NAIZ

EAE «eredu sozialaren Europako erreferentzia» dela defendatu du EAJk

Oihane Agirregotia Europako hauteskundeetarako EAJren zerrendaburuak bere alderdiaren gizarte eredua «Europako erreferente» gisa definitu du. «Aitzindariak» direla adierazi du eta «behetik gora, pertsonen bizitza hobetuz» lan egiten dutela defendatu.

Oihane Agirregoitiak, Europako hauteskundeetarako EAJren zerrendaburuak, Donostiako Zubi Etxe zentroa bisitatu du gaur goizean.
Oihane Agirregoitiak, Europako hauteskundeetarako EAJren zerrendaburuak, Donostiako Zubi Etxe zentroa bisitatu du gaur goizean. (EAJ)

Oihane Agirregotia Europako hauteskundeetarako EAJren eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak defendatu duenez, EAE «Europako gizarte ereduaren erreferentea da», «guztiontzako aukera berdintasuna bermatu eta kalitatezko enpleguak sustatu behar dituen babes ereduan» oinarrituta, baita «pobrezia eta desberdintasunak murriztea ere, pertsonek bizitza duinak izan ditzaten».

Donostian egindako ekitaldi batean, Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzalearekin eta Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako foru diputatuarekin batera, hautagaiak adierazi du «Europako eredu soziala» dela, «Batasunaren DNAn dagoen hori», eta «behetik gora, pertsonen bizitza hobetuz» eraikitako Europar Batasunaren alde egin du.

Ildo horretan, Agirregoitiak gogora ekarri du «Agirre lehendakariak Europa solidario bat eraikitzen» lagundu zuela eta, «euskaraz esaten dugun bezala, katea ez da eten».

Horrela, EAJk gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan garatzen dituen gizarte politikak «aitzindariak» direla azpimarratu du, «inor atzean utzi gabe». «Gure programak errealitatearekiko harreman estutik sortzen dira, eta horren adibide da Science Area Lab ekimen hau, gizarte modernoen kezka berrietako bati erantzuten diona, osasun mentalari, alegia», adierazi du.

«Esperientzia aberasgarriak»

Oihane Agirregoitiak azaldu duenez, ekimen honek 14 esperientzia jarri ditu martxan «lurraldeari itsatsita». Gainera, esperientzien emaitzak «arrakastatsuak» izan direla nabarmendu du, eta horregatik Europar Batasunak berak «Science Area Lab gomendatzen du estatu kideen politika publikoen diseinuan».

«Ondo egindako lanaren errekonozimendua, partekatua den eta Europan antzematen den lana. Europa behetik gora eraikitzen dugu, pertsonen bizitza hobetuz», amaitu du.