hitzordu honekin, Aduna, Alkiza, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkilgo Udalak Tolosaldeko Mugimendu Feministak Tolosako osteopataren sexu erasoak jasan dituzten emakumeei babesa adierazteko deitutako elkarretaratzera atxikitu dira.