Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

«Armairutik plazara», sexu aniztasunari arreta jarri diote Hernaniko hezkuntza komunitatean

«Noiz bukatzen da armairua?» galdetu zuten lehendabizi, Hernaniko LGBT+ errealitatearen memoria historikoa biltzeko. Orain, pauso bat aurrera, «Armairutik plazara» dokumentala eta unitate didaktikoak prestatu dituzte, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat, sexu aniztasunari hezkuntzan arreta jartzeko.

Dokumentaleko zenbait fotograma.
Dokumentaleko zenbait fotograma. (GAUR8)

Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a. Hain justu, egun horren bueltan hasi zen biltzen Hernanin herritar talde bat, gaiak kezkatzen zituelako edota azalean txertatuta zeramatelako min hori. Eta hortik sortu zen Hernaniko Udalaren enkargu zehatza: bil dezagun LGBT+ errealitateen memoria historikoa, osa dezagun azken 50 urteotako errelatoa. Hiruki Larroxa kolektiboak heldu zion enkarguari eta hari horretatik etorri zen “Noiz bukatzen da armairua?” liburua, «Hernaniko azken 50 urteetako LGBT+ memoria ariketa», egileek berek azaldutakoaren arabera. 2021. urtea zen, hariari tira egiteko beharra eta indarra bazegoen, baina pandemia bat agertu zen bidean, eta derrigorrezko geldialdia.

«Bagenuen kezka hori, nola transmititu belaunaldi gazteei memoria historiko hori», azaldu du Hiruki Larroxako Ibai Fresnedok. Izan ere, eremua edozein izanda ere, garrantzitsua da memoria historikoa, bidea ibili dutenen lorratzak ezin dira geratu atzean, bizkarrean, begiak iristen ez diren tokian. «‘Noiz bukatzen da armairua?’ liburuan kezka bat agertzen da, identitate sexuala ezkutatu beharrak pertsona baten biografian zer-nolako zama duen azaltzen da. Atzera begiratzea beharrezkoa da. Guk ikusi genuen Hernani mailan beharrezkoa zela memoria hori jasotzea eta transmititzea, iraganean gertatu dena presente egon dadin».

Hernaniko LGBT+ memoria historikoak ertz ugari ditu, izen-abizen propioko gertaera asko. Kontu oso gogorrak dira asko, borroka oso kontzienteak gehienak eta ertz horietako asko mugarri bihurtu dira. Bi adibide garbi dira Empar Pineda Erdozia eta Aimar Elosegi Ansa ”Moio”. Pineda 1944an jaio zen Hernanin, eta Moio 1986an.

Empar Pineda Erdozia Batxilergoa bukatu eta Madrilera joan zen bizitzera 1964an. Ikasleen borroka antifrankistan lehen lerroan aritu zen, baita borroka feministan ere. 1977an Madrilgo Gay Harrotasunaren Egunaren lehen manifestazioan pankartari eutsi zion. 1981ean, Madrilgo Feminista Lesbianen Kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen, eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordearen sorreran ere parte hartu zuen. ”Armairutik plazara!” dokumentalean Pinedak kontatzen duenez, «niri izugarri kostatu zitzaidan armairutik ateratzea. Gainera, telebistan agertzen zarenean publikoki kontatuz, ordura arte izan zaren pertsona izateari uzten diozu -zure gustu, akats, iritzi eta gaitasunekin zinen pertsona osoa- eta ‘lesbiana’ edo ‘homosexuala’ izatera pasatzen zara».

Aimar Elosegi Ansa ”Moio” 1986an jaio zen eta 2007an bere buruaz beste egin zuen. Gazte transexuala zen eta trantsizioak sortzen zion minak akitu zion indarra. Gertakariak gogor astindu zuen Hernaniko herria, eta zer pentsa handia eman zuen. Kattalin Miner hernaniarrak “Moio” izeneko liburuan gogoeta kolektiboa dotore piztu zuen bere laguna hil eta hamarkada batera.

Empar Pineda eta Moio Hernaniko LGBT+ memoria historikoaren bi mugarri dira, min kolektiboago bat xeheago jasotzen duten bi izen propio, herri baten nortasuna zizelkatzen lagundu duten bi herritar. Memoria historikoak balio du egin beharreko bidea begitantzeko. Armairutik ateratzea lehen urratsa bada, segidan datorrena plazara ateratzea dela ulertu du Hernaniko Udalak, eta hortik “Armairutik plazara!” izeneko proiektua. «Proiektuarekin kalea hartzea da asmoa, ahalduntzea. Beste prisma batetik sortu ditugu bai dokumentala eta bai unitate didaktikoak», azaldu du Fresnedok.

Plazara ateratzea

Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak eta Berdintasun Kontseiluak elkarrekin bultzatu dute “Armairutik plazara!” egitasmoa, eta bi zutabe nagusi dauzka. Batetik, herritarren bizipenekin osatutako dokumentala da, oraindik estreinatu gabe dagoena, eta, bestetik, DBHko eta Batxilergoko mailetan lantzeko unitate didaktikoak, dagoeneko ikasturte honetan herriko institutuetan martxan daudenak. Udaletik azaldu dutenez, «armairuan itzalpean egon diren edo dauden errealitate sexualak plazara ateratzeko baliabidea da».

Hezkuntzan foku garrantzitsua jarri du proiektuak, «hezkuntzatik sexu aniztasunari arreta eskaintzea ezinbestekoa» dela uste baitu Udalak, «jazarpen, eraso eta indarkeria adierazpen guztiekin bukatzeko. Herri askeago eta bidezkoago baten bidean gure herriaren memorian sakondu nahi dugu, beren gorputza jarri duten emakume eta gizon disidente sexual guztiak aitortuz».

DBHko lehen mailatik Batxilergoko bigarren mailara adin eta bizipen tarte zabala dago, hamahiru eta hemezortzi urte arteko tarteak gorputz eta esperientzia askotarikoak biltzen baititu berez. Unitate didaktikoek sei maila hartzen dituzte. Maila bakoitzean gai nagusi bat zehaztu da, adinari lotutako ezaugarriak kontuan hartuta; gorputzak (DBH 1), identitateak (DBH 2), desirak (DBH 3), justizia soziala (DBH 4), ahalduntzea (Batxilergoa 1) eta memoria (Batxilergoa 2) dira urtez urte unitate didaktikoen bidez landuko direnak. «Garrantzitsua iruditu zaigu gorputzetik hastea, norberak bere gorputza ezagutzea eta gorputzen aniztasuna ikustea. Ondoren, identitate sexuala nola sortzen den landuko da eta, ondoren, desiraren konfigurazioa nola ematen den. Hiru gai horien ondorioz, gorputz, identitate eta desira ez normatiboak dituztenek pairatzen dituzten fobiak ikusita, pentsatzen genuen garrantzitsua zela justizia sozialaren gaia lantzea; bai LGBT+ kolektiboak jasan dituen eta jasaten dituen erasoak ikusita, baina baita bestelako kolektibo batzuen errealitateak bistaratuz ere. Justizia soziala gure jendartearen balio bezala, alegia. Batxilergoan ahalduntzea eta memoria proposatu ditugu, ikusten dugulako beste heldutasun maila bat dagoela. Dagoeneko adin horietan ahalduntzea bada tresna bat justizia soziala aurrera eramateko, indibidualtasunetik baina praktika kolektibo bezala. Eta azkenik, memoria. Unitate didaktikoen helburua ez da bakarrik herriko memoria historikoa lantzea, tratu onak bultzatzea ere bada. Hernaniko Udala aspalditik ari da eskoletan txertatzen tratu onen inguruko programa bat, berdintasuna eta feminismoa lantzeko. Hor badago bide bat abiatua, baina egia da eskoletan hutsune bat zeukatela, ez zekitela nola landu sexu aniztasunaren gaia, eta hortik dator programa hau», esan du Fresnedok.

Hernaniko BHI institutuan eta Aratz ikastolan dagoeneko aurkeztuta daude unitate didaktikoak eta hasi dira lehen probak egiten. Ikasturte hau «esperimentazio urtea» izango da, unitate didaktikoak praktikan jartzeko lehen saioak izango dira. Ikasleen artean kontzientziazioa, esku-hartze aktiboa eta hausnarketa kritikoa sustatzeko jarduerak proposatzen dira. «Sexu-aniztasuna eta genero parekidetasuna lantze aldera, tratu onen defentsa eta justizia soziala sustatzen dituzten jarrerak eta jokabideak bultzatzea eta garatzea da helburua, parte-hartzea, elkartasuna eta lankidetza eragiten dituzten jarduerak garatuz», azaldu dute Udaletik.

Berez, Hernanitik eta Hernanin sortua da proiektua, baina baliagarria izan daiteke beste edozein herritan eta eskolatan ere. Hartara, material guztia edonoren eskura dago Hernaniko Udalaren webgunean eta informazio gehiago edo formakuntza behar izanez gero, Hiruki Larroxarekin harremanetan jartzeko modua ere badago (info@hirukilarroxa.eus).

Aritz LOIOLA | FOKU

«Hezkuntzan, orokorrean, garrantzitsuena hitz egitea eta entzutea da»

Unitate didaktikoei begira, nerabezaroan sortzen diren korapilo ugari ikus daitezke. Horiek askatzen jakiteak zoriontsuago egin dezake bat, ezta?

Bai. Unitate didaktikoetan galderak planteatzen dira eta hori oso garrantzitsua da, nerabeek pentsamendu kritikoa gara dezaten. Heterosexuala, homosexuala, transexuala... izan edo ez, galdera horiek beharrezkoak dira egunerokoan. Gure buruari galdera horiek egitea, etengabe gure kezkak behatzea eta gure zalantzak aztertzea beharrezkoa da.

Hezitzaileek eta gurasoek kezkaz bizi dute gaztetxoen sexualitatea. Sare sozialen leihoa kontrolatzen zaila da eta askotariko mezuak erraz sartzen dira barru-barruraino. Garrantzitsua da kontrapisua egitea, ezta?

Bai, beste eredu batzuk eskaini behar ditugu, eta horretarako, baliabideak behar dira. Hori da gure erronketako bat, batez ere sare sozial digitaletan eredu alternatiboak eskaintzea. Eredu horiek ez daude oso errotuta Euskal Herriko errealitatean, horietako asko nazioartetik datoz eta denak ez dira osasuntsuak. Beharrezkoa da hor kontrairaultza bat abiatzea.

Hezkuntza formalean zein informalean ere sexualitatearen lanketa berrikusi beharra dago, hezitzaileak orokorrean galduta daude, eta gurasoak antzeko. Sexualitatea oso modu intimoan eta indibidualean bizi dute eta gure lana horri buelta ematea da. Sexualitatea gizabanako bakoitzaren dimentsio bezala aitortu behar da, baina eredu sexual bat existitzen da eta hor jarri behar dugu fokua. Horretara datoz unitate didaktikoak, eredu sexual hori zabaltzera.

Sexualitatea intimitatean bizi da, bigarren edo hirugarren mailakotzat jotzen da askotan, baina errealitatea bestelakoa da: pertsona baten zoriontasunaren zutabe oso garrantzitsua da sexualitatea.

Curriculumak jasotzen du sexualitatea zehar-lerro bezala landu behar dela eta horren lanketa bermatu behar dela. Baina hori ez da gertatzen, hain justu, osagai pertsonala sartzen delako jokoan. Haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzaren arteko aldea izugarria da, baina batez ere irakasleen lanari dagokionez. Haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan ikasleen eta irakasleen arteko harremana askoz organikoagoa da, askoz gizatiarragoa. Bigarren hezkuntzan batez ere irakasleek deshumanizazio prozesu bat bizi dute, langileak dira eta oso ongi banatzen dute espazio publikoa eta pribatua, esparru profesionala eta informalagoa... eta egoera horretan sexualitatea lantzea bereziki zaila da.

Gurasoen kasuan maiz ez da erraza sexualitatearen gaia seme-alabekin modu irekian lantzea. Hor ere existitzen da armairu bat.

Bai, baina batez ere lehen aipatu dizudan eredu sexual horren ondorioa da, sexualitatea praktika erotikoekin bakarrik lotzen dugulako; bikote harremanean praktikatu daitezkeen zenbait konturekin. Baina sexualitatea, finean, giza harremanetan gertatzen den hori guztia da; emozioak, afektibitatea, gatazkak, desirak -ez erotikoak bakarrik-... hori guztia sartzen da sexualitatean. Hezkuntzak lantzen du hori, baina bigarren hezkuntzan lausotu egiten dela esango nuke.

Unitate didaktikoei esker, seme-alabek askotariko gaiak ekar ditzakete etxera, bestela akaso sortuko ez liratekeen elkarrizketak piztuz gurasoekin.

Bai, horrela da. Hezkuntzan orokorrean garrantzitsuena hitz egitea eta entzutea da. Horrekin nahikoa da. Gero kudeatuko dugu etortzen dena, baina oinarria hitz egitea eta entzutea da. Gainera, saiatu beharko ginateke haurrek gure etxeetan planteatzen dituzten gai horiek guztiak hezkuntza komunitatean zabaltzen eta partekatzen, inork ez duelako guraso izateko master bat egiten, ibilian eta akatsak egiten ikasten da guraso izaten.

Jendarte bezala, maiz sexualitatea gatazkekin, erasoekin eta albiste tristeekin lotzen dugu.

Bai. Guk azken urteetan prebentzioa lantzen dugu, baina arreta jartzen ari gara “probentzioan”. Prebentzioak etor daitekeen arazo baten aurrean erabiltzeko tresnak ematen ditu. “Probentzioa” askoz lehenagotik dator. Ez du fokua jartzen bizi dezakegun indarkerian, aintzat hartzen du bai ala bai biziko dugula indarkeria hori eta tresnak eskaintzen dizkigu hori kudeatzeko. Prest egon behar dugu edozein egoerari aurre egiteko.

“Probentzioa” da aurre hartzea zerbaiti jakinda bai ala bai gertatuko dela. Prebentzioaren logika honakoa da: indarkeria gertatu daiteke. Ez dakigu noiz, baina gertatzen bada, tresnak landu ditzagun. Oso tresna mugatuak izaten dira, egoera jakinari erantzuten diotenak. “Probentzioaren” logika beste bat da; aintzat hartzen du bizitzan indarkeria dagoela une oro, intentsitate maila desberdinean. Indarkeria ez da gertakari zehatz bat, une batean gertatu daitekeen zerbait, etengabe gurekin bizi da. Tresnei begira, horrek zabaltasun handiagoa eskaintzen digu. Tresnak ez ditugu poltsikoan gordeta gertatzen denerako, tresnak une oro aktibatuta ditugu.